mikel elorza
ARKUPEAN

Kimera eta utopiak

2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gure lagun Bk —kazetari sena eta eskarmentua kiloka dauzkana, etxe honetakoa— zehaztu bezala, Estatuak politikari soberanistak (eta haien abokatuak...) espiatu zituela berresteak ez du hain letra larriko titulurik merezi. Hori urtarrileko elurra da. Albistea, benetakoa, litzateke konfirmatzea estatuak ez duela disidentzia espiatzen. Hori bai malutak abuztuan! Larria, noski, bada, eta lotsa gutxikoa, Pegasusen kontu hau. Eta Espainiako Gobernuaren erreakzioa: espioitzarik izan ez balitz bezala jardun, izan bada legezkoa izan dela argudiatu... Penagarria ez da batzuetan badirudiela ergeltzat hartzen gaituztela, ezpada lotsatzen direla harrapatu dituztelako zangoak belaunetarainoko lokatzetan, ez egiten dutenagatik. Garaiak gauza batzuetan aldatu direla, hala ere, ematen du: duela urte batzuk halako albiste baten biharamunean polizia-operazio bat eroriko litzateke zalaparta mediatiko handikoa (eta eduki gutxikoa).

Pegasus. Hegodun zaldiaren izena baliatu dute eta haren bitartez kontrolatu gaituzte... Gaituzte? Ez bada, eta hor gure egoek dute sufritzen latz. Izan ere, espioitza jasan omen duten 65 horien artetik 63 katalanak dira, eta soilik bi euskal herritarrak, eta bat Jon Iñarritu! Zer desastre klase da hau? Non dago erromatarren aurkako galiar menderaezinen herrixka, nork lekualdatu du Mediterraneora? Iya gabe, gureak egin du, ez daukagu nork zaindu. Athleticeko aurrelariek baino arrisku gutxiago daukagu! Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak lantzean behin ezpata-kolperen bat eman dezakete, baina bistan da estatu-arriskuaren burtsan gure balioek oso-oso merke kotizatzen dutela.

Eta EAJ? Ez ote du sekreturik bakar bat ere ez? Hauek jainkoa eta lagi berria: zuek sekretuak, nik dekretuak. Aitor Estebanek esan du bera ere espiatua izan ote den susmoa duela. Zerbait esan beharra zegoen, bai horixe, ez da gutxiagorako, oposizio-urguiluak asko sufritzen du Estatuaren begi-belarriak gelako beste gaixtoei baino ez daudela adi sumatzean. Estatua edo jendartea hankaz gora jartzeko ahalmena zaindari kopuruaren arabera neurtuko balitz —eta ez da neurgailu txarra—, oso jarraitzaile gutxi ditu gure sareak, like gutxi jaso dugu aspaldion. Euskal oasia ez dakit, aspaldian itxura handiagoa daukagu euskal balnearioa izatekoa. Basque spa.

Edonola ere, estatuak zaldiak ez ditu eraman, hegorik gabekoez ari naiz. Ez gauzka lupa zorrotz pean, itxuraz, baina ez ditu kuartelak hustu, auzitegi nazionalak mailugabetu, zigor legeria irendu... Estatuak Pegasus Kataluniako zeruetan darabil trostan, baina Kantauriko zalditegiak ez ditu armagabetu.

Eta ez da izango, identitate aferetatik at, hortzak erakusteko motiborik ez dagoelako: gerrainperialistak, migranteen tragedia etengabea, betikoek ordaintzen duten krisi ekonomikoa, argindarraren aferaren lotsa, larrialdi ekologikoa... Ea ETAren ondorengo anestesia post-traumatikoa gainditu eta edabe magiko berriren bat asmatzen dugun. Batek daki, akaso egunen batean gerta liteke ondo bizitzeaz ere nekatzea.

Espioitzari ez zaio uko egingo, dena den; ez du abuztuan elurrik botako, lo egonagatik ere, estatuaren etsaiak beti daude: eta beraz, kantuak esan lezakeen bezala, «asunik ez da egoten, erresuminik gabe; / ez dago estaturik, maitea, estoldarik gabe». Moduak eguneratu eta sofistikatu dira, eta hornitzaileak aldatu, espioitza-nitxoak ere dibertsifikatu direlako, eta Mossad edo CIAren ekoizleei erosi beharrean, Elon Musk, Jeff Bezos edo Mark Zuckerbergi erosiko zaizkio, eta hauek baino ego txikiagoa baina hauek bezain hego indartsuak dituzten handi-mandi anonimo makina bati.

Kimera hiltzeko baliatu zuen Pegaso Belerofontek mitologia garaiko aro haietan. Utopiak konbatitzeko darabilte orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.