Inaki Galdos
ARKUPEAN

Berriro Laxalt

2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Duela lau urte Adam Laxalt ekarri genuen hona hizpide. Orduan Nevadako gobernadorerako kanpainan zegoen murgilduta, eta azkenean galdu egin zuen lehia Steve Sisolak demokrataren kontra. Hari buruz hainbat gauza azaldu genituen, baina hona hemen laburpen gisa aipagarrienak: hasteko, euskal jatorriko Laxalt familia ezaguneko kidea zela, Paul Laxalt (1922-2018) gobernadore eta senatariaren —Ronald Reaganen lagun mina ere bai— biloba. Paulen anaia Robert (1923-2001) ere ekarri genuen gogora, jakina denez euskal diasporak eman duen idazle eta kazetari ospetsuena, besteak beste Pulitzer sarirako nominatua.

1978an jaio zen Adam, baina 2013. urtera arte ez zen jakin nor zen haren aita, hilzorian zegoenean aitortu baitzuen New Mexikoko senatari ohi Pete Domenicik ezkutuko harremana izan zuela Paul Laxalten alaba Michellerekin Washingtonen. Gure protagonista Renon jaio zen arren, bizitza osoa kanpoan eman zuen, 2014. urtean karrera politikoa egitera Nevadan agertu zen arte, ezagutzen ez zuen estatua. Laxalt familiako zati handi batek ez du inoiz begi onez ikusi senide honek ordutik egindako ibilbidea. Carpetbagger (politiko oportunista) gisa hartu dute beti, eta familiaren eta abizenaren ospea baliatu nahi izana leporatu diote. Politikan lehen urratsak egin zituenean (2014an estatuko fiskal nagusirako hauteskundeetan), analista ospetsu batek ironikoki idatzi zuen Laxalt abizena izan beharrean Smith abizena izan balu txantxetan hartzeko hautagaitza izango zela.

Baina Laxaltar hauen kezka nagusia beste bat da: Adamen eskuin muturreko ideologia. Horregatik, 2018an Sisolak demokrataren alde egin zuten kanpainan, euren senidearen kontra gogor joz gainera. Gehienek beren burua kultura errepublikano klasikoan kokatzen badute ere, ideologikoki ez dute zerikusirik Donald Trumpen inguruan zabaldu den giro eta pentsamoldearekin. Eta Adam hau muturrekoa da erabat. Are gehiago, 2018ko hauteskunde haietatik are muturrerago joan dena. Adibidez, 2020ko hauteskundeetan bera izan zen Nevadako Joe Bidenen garaipena ebidentzia guztien kontra ukatzen ahalegin handiena egin zuena. Eta orain, sekulako astakeriak esaten ekin dio 2022ko kanpainari; besteak beste, Estatu Batuetako Gorte Gorenerako hautatu berria den Ketanji Brown Jackson epailearen kontra sekulakoak esaten, pederastia tarteko. Pederastia, klasiko bihurtua ultra hauen ahotan.

Hauteskundeak azaroaren 8an izango dira, eta aurretik primarioak izango dira, ekainaren 14an. Baina inork ez dauka zalantzarik Adam Laxalt errepublikanoa eta Catherine Cortez Masto demokrata (egungo senataria) izango direla lehian. Kontua da, Senatuan dagoen berdintasuna ikusita, sekulako garrantzia hartu duela Nevadako hautaketak, oso estu daudelako kontuak. Swing State da Nevada, hau da, alderdi bien artean aldakorra. Badu Laxaltek faktore bat bere alde: momentuz —nork daki hemendik azarora bitartean zer gertatuko den— Bidenen onarpen maila oso behean dago. Baina badu beste bat kontra ere, azken inkestaren arabera Nevadako errepublikanoen artean asko baitira begi onez ikusten ez dutenak, senide asko tarteko, esan dugun bezala.

Gauzak horrela, dimentsio izugarria hartzen ari da Nevadako lehia, Senatuan dagoen berdintasunarekin nazioaren etorkizunean —eta hortik kanpora— erabakigarria izan daitekeena. Eta, erdi-erdian kokatua, Laxalt bat, Trump beraren, Cruz (Texaseko) senatariaren, De Santis (Floridako) gobernadorearen eta enparauen babes osoarekin.

Euskal Herritik ere jarraitu beharreko borroka da, baina ea oraingo honetan batzuek ez dituzten gauzak nahasten eta pentsatzen euskal jatorrikoa izate hutsa nahikoa dela haren garaipena desio izateko, beste batzuetan gertatu izan den bezala. Hala ulertu dute haren familiako kide askok han, eta hala ulertu beharko genuke guk hemen ere. Baldin eta ez bagara bere ideologikoa berekoak. Zoritxarrez, horrelako asko daude hango euskaldunen artean... baita hemen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.