Inaki Galdos
ARKUPEAN

Urrutiko intxaurrak

2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun

Hauteskunde eguna izan zen herenegungoa Nikaraguan. Atzo han-hemendik hartutako informazio eta balorazioekin kikuka ibili ondoren, gaurko egunkariek diotenaren zain nago, tartean BERRIAk. Buru hainbat aburu egongo dela seguru, nahi beste gainera, baina ezin ukatu Aitor Txabarrik Costa Ricatik bidalitako kronikan larunbatean zioena egia borobila dela, oposiziorik gabeko bozak izan zirela, hain zuzen ere. Egun berean, hemen bertako Iritzia sailean, hauteskundeei buruzko premiazko irakaspenak eskaini zizkigun Walter Wendelinek ekarpen interesgarri batean.

 

Askapena erakundeko militante honek errieta ere egin zien Euskal Herritik hangoari buruz iritzia ematen dutenei, hitz gogorrak erabiliz gainera. Aholkuak emateko edota kritikatzeko autoritate morala ere ukatzen zion hemengo ezkerrari. Beraz, txintxoa izango naiz eta ez dut iritzirik emango; gainera ez dut Wendelinek aipatu zuen materialismo zientifiko dialektikotik errealitaterik analizatzeko gaitasunik, barka bezate irakurle jantzienek nire gabezia. Beraz, Nikaraguarekiko inguruan entzuten dudana aipatu besterik ez dut egingo, ia-ia notario gisa. Izan ere, unerik gogorrenetan han borrokan ibilitako jende asko —batzuk urte luzez gainera— gertutik ezagutzeko zoria ere badut, eta guzti-guztiek gaitzesten dute gogor Daniel Ortegaren ibilbidea. Eta ez, bat bera ez dago hedabide nagusien eraginpean, badute ezagutza zuzena, badute beren kabuz pentsatzeko gaitasuna.

Datorren igandean Argentinan dute bozka eguna, iraileko primarioen ondoren. Lehen txanda hartan jipoia hartu zuen agintean dagoen peronismo/kirchnerismoak (luzeegi joko liguke bi hitz horien inguruko ñabarduretan sartzeak, benetan gai interesgarria den arren). Legealdi erdiko hauteskundeak dira, baina sekulako garrantzia dute, bai 2023. urteko presidentzialei begira eta bai ordura arte hartu beharreko hainbat erabakiri begira. Iraileko emaitzei hainbat tokitan buelta emateko itxaropena duten arren —batez ere Buenos Aires probintzian—, dagoeneko euren garai bateko boto-emaile askorekiko duten higadura izugarria da.

Lehen orain baino gehiago, baina beti egon da Europa osoko ezkerrean kirchnerismoarekiko horrelako lilura bat, Ernesto Laclauren jarraitzaileen artean nagusiki. Iñigo Errejon espainiarrak sarri du aitortua hori, eta Euskal Herrian ere entzunak gara antzerako gogoetak ezker independentismoaren inguruko hainbat pentsalariren ahotan, lehen orain baino gehiago kasu honetan ere. Egia esan, hastapenetan izan ziren ekarpen interesgarriak eta La Cámpora bezalako gazte mugimendu deigarriak, besteak beste. Kontua da, ordea, mugimendu haren, familia haren eta bere inguruaren bilakaera ikusita oso zaila egiten zaiola bati xarma horrek oraindik ere nola iraun dezakeen ikustea. Ustelkeria izugarria, gehiegikeriak, nepotismoa eta abar luzea. Zerbaitegatik joan ziren urruntzen ondoko Estatuetako ezkerreko hainbat agintari. Eta horregatik ari da indartzen, beste batzuen artean, FIT izeneko ezkerreko frontea.

Igandetik igandera, Nikaragua eta Argentina. Horra hor bi Estatu eta bi hauteskunde, egoera erabat ezberdinean, baina agintariekiko antzekotasun bat aurkitzen dieguna. Esan nahi da, hona iritsi nahi nuen, Hego eta Erdialdeko Amerikako ezkerreko mugimenduen inguruko zerrenda eta azterketak irakurtzen ditudanean gero eta zailago egiten zaidala gaur hona hizpide ekarritako biak beste batzuekin batera ikustea, talde berean. Badaude gehiago, baina orain hauteskunderik ez dutenez, ez daukat ur handiagotan sartzeko beharrik, nire zorionerako.

Agian urrutiegiko intxaurrak direlako gabiltza erratuta horrela pentsatzen dugunok; edo kontrakoa diotenak, hori ere izan daiteke. Walter Wendelini jaramon eginez, ez dut aholkurik eman, ez dut ezer kritikatu: zalantza bat eta harridura bat azaleratu besterik ez ditut egin, nire uste apalean gero eta jende gehiagok dituen zalantza eta harridurak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.