Maitena Salinas Beiztegi.
ARKUPEAN

Bizi ala iraun

2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Azkenaldi honetan badabilkit buruan bueltaka, jada erdi zorabiatuta, gizakion jarreraren inguruko pentsamendu bat. Gure zentzugabekeriaren muga non ote dagoen galdetzen diot unibertsoari, eta honek, bere zabaltasun bukaezin horretatik, gure ergeltasuna ere amaigabea dela erantzuten duela esango nuke. Ez nazazue gaizki ulertu, ez bainuke nire estreinaldiko artikulu honekin Arkupean ataletik inor samindu nahi, baina bada azkenaldian berri zaparrada ugari non gure iparrorratza galdu dugun seinale argiak diren.

Egia da pandemiak gupidarik gabe astindu gaituela, gure sinesmenak dantzan jarri eta gure desirak birmoldatu dituela. Baina arerio ikusezin hau gure etxean sartu da, hamarkaden poderioz berarentzako anfitrioi ezin hobeak bihurtzeko ahalegin sutsua egin dugulako. Lurraren ustiatze prozesu etengabea normaltzat hartu dugu, gure amari dena eskatzen diogun moduan, berarengandik dena jasoz, eskergabeko seme-alabak bihurtzen joan garen heinean. Baina hau, guk eragindako eta entzuteaz hain aspertuta gauden krisi klimatikoaren begi keinu bat besterik ez da izan, eta planetak bere sistema immunologikoa martxan jarri du kalte egiten dionari aurre egiteko: gu.

Prozesu hau errotik ulertu beharrean, eta denak bat eginik irtenbide bat bilatzen hasi baino, bizirauteko kit-ak erostera ateratzen gara kataklismoaren esperoan, Bielorrusiaren eta Poloniaren arteko mugan kateatuta dauden gizabanakoak bortizkeria jasanezina pairatzen duten bitartean. Austriak eta Txinak aurreratu duten itzalaldiaren aurrean, kanpin gasak erostera ateratzen gara Gabonak bailiran, Mexikoren eta AEBen artean, gizakiak markatutako limite horretan, gauez, zenbatu ezin diren umeak desagertzen diren bitartean.

Interneteko oihanean lurraren emankortasunetik bizirik irauteko formakuntzak areagotzen ari dira, Afrikako gosearen gerrikoan, Sahelen, bueltarik gabeko basamortutze prozesua aurrera doan heinean. Munduko kosta honetatik itsasoaren gorakadari beldurrez begiratzen diogu, beste askoren gorputzak lurperatu baino urperatzen diren bitartean, beraientzako lur zatia ez baitago gure politiken lehentasunen artean.

Dena dago merkatu librearen baitan, dena salgai, emakumeen gorputzak ere munduko edozein tokitan gizonek eskubide hori ere izan dezaten; hori bai, Mantxako kanalera pasatzeko kayakak ezin dituzte migratzaileek erosi, guk dugun etorkizun batekin amesteko atrebentzia ere izan ez dezaten.

Badago gure tentelkerian ere xalotasunik. Guri sekula pasatuko ez zaigun ustea, gure politika eta ekonomia sistemek usteltzera daramatena. Mundu globalizatuan biziraute indibidualari bai esaten diogu, kolektiboari ezezkoa emanez. Hau marka! Milaka urte dituen patriarkatuak eta bere bikia den kapitalismoak, egoera honetara ekarri gaituen sinesmen eta aurreiritzien multzoen estrukturak alegia, desegite prozesu batera garamatza, bizitzaren kontra baitago eta sekula ez alde, aukera ezberdintasunetatik egundoko negozioa egiten.

Bizi ala iraun edo-eta bizi eta iraun. Batetik besterako saltoa egiteko gizartean denontzako tokia egon daitekeen baieztapena praktikan jartzeko garaia iritsi da, gure abantailen deuseztapenean gogor arituz, horiek baitira beste izaki bizidunen eskubideen zapaltzaile nagusiak. Baina, horretarako, denok pronto egon beharko dugu gurea ez dena bueltatzeko. Denok adi beste era batera bizitzen trebatzeko. Denok gai desikasteko. Eta denok prest, eskubideak eta pribilegioak zer diren ez nahasteko. Agian orduan, duintasunak ere balore-burtsan kotizatzeari utziko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.