Inaki Galdos
ARKUPEAN

Udaberriak

2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Urteurren borobil ororekin gertatu ohi den bezala, ez dira gutxi izan maiatz honetan duela hamar urteren bueltan mundu zabalean gertatutakoa gogoratzen irakurri ahal izan ditugunak, memoria eta malenkonia dosiak nahastuta eskaini dizkiguten azterketa interesgarri askoak tarteko. Lehenagotik abian ziren udaberri arabiarra deiturikoa eta Greziako mobilizazioak testuingurua kokatzeko aipatu izan badira ere, Espainiako —batez ere Madrileko— maiatzaren 15eko egunarekin bataiatutako M-15a izan dute batez ere hizpide lan horri heldu diotenek.

Onar dezadan baliagarria suertatu zaidala hau guztia hainbat oroitzapen freskatzeko eta hainbat irakurketa errepasatzeko. Argitaratu berria den libururen batek barre algararen bat ere atera dit, gaiaren inguruko Ernesto Castroren ekarpenak adibidez (Bide batez, deigarria da ze protagonismoa hartu duten sareetan, batez ere YouTuben, Gustavo Buenoren jarraitzaile eta jarraitzaile ohietako dezentek). Maiatz hartan askoren ahotan izan ziren Stéphene Hessel edota José Luis Sampedro bezalako protagonistak itzuli zaizkigu memoriara, baita, beste arrazoi batzuk medio, Laclau, Zizek eta enparauak ere.

Horrekin batera, errepikakor samarrak diren eztabaida batzuen berpizteen testigu ere izan gara. Ororen gainetik, Podemos mugimendu/koalizio/alderdia M-15aren oinordeko naturala, ebaslea edo ze arraio den. Txutxu-mutxutik gertuago dauden hainbat kronika ere ikusi ditugu orduko hainbat lider orain zertan ari diren erakutsi digutenak, eta olatu haren babespean jaio ziren hainbat medioren erradiografia ere eskaini zaigu. Dena klabe espainolean, jakina.

Izan da, haatik, duela hamar urteko udaberri(ar)en euskal aldaerari buruz jardun duenik ere. Hasier Arraizek artikulu interesgarri baten bidez eta Ion Ansak sareetako bere jardunean tesia plazaratu dute: gure udaberriak izen bat eduki zuen: Bildu. Baieztapen borobil horrekin batera, biek ala biek azpititulu bertsua: horregatik ez zuen izan aparteko arrakastarik gurean M-15ak. Ekarpen interesgarria garai hartan lehen lerroan zeuden bi protagonista hauek eginak. Utz dezagun euren baieztapenaren bigarren zatia beste baterako, baina ez eztabaidagarria dela esan gabe, hau da, San Isidro egunez Madrilen hasitako hark guztiak hemen izan zuen eragina ezin dela gutxietsi azpimarratu gabe. Hel diezaiogun, beraz, mamiari.

Ukaezina da 2011ko maiatzeko hauteskundeetan ziklo berriari ekin ziola Euskal Herriak, bereziki Hegoaldeak. Sekulako emaitzak lortu zituen Bildu izeneko koalizio berriak, gorabeherak gorabehera oraindik ere indarrean dagoen joera bati hasiera emanez. Sukalde lan izugarria izan zen gainera protagonista horiek aurretik egin zutena, batez ere Ezker Abertzaleak, Arnaldo Otegik grafikoki ziaboga gisa definitu zuena. Hurrengo hilabeteetan ere gertaera historikoak izan ziren gurean, ez gara hemen hasiko denok ezagutzen ditugunak errepasatzen. Beraz, argi luzeak piztuta, ez da astakeria pentsatzea agian hemengoak eragin handiagoa—eta iraunkorragoa— izan duela gurean Madrileko akanpada hartan hasitakoak Espainian baino. Kontua da, ordea, Hasier Arraizek bere artikuluan erabilitako aditza hona ekarrita, ea gurea gainerako udaberriekin konektatzerik dagoen, ea stricto sensu hemengoa udaberritzat hartzerik dagoen.

Bada, duela hamar urteko maiatzean modu hartan kokatu zituzten protagonisten dokumentuak irakurrita (Zutik Euskal Herria, Lortu arte, Nafarroa aldatzen...) ez da gainerako udaberrien agendekiko antzekotasun handirik ikusten, besteak beste—edo batez ere— udaberri haiek egoera bati buelta emateko exijentzia sutsuak zirelako eta hemengoa biolentzia egoera luze bati buelta eman izanaren inguruko ilusioa, hala esaterik badago. Ez zirelako gauza bera han-hemenkako mugimenduen sumindura eta hemengo jendartearen zati handi baten poz eta itxaropena. Barka bezate gai hauek nik baino hobeto aztertu dutenek, baina aldiberekotasunetik at, zaila egiten zait mugimendu historiko horien arteko konexio handiegirik aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.