elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Negurako bazka

2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Liburu baten inprenta probak zuzentzen. Gustukoa dut gazapo ortotipografikoen ehizan ibiltze hori. Orain tipografiaren garaian baino samurragoa da, PDFak berak eskaintzen baitu aukera oharrak sartzeko. Eta, hala ere, lehen bezala orain, testua errepasatu behin eta berriz, eta beti aurkituko duzu aurrekoetan ihes egin dizun akatsen bat: soberan edo faltan dagoen hizki bat, tokiz kanpoko kakotxak, auskalo non galdu den galdera ikurra...

Azken aste eta hilabeteotan beste asko ere ibiliko ziren langintza horretan, Durangok markatzen duen euskal liburugintzaren gailurrera bidean. Gainera, aurten beste arazo bat ere azaldu omen da inprimatze lanetan eta diskoen ekoizpenean: materialaren eskasia eta, segidan, garestitzea. Globalizazioaren ondorioa, ulertu dudanez. Hala ere, badirudi Azokara hutsik egin gabe iritsi direla aurreikusitako liburu, disko eta abarrak.

Durangoko uzta negurako prestaketaren barruan sartzen da. Garai batean ganbaretan indibabak eta sagar errezilak pilatzen zituzten bezala, gaur egun beste elikagai batzuk eskuratu eta metatzen ditugu barru girorako. Musikarekin hasi dut nik aurten horniketa. Kanpoko negu beltzari Ruper Ordorikaren Amour eta toujours CDak jartzen dio ifrentzua. Izan ere, Kuban kokatzen zaitu diskoak: Baracoa, Mariel, Marinao; Coppeliako izozkiak eta Sarrionandiaren kale deskripzio ikusgarria hitzaren zentzu bikoitzean: «Ilaran bizikleta txinoa/ eta ilobatxoa eskutik/ heltzen duen agurea/ eta haren atzetik/ neska bat alkandora gorriaz/ besapean irrati handia/ daraman mutiko beltzaren atzean». Hori dena erritmo eta doinu kubatarretan bilduta. Xabier Leteren Habanera gogora («Antillak zintzilik daude...»). Baina hura hemendik eginda zegoen; Amour eta toujours, aldiz, Kariben gauzatzen da. Bitxia euskara nola egokitzen zaion son-ari. Edo nola moldarazi duen Ordorikak: «Horrek eskatzen dizu beste fraseo bat, beste modu bat kantuari begiratzeko» (BERRIA, 2021-12-02).

Joseba Tapiaren eta Koldo Izagirreren Egon edo ez egon diskoa Et Incarnatus orkestrarekin eta beste hainbat musikarirekin dator. Koldo Izagirreren letrek ironiaz gainezka egiten dute, hitz jokoak arma gisa, norabide guztietan jaurtiz gezi bihurri pozoidunak: Abiadura Hutseko Trenean abiatu, Gudazkenetik eta Gure Esku Dagotik pasa, Xalo xalo ibili, Zikinaga S.A.-ra iritsi eta... Zozoa bezain zozoa erremate gisa. Tartean badira «hamaika emakume garratz», Nerbioiko zirgariak hain zuzen ere. Osotara, deskarga elektrikoak dira kantak, zein baino zein zartako indartsuagoarekin, nahiz eta Tapiaren ahotsak ukitu naif itxurakoa erantsi eta musikariek zelofanetan biltzen dituzten mezuak. Herri honetan kabaretik izango bagenu, han eman beharko lukete kontzertua Tapiak eta tropa osoak.

Liburuetan Goizalde Landabasoren Krakovia nobelarekin nabil. «Azken hitza»-n egiten duen esker emateak »Osasungintza publikoan sinesten eta lanean ari diren guztientzat [...] Batik bat, Basurtuko ospitalean ezagutu nituenentzat» agerian uzten du egileak berak bizi izandako gaixoaldian oinarritzen dela kontakizuna. Landabasok, ordea, errealitatea fikzioarekin janzten du, umore sarritan beltzez mozorrotzen du; erreferentzia literario, zinematografiko eta musikalez atontzen du, eta... ospitaleko egonaldiaren kronika bizitzaren eta heriotzaren arteko muga uste baino lausoagora eramaten du.

Ia mila liburuk eta ehun eta piko diskok osatu omen dute Durangoko aurtengo uzta. Hurrengo hamabi hilabeteetako gosea berdintzeko nahikoa. Faltan, literaturan, idazle kontsakratuen lanak. Belaunaldien arteko erreleboaren seinale? Bide batez, harritu egin nau Almudena Grandes idazle espainiarraren heriotzak zeinen oihartzun gutxi izan duen euskal munduan. Aipamenak adin bateko emakumeen aldetik etorri dira gehienbat. Belaunaldien eta generoen arteko arrakalak hor ere?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.