Inaki Galdos
ARKUPEAN

Poz aldrebesa

2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Barkatuko ahal dit Juanjo Olasagarrek bere azken nobelako izenburua lapurtu izana, baina zinez esamolde egokia iruditu zait hona hizpide ekarri nahi dudan gaia deskribatzeko. Hori bai, azal dezadan bi hitz horietan bukatzen dela parekotasuna, arbizuarrak Joseba izeneko bere protagonistaren baitan jarritako poz aldrebesaren sentimendua ezberdina delako eta askoz ere hobeto azaldua dagoelako, horregatik da idazle laudatua. Bide batez, konpli da gehitzea 2017an Susa argitaldariaren eskutik plazaratutako narrazio honetan badaudela izurrite garaian sekulako gaurkotasuna irabazi duten bi gai, inoiz galdua bazuten: doluarena eta zaintzarena.

Pasa den astean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatsi zuenean Eusko Jaurlaritzak mantendu nahi zituen hainbat neurri ezin zituela hartu, poza disimula ezinik sumatu genuen hainbat jende, auzitegi horrek berak azken hilabeteetan antzerako beste hainbat erabaki hartu zituenean bezala, portzierto. Ororen gainetik Gasteizko gobernuak —zehatzago: Urkulluk eta EAJk— hartutako ostikada zuten hauek alaitasunaren iturri, erabakiaren beraren edukian minutu erdi galdu gabe, egoera hori sortu duen Madrileko gobernuari gehiegi erreparatu gabe. Kalkulua beti da berdina: gure arerioa higatuko duen edozein erabaki berez da ona, datorren tokitik datorrela, datorren moduan datorrela. Eta nahiz eta sarri erabaki horiek gure erakunde eta autogobernuaren kontra jo.

Erabakiak ez ezik, pertsonak sinesgarri bihurtzeko gaitasuna ere badu jokamolde honek. Urrutira joan gabe, pasa den astean Kantabriako presidente Miguel Anjel Revillak Iñigo Urkulluk ustez jakinarazi zion erabaki baten berri eman zuen prentsaren aurrean. A ze poza batzuena, a ze festa sareetan, lehendakaria agerian utzi zuelako ahobero hark. Urkulluk gezurtatu egin zuen guztia, baina nori sinetsi? Revillari, jakina, hala komeni zaigu eta. Handik egun batzuetara berea gaizki-ulertua eta interpretazio okerra izan zela argitu zuen kantabroak, baina ez beza inork pentsa gure artean inork atzera egin zuenik eta hasierako bere kritikak zuzendu zituenik gezurra agerian geratu zenean.

Eta ez da txikiagoa hainbat kargudun publikoren jarduera desegokien aurrean ikusten ari garen erromeria. Izan dira tranpetan txertoa hartukoak, izan dira tranpetan harrapatutako zinegotziak, eta agian iritsiko dira gisa honetako gehiago ere. Oso deigarria egiten zaigu ikustea nolako saiakerak egiten diren gai pertsonal batzuei dimentsio politiko izugarria ematen, nahiz eta oker jokatu duten ordezkari horiekin alderdiek berehala neurri egokiak hartu dituzten. Deigarria egiten zaigu ikustea nola pentsatzen duten askok sekulako pagotxa dutela esku artean horrelako kasu bat ezagutzen dutenean, nola gupidarik gabe jokatzen duten hanka-sartzea egin bai baina neurri horretako erasorik merezi ez dutenen kontra.

Gauza nabarmena da izurritea hasi zenetik gu guztion jarrera erabat aldatu dela; neke pandemiko gisa bataiatu dute adituek gertatzen ari zaiguna eta, besteak beste, bozkarioak hartu du protagonismoa. Egoera honetan oposizioek gobernuei eta gobernuek oposizioei egin beharreko proposamen, kritika eta jarraipen guztietan, badaude batzuk denbora gutxiena eta garrantzi txikiena merezi dutenak, baina bistan da kontrakoa ari dela gertatzen. Pertsona eta jendarte gisa hobeak aterako ginela iragarri ziguten —iragarri genion geure buruari—, baina susmoa daukat jarrera aldrebesak ari direla protagonismoa hartzen gurean, areriotzat hartzen diren horien estualdi, hanka-sartze edota hutsegiteekin sortzen den poz ezkutaezin bezain aldrebesa, matematikoki kaltea eurena —eta etekina gurea— izango den ustean oinarritua. Baina bistan da ez dela beti horrela izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.