Inaki Galdos
ARKUPEAN

Alderdien egunak

2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Pasa berri dugun asteburuan EAJren Alderdi Eguna ospatu da gure artean, eta PCE alderdi komunistaren festa Espainian. Biak ala biak urte berean sortuak dira, 1977an. Jelkideek —zehazki, Iñaki Anasagastik— Venezuelatik ekarri omen zuten ideia, hango AD eta COPEI alderdien ospakizun bertsuen gisara antolatzeko. Eurentzat, baita abertzalegoko beste hainbat jenderentzat ere, Aralarko San Migelek duen (zuen?) garrantzia izan zen lehen edizioa santutegi hartara deitzearen arrazoia, baita betirako aukeratutako iraileko data ere. Duela urte batzuetatik Forondan dute habia egina; baita tokiko lurrak erosiak ere, gaiari ematen dioten garrantziaren seinale.

PCEkoak, aldiz, ez dira ados jartzen urte hartako zein har daitekeen lehen ediziotzat. Batzuek diote Santiago Carrillo Torrelodonesera helikopteroz iritsi zeneko ekainekoa izan zela; beste batzuek, ordea, urrian ospatutakoak eman ziola hasiera jaiaren historiari, ekainekoa beste gauza bat izan zela. Gorabehera askorekin —tokitan geratu ziren, adibidez, garai bateko kontzertu izugarri jendetsuak— bizirik dirauen urteroko zita da. Kontua da zenbat geratzen den, Alderdi Egunaren eta antzerako beste hainbat ospakizunetan bezala, hasierako espiritu hartatik. Beste era batera esanda, ea baduten zerikusirik gaur egungo alderdiek orduko alderdiekin, nahiz eta sarri sigla berak izan. Ez gara urrutiago joango, alderaketa gordinagoa gerta ez dakigun, adibidez duela laurogeita hamar urteren bueltan alderdi asko benetako komunitateak zireneko garaietara, euren ikastegi, kultur eta kirol talde edota elkartasun erakunde eta guzti.

Daniel Innerarity da gaiaren inguruan gehien teorizatu dutenetako bat. Bere ustez ustelkeria, gehiegizko botere egarria, barne gatazkak eta abar luze bat joan dira sortzen alderdiekiko mesfidantza eta urruntzeak jendearen baitan. Luigi Bersanik Italian kontatu zion bitxikeria esanguratsu bat entzun izan diogu filosofo bilbotarrari. Partido Democratico dena sortzen ari zirela inor gutxik nahi omen zuen alderdi sortu berriaren izenean Partido hitza agertzea, hori bera nahikoa izan zitekeelako zama handiarekin jaiotzeko. Horrekin batera, Innerarityren ustez, gizarte likido honetan (barkatu, agindua nuen ez nuela hitz hori berriz erabiliko) ematen ari diren etengabeko aldaketa eta ezegonkortasunak ez dira alderdien lagun izan, eta hauek eredu berriak ezartzeko saiakerak egin badituzte ere (atxikimendu eta parte-hartze forma berriak adibidez) ez dirudi alderdiak biziberritzeko baliagarri izan direnik. Kontuz, uler bedi biziberritze gisa alderdien barne bizitza, gogoeta eta eztabaida ideologiko eta estrategiko mamitsu bezain jendetsuak eta hori guztia; ez arrakasta elektorala, hori beste kontu bat da.

Azken lerrokadako protagonista izan dugunarekin bukatzeko, etorkizunean alderdi politikorik izango den galdetu izan diote. Berak beti baietz erantzun, egongo direla, alderdi (eta sindikatu) txarrik gabeko eszenatokia baino okerragoa dela alderdirik (eta sindikaturik) gabeko eszenatokia. Hori bai, espazio publikoaren garai bateko kontrola dagoeneko galtzear dutela guztiek, eta hori ez dela itzuliko. Alderdiak izan bai, baina ezberdinak izango direla, izaten ari direla.

Asteburuko alderdien egunek sortutako gogoetak dira hauek. Jarraituko dute antolatzen jelkideek, komunistek eta beste hainbatek (itzuliko da aurten ospatu ez den Alkartasun Eguna ere), eta sarri izango dira jai arrakastatsuak. Baina iruditzen zait bertaratzen direnetariko beteranoenek sarri esango diotela elkarri alderdiaren eguneroko bizitza eta izaera ez direla berdinak, ezta kideen eragina ere. Faltan botatzen dutela alderdi politiko bati izana ematen dion ezaugarri nagusienetako hori. Nahiz eta batzuetan hauteskundeetan arrakasta izan, hori beste kontu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.