Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Apetak

2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Nire alaben nerabezaroan Jonas Brothers taldeak (gure Joselu Anaiak taldearen antzik ez, izenez senide diruditen arren) arrakasta handia zuen, eta horri esker ezagutu nuen hirukotea, Nick Jonas buru zuena. Priyanka Chopra aktorearen trazarik ez nuen, alta. Berriki jakin dut abeslaria eta aktorea alaba baten guraso izan direla, biak izar handiak izanik, munduari jakinarazi baitiote milioika jarraitzaile dituzten sare sozialen bitartez. Mezu soila da, baina zehaztasun harrigarri batzuk ematen ditu. Beraiek kontatuta dakigu, adibidez, aspaldidanik zutela guraso izateko gogoa eta hilabete batzuetan saiatu zirela beren konpromiso profesionalak antolatzen zeregin horri dagokion denbora aurkitu ahal izateko. Ikusirik ez zirela gauza antolatzeko, hau da, beren egutegiek zirrikiturik ez zutela apenas uzten haurdunaldi naturala bat sortzeko behar den dena delakoa egiteko, haurdunaldi subrogatua hautatu dutela guraso izateko bide azkarragoa delako, eta halaxe heldu zaiela umetxoa. Onik daude hirurak, bide batez esanda.

Ez da hau lehen kasua, eta ez da azkena izango. Inguruan galdetu dudanean horrelako gehiagoren berri ba ote zuten, zerrenda aski luzea eman didate, prentsa arrosan entzute handikoak diren izen askorekin. Gehienak, oraingo bikote honena bezalaxe, lau haizeetara zabaldutakoak.

Edonola ere, gehien harritu nauena da haurraren berri emateko zabaldu duten oharrean horren argi azaldu izana errentapeko haurdunaldiaren bide horretara zergatik jo duten, eta esaldi horiek jariatzen duten balizko normaltasuna. Guztiz eztabaidagarriak dira beste zenbait kasutan ordainpeko haurdunaldien alde esan izan diren argumentuak, baina askoz gordinago ikusten da horrela. Izan ere, oraingo honetan ez dago biologikoki guraso izatea ezinezko duten pertsona edo bikoteren balizko eskubideen aldarrikapena, ezta dohaintza altruistaren oihartzunik ere. Egoera honek, aurretik izan diren beste hamaikaren antzera, biluzik agertzen du haurdunaldi subrogatuen auziaren gordinkeria. Salerosketaren esparru soilean lagatzen du auzia.

Bikoteak ez du denborarik aurkitu gurasotasun-desio hori elkarrekin eta bitarteko propioez betetzeko, baina hori ez da oztopo. Izan ere, bere gorputza besteren apeten zerbitzura jarriko duten emakumeak aurkitzea ez da zaila, itxuraz. Agentzia mordo bat dago nonahi, eta ez dut uste kasualitatea denik munduko mapako bazterrik txiroenetan egotea alokairuzko sabelen negoziorik handienak. Logika kapitalistaren ondorio zuzena da, beraz, bikote gazte eta dirudun honek hartu duen bidea: ez daukazun zerbait erosteko aukera baduzu, salduko dizuna topatzea baino ez da falta, handik aurrerakoa, prezio-kontu hutsa izango baita. Denbora da diruz eros ezin daitekeen ia ondasun bakarra. Oraingoz, behintzat, ezin dira hilabete edo urte batzuk erosi, munduko beste puntan bizi den norbait hori ere saltzeko prest legoken arren. Denbora besterenezina da, asko balio du, baina ez dauka preziorik; bai, ordea, emakumeen eskubideak, are gorputzak. Pobreziak eta askotariko menpekotasunek merkatu handia sortu dute horretarako, salneurri lehiakorrak, kalitate-bermeak eta baita itzulketa-politika zehatza eskaintzen duena ere.

Beti egongo da munduan besteen apetak betetzeko orduan bere burua eskainiko duenik, kapritxo horiek ordaintzeko diru nahikoa duten erosleei zernahi emango diena, salbuespenak salbuespen, bizirautearen truke. Biribila biribildu egin dute: apetak eskubide bilakatzen direnean, eskubideak salgai daudela onartzea beste erremediorik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.