Inaki Galdos
ARKUPEAN

Telefonoak eta memoriak

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Sekulako zalaparta sortu da Pegasus espioitza sistemaren bidez hainbat politikariren telefonoak zelatatu direla ezagutu denean. Hedabideetan gaiari eskaintzen ari zaion toki garrantzitsuak agerian utzi du eragin izugarria izan dezakeela Espainiako politikan hurrengo garaietan. Bide batez, iragan hurbilean izan diren antzerako eskandaluen berri ere eman zaigu han-hemenka errepaso moduan. Tartean, 1986an Carlos Garaikoetxea lehendakariarekin Zarautzen gertatu zena, haren etxeko telefonoarekin. Ez da hau historia hura kontatzeko tokia, badauka irakurleak non bilatu, baina iruditzen zaigu ariketa interesgarria izan daitekeela biltzea, handik urte batzuetara zer utzi duten idatzita euren liburuetan orduko protagonista nagusienetako batzuek.

Normala denez, Garaikoetxea bera da bai bere lehen memoria liburuan (2002) eta bai Elixabete Garmendiarekin elkarrizketa gisa osatutakoan (2018), EAJren zatiketaren testuinguruan urte askotxo lehenago gertatutakoari buruzko bertsio berririk ekarri ez duena, ñabardura bat izan ezik: ez zela Zarauzkoa izan zelatatua izan zuen telefono bakarra. Hortik aurrera, ezin ditu ahaztu oraindik orduan alderdikide zituen batzuen adierazpen minkorrak (Jose Mari Makua, Xabier Agirre eta Eugenio Ibarzabal, besteak beste), epaiketan entzunak eta abar luzea. Garai hartako giroa laburbiltzeko Markel Izagirrek sutsuki bota zuena gogoratzen du ironikoki: Watergate honek badu bere Nixon-a.

Bestalde, Xabier Arzalluzek Javier Ortizekin idatzitako memorietan (2005) bereari eutsi zion neurri handi batean, hau da, ia hogei urte lehenago alderdiko iturri ofizialek esaten zutenari. Baita zenbait gauza susmagarriak izan zirela azpimarratzeari ere, muntaiaren tesia berriro hauspotuz. Baina ordurako epai bat ere bazegoen mahai gainean eta ezin iskin egin guztiari. Behar bada horregatik bota zuen galdera bat azkoitiarrak nobedade gisa, alderdia eta Eusko Jaurlaritzako Barne Saila ez zirela izan garbi utzi ondoren: ze oldartsua zen jakinda, agian Genaro Garcia Andoainek bere kabuz egindako zerbait izan ote zen hura?

Jabier Zumalde, El Cabra-k, bere memorietako hirugarren liburuan (2013) hitz egiten du aferari buruz, baina honek CESID (orduko inteligentzia zerbitzuaren izena) ere sartzen du tarteko, eta bere burua, beste hainbat gaietan bezala, biktima gisa hartzen du, bere ustez bera kaltetzeko asmatutako lardaskeria izan baizen hura. Ezin da ukatu Zumaldek gauza bitxiak idatzi dituela azken hamarkadetan eta adierazpen berezi asko egin ere bai. Galbahe estutik pasatu beharrekoak, hori bai.

Baina zalantzarik gabe interesgarriena, bere memorietan (2016) Eugenio Ibarzabalek kontatua da. Zintzoena ere bai. Ardanza lehendakariaren gobernuko bozeramailea zen 1986ko udan eta Garaikoetxea asko haserretu zuten adierazpenak egin zituen. Bada, 30 urte beranduago —ordurako epaia ere emana zegoen— barkamena eskatu zion donostiarrak eta baita zintzoki onartu ere lehendakari ohiak arrazoia zuela espioitzaren iturria non zegoen salatu zuenean. Bide batez, hau ere ez da kontu makala, gogoeta berean onartu zuen engainatu egin zuela orduko gobernuko bere kide batek afera hari buruzko bertsioa eman zionean, gero berak prentsaurrekoetan errepikatuko zuena. Ez du esaldi horretan zuzenean aipatzen, baina garbi dago Luis Mari Retolazari buruz ari dela.

Ez dakigu zer kontatuko diguten hamarkada pare bat barru garai hauetako Pegasus eskandaluan murgilduta egon direnek, baldin eta zerbait esaten badigute behintzat. Baina iruditzen zaigu, unea iristean orain baino memoria freskoagoa izango dutela batzuek —ze miraria!— eta jabetuko garela 2022ko udaberriko adierazpenetan bota zituzten gehienak ez zirela erabateko egiak.Nobedaderik ez horretan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.