garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Kresala eta gasoila

2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Hendaiak duen gauzarik onena hondartza dela pentsatuko dute askok (beste askok berriz, hori duela gauza on bakarra, perspektiba kontuak). Niri ere antzeko zerbait iruditzen zitzaidan inguruotara bizitzera etorri berritan. Alegia, hondartza burbuila ezin egokiagoa zela niretzat, eta ez zegoela toki atsegingarriagorik itsasoaren hegalak, eguzki printzek eta jende erdi biluziek osatzen dutena baino, hantxe bi oinak jarri orduko, opor betean sentitzeko, eta hortaz, lanetik eta eguneroko gainontzeko betebehar gogaikarrietatik urrun. Aski nuen txurro-saltzailearen orroak entzun, turista zurien larru gorrituak eguteraren frenesian are gorritzen ikusi edo hondarraren beroa oinen pean sumatu, nire kezkez beste egiteko, une batez dena ahazteko. Eta hori guztia, etxetik mugitu behar izan gabe ia. Hendaiako hondartzak bazuen ahalmen hori, bai. Baita neguan ere.

Egun, urteak daramatzat hara joan gabe. Ez dut harea alerik zapaltzen, ez bada oso noizik eta behin; ez bada, egun goibeletan eta jenderik nekez biltzen den orduetan. Batetik, eskutik gustuen eramango nukeen adiskide minari ez zaiolako han ibiltzen uzten. Zakurra izaki, debeku zehatza duelako urte osoan, informazio paneletan hizki larriz nahiz ikurrez argi ageri denez. Eta bestetik, hurreratzearekin batera oporretan bezala sentitzeko ilusio faltsu hura berehala zapuztu zelako. Orain, lasai eta oporretan baino errazago, beste gainerako lekuetan bezala sentiarazten nau. Alegia, arrotz eta ezeroso. Surflariak nagusi eta jabe bilakatu diren parke tematikoan, zakur. Jada ez dut oporretan lortu nahi izaten dena lortzen: pentsatzeko makina geldi dadin, bakea eman dezan, goxa nadin.

Hortaz, izango da hondartzak sinbologia hori galdu duelako. Eta izango da, mendiak ere ez didalako misio horretan sekula balio izan. Izango da, arrazoi horiengatik edo auskalo zein apetagatik, baina niretzat, bakantzek, errepide usaina dute orain.

Zortez, tokirik aproposenetako batean bizi naiz horretarako ere. Autopistarik garestienetakoak ditut ezker-eskuin, baita turista klasea ez den bidaiari ugariena ere, nonahi: garraiolari jendea. Gora eta behera dabiltzan horiei guztiei begira, gune bitxi ugari ditu bailarak. Tartean da nire gogokoena, Behobiako Venta Peio. Kamioilarientzat autopistaren ertzean eta garraio-zentro baten abaroan eraikitako zerbitzu-gunea da, restop moduko bat, farmazia izan ezik, gainerako gehientsuena eskaintzen duena, astegun buruzuri nahiz jaiegun izan. Hasteko eta behin, gasolindegia. Eta haren alboan, jatetxea, supermerkatua, jantziak, lurrinak, oparitarako jeneroa...

Azken boladako estutasunak arindu eta une txiki batez opor sentsazioa berritzeko asmoz eta bide batez Nafarroako txistorra erosteko helburuz, hara abiatu ginen bikotekidea eta biok, igande goizean. Bidean gindoazela, aurreko aldietan aurkitu izan dugun publikoa imajinatu genuen hango kafetegiko terrazan: garraiolari errumaniarrak, poloniarrak, eslovakiarrak, alemaniarrak hizkuntzaren arabera multzokatuta eta mahaietan barreiatuta. Imajinatu genuen, aurrekoetan bezala, haien artean kokatuko ginela geu ere, kafesnea eskuan eta haien zigarro kea inguruan, merke-xuhurrean Europa Ekialdeko restop batera iritsi izan bagina bezala.

Horren ordez, gizon kankailu bat jarri zitzaigun alboan, Corto Maltesseren gisan jantzia baina ingurukoa ez ezik, betiko bezero ere izan behar zuena, hitz erdirik esan aurretik jarri baitzion barrako zerbitzariak garagardoa eskura. «Zuk uste! egin zion kexu gaztelaniaz, garagardoak ezpainak busti baino segundo bat lehenago. Emazteari bost euro eskatu, eta utikan bidali nau. Ia 50 urte ezkonduta, eta honetarako!».

Oso gogaitzen duen errutina gaindosia hartuta itzuli ginen etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.