elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Lengoaiak versus gorreria

2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Emakumea kameraren aurrean; hasten da hizketan, botatzen du esaldi bat, eta bigarrenean trabatu egiten da. Horrela behin eta berriz, hiruzpalau aldiz. Emakumea Celes Alvarez da, 1980an Iparraldean desagerrarazi zuten Jose Migel Etxeberria Naparraren ama; semeari buruz ari da Celes Alvarez Bolante baten historia (2021) dokumentalean. Lan honen egileek –Iñaki Alforjak eta Iban Toledok– huts egindako hartualdi horiek bere hartan sartu dituzte. Ikusleari ez zaio iristen hitz eten horietan Celes Alvarezek esan nahi lukeen guztia; bai, ordea, adierazi nahi duenaren mamia. Areago, huts egiteek emakumeak urteetan jasandako sufrimendu infinitua islatzen dute, eta semearen atarramentua argitzeko borondate irmoa helarazten diote ikusleari.

Izan ere, komunikazioa ez baita berba edo eleetara mugatzen. Komunikazioa ez da hitzak ebakitzea bakarrik edo solasean aritzea, aurrez aurre nahiz tramankulu digitalekin. Komunikazioak adierazkortasuna darama bere muinean, baita berbeta eten eta isilunea gauzatzen denean ere. Gorputzeko jarrera eta keinuekin uste eta nahi baino gehiago adierazten dugu sarritan. Mintzoa ez baita adierazpide bakarra; gizakiak lengoaia mota asko garatu ditu bere bilakaeran; artearena da horietako bat.

Rosa Valverdek (1953-2015) koadroak margotzeaz gain, Arte kaxak egin zituen bere ibilbidean zehar. Pintura lanen ondoan azaltzen zirenean erakusketetan, bigarren mailako sortze-lanak ziruditen, osagarriak. Orain, Donostiako San Telmo museoan arte kaxak bakarrik jarri dituztenean erakusketan, kaxa horien entitatea azaleratzen da bete-betean.

Valverderen kaxen sorreran suma daiteke nerabezaroan edonork eduki dugun kaxa sekretu hori: lore lehor bat, luma koloretsua, hondartzan aurkitutako oskola, etendako lepoko baten puskak, postalen bat... gauza ezdeus bezain kuttunak; norberaren altxor sentimentala. Hala dio Isabel Sagues erakusketaren komisarioak katalogoan: «Umetan, kromoak, postalak eta antzeko gauzak bildumatzen dira; helduaroan, aldiz, konplexuagoak bihurtzen dira gure bildumak, baina misteriotsuak izaten segitzen dute neurri berean». Misteriotik dezente dute Rosa Valverderen kaxek; eta, hala izanik ere, jokoan sarrarazten dute ikuslea beti; itxura naifetik abiatzen dira kaxen barruko eszenografia eta objektuak, modu ustez inuzente eta limurtzailean; harik eta barruan daramaten karga ikonoklasta muturren aurrean lehertzen zaizun arte.

Laurogei minutu ia etengabe hizketan, zalapartan; hori da Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreek egiten dutena Lehendakari gaia antzezlanean, ikusleak irribarretik algararaino eramanez. Alabaina, antzezlanak aurrera egin ahala, bestearen lepotik egindako barreak ikuslearen barruan kax-kax egiten ote duen. Gurrutxagak horrela adierazi zuen: «Tarteka, denok joan beharko genuke psikologoarengana barrenak askatzera; obraren bitartez jendeak horren inguruan pentsatuko duela iruditzen zait» (BERRIA, 2022-01-27). Gertatzen da antzezlaneko lehendakarigaia, azken batean, eta bere hitz erabilienari helduz normala dela, normal hazi eta hezitakoa; hau da, gabezia psikologiko dezentek jotakoa.

Ia bi urtera doa musukoa ezinbesteko mozal eta mozorro bihurtu zitzaigunetik, gorreria kolektiboa sustatuz, zentzu literalean eta figuratuan. Oztopoak oztopo, eskerrak hor dauzkagun antzerkiaren lengoaia, arte plastikoena, zinearena... eta horietatik datozen emaitzak. Eta, komunikazioa, oro har, sinpleenetik hasita: esan, kontatu, adierazi, jakinarazi... Entzun, galdetu, interesa agertu, hurkoari erreparatu... Bestela, gerta daiteke Paris erdialdeko kale batean René Robert argazkilari suitzarrari gertatu zaion bezala bukatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.