Inaki Galdos
ARKUPEAN

Jarrerak finkatu

2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Lehen Mundu Gerra 1914an piztu zenean, barne eztabaidak izan ziren jelkideen baitan, asko mingotsak. Orduan alderdiko presidente zen Luis Arana Goiri eta Euzkadi egunkariko zuzendari Engrazio Arantzadi Kizkitza-ren iritziak ustez bertsuak zirelakoan idatzi zion lehenengoak bigarrenari gutun bat, baina ez dirudi hala zenik erabat. Horrela, 1915eko abenduan oso jarrera gogorra hartu zuen Abandokoak, egunkariak neutraltasuna hautsi zuela salatuz. Bere zoritxarrerako, ordea, Euzkadi Buru Batzarrean ez zen jarrera hori nagusia eta Bizkai Buru Batzarrean ere Jabier Gortazar eta Ramon Bikuña kontra atera zitzaizkion, aliatuen aldeko jarrera irmoarekin. Bai hauentzat eta bai Kizkitza berarentzat ere, Alemaniak Belgikari eta Serbiari eraso ondoren ezin zen alderdia —ezta egunkaria ere— isilik egon. Mariano de la Torre eta Baltasar Amezola izan ziren haren alde agertu ziren buruzagi bakarrenetakoak.

Garai hartako eztabaidak bilduz, germanofilotzat hartu izan dute Luis Arana hainbat historialarik gerora, baina Jean-Claude Larronde bere biografoak ukatu egin du hori, besteak beste Eugenio Ibarzabalen bidez Lezo Urreztietaren lekukotza jasoz. Neutraltasunaren aldekoa zela bai, baina ez gehiago. Eta jarrera hori hainbat arrazoi direla medio omen zuen alderdiko presidenteak: zuhurtzia, erlijioa eta abar, baina ororen gainetik gai horren erruz alderdiaren zatiketa ekidin beharra. Ezaguna da Luis Aranaren ibilbidea alderdian ordutik aurrera, ez horregatik bakarrik—ezta nagusiki ere— baina baihorregatik ere.

Alderdi sortu berria zen EAJ, esparru ekonomiko, sozial eta ideologiko ezberdin askotatik zetorren jendea bilduz asko eta bizkor hazten ari zena, eta, ondorioz, horrelako gai potoloetan jarrera finkatzeko atakan bere burua ordura arte inoiz ikusi gabea. Ehun eta gehiago urte igaro dira ordutik eta bistan da jelkideek, adinaz gain, lortua dutela nazioarteko gatazken inguruko bere diskurtsoa ezagutaraztea, eman beharreko iritzien inguruan barne adostasun zabala, gizarteak gai horietan alderdiaren jokabidea erraz identifikatzea. Gustatu ala ez, hori beste kontu bat da.

Izan ditu —eta izango ditu— barne arazoak ere, adibidez 1986an Espainian NATOren inguruan egin zen galdeketan (alderdia eszisioaren atarian zegoelako puztua, seguru asko), baina oro har ez genuke esango jelkideen boto-emaile asko asaldatzen denik Izaskun Bilbaok Estrasburgon ahoa ireki edota botoa ematen duenean edota alderdiak nazioarteko xextrei buruz iritzia ematen duenean. Ukrainakoa dugu horren lekuko.

Bistan da Ezker Abertzalea deserosoago dagoela garai hauetan, ez soilik Ukrainan sortutakoaren ondoren, hor baitaude Siria eta Kosovoko gatazken kariaz bere kide edota jarraitzaile batzuen eskutik jasotako kritikak ere, adibide batzuk jartzearren. Ez nituzke gaur egungo gatazka eta 1914an sortutako gerra alderatu nahi, ezta hurrik eman ere. Gainera, Mundu Gerra baten aurrean jarrera finkatzea askoz ere gauza potoloagoa dela onartu beharrean gaude; hala ere, ukaezina da arazo bat duela nazioarteko hainbat gatazkaren inguruko iritzia zehazteko orduan.

Ez gara hemen hasiko zergatik azaltzen, baina zerbait azpimarratzekotan esango genuke baduela antzekotasunik duela 107 urteko jelkideen egoerak gaur egungo Ezker Abertzalearenarekin: esparru ezberdinetako jende asko erakarri eta bizkor hazi izana, errealitate berrietara moldatu beharra. Beste bat: alderdiaren hurbileko egunkariak gatazka horiei buruz idatzi beharrekoen inguruko eztabaidak.

Bere ibilbidea ondo hausnartu eta erabakia dutela iruditzen zaigu, hala ere. Beste gai batzuetan legez, nazioarteko bidaia horretan ere prest dagoela Ezker Abertzalea hainbat faktura ordaintzeko: kritikak, haserreak, aldentzeak, agian botoren batzuk... nork daki beste berri batzuek konpentsatuko dituztenak. Nork daki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.