mikel elorza
ARKUPEAN

Kateterismoz ere ez

2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gasak eta argindarrak bezala, oso gora egin zuen otsailaz geroztik Ukrainako haur-hilotzaren kotizazioak hedabideen burtsan. Lerro pare batean kotizatzetik albiste osora, eta uneka lehen orrira ere iritsi zen. Baita lerroburua eta irudiak telebista eta irratietan. Bonba errusiarrek hildako umearen irudiak —natotar-ukrainarren bonbek hildakoenak baino, egia osoa esatera— izugarri ondo saltzen ziren. Ez zen iritsi AEBetako mailara, hori ez, baina momentu batean hurre ibili zen. Izan ere, AEBetako haur-hilotzarena inbertsio oso seguru eta irmoa da oraindik ere. Eta hilotzak 19 baldin badira, eskola batekoak, errifleak supermerkatuan donutsen aldameneko apalean erosi dituen ikasle ohi batek eragindakoak, gailurra jotzen da: lehen orria (umeen argazki eta guzti kazeta batzuetan), lerroburuak, minutuak eta berriemaile bereziaren bisita. Umeen genealogia barne. Texasen beharrean New Yorken izan bazen, kotizazio errekorra.

Amery Jo, Uziyah, Xavier, Jayla... beti egongo dira gure bihotzetan.

Bueno, beti-beti... Eta gure bihotz-bihotzean... Turkiako hondartza batean olatuek ekarritako adarra bezala itota geratu zen koittadu hura, Aylan edo, nola zen? Ez da erraz akordatzen. Hura ere betirako sartu zen gure bihotzetan, uste dut, haren niki gorria, baina gure bihotzek ere ahalmen mugatua dute, eta tarteka ume-gorpu batzuk ezabatu behar dira berriak sartu ahal izateko.

Turkia eta Greziaren kostaldeak —Lesbos eta beste— goi samarra jo zuen duela urte batzuk, albiste segida polita kateatu zuten, baina olatu haren aparra behera etorrita dago. Ume kurduak nekez konpeti dezake egun Ukrainako begi urdindun haurtxo ilehori errukarriekin. Lerro edo minutu batzuk lor litzake, baina horretarako tragedia handia behar du, oso greziar klasikoa. Siriakoek, Yemengoek, Hego Sundagoek, Afganistango neskatilek, berriz, jai daukate, albistea lortzeko eskola oso baten triskantza aurkeztu behar dute, gutxienez; edo ez dakit, 200 umeren bahiketak, adibidez, amaiera gaiztodunak, oso ondo puntuatzen du informazioaren eskaileran (bahiketa dramatikoa eta amaiera tragikoa, adjektibazioak ere laguntzen du gu bihozberatzen). Gutxi barru garirik gabe geldituko dira eta erakutsi ahal izango dituzte Afrikako ume begi zulo tristeko eta tripa handitutakoak, horrek betidanik lapurtu izan dizkigu bihotz zatiak, eta erdiets litezke lauzpabost minutu gaueko albistegian Ingalaterrako erreginaren ez dakit zeri buruzko albiste zabalaren aurretik.

Asiako hego-ekialdetik latza dago guganaino heltzen haur- hilotzik, haur asko dago han, hilotzak ere soberan, eta, ez bada tailer batek azpian harrapatutako dozenaka ume zapartaturen notizia dakartela, zail. Hori guretzat ez da berri.

Izan ere, merkatuak ez du denerako ematen. Legeak dauzka, badakizue, eta ez denak aldagarriak. Zeren eta lege nagusiak dio zenbait tokitako haur-hilotzek beti kotizatzen dutela, beste batzuek uneko interes geoestrategikoen arabera lortzen dutela index-ean sartzea, eta beste batzuek sekula ere ez.

Balioen dantzari —orain sei lerro, bihar lehen orria, etzi argazki-oin soila— fluktuazioa deitzen diote. Eta ez da gaizki ekarritakoa hitza, itsusi samarra bada ere. Fluctuare latina dauka oinarrian, likido batean objektu bat hara eta hona, dantzan, ibiltzea. Ibai edo itsaso batean gorputz bat, are, gorpu bat, jitoan ibiltzea, gora eta behera, likidoaren aldaketen, hau da, olatuen, menera. Aylanena, alegia, fluktuazio benetakoa izan zen burtsan kotizatzen hasi aurretik ere. Mediterraneoan, Rio Granden, Itsaso Gorrian, Bidasoan... fluktuatzen dabiltza milaka Aylan. Batzuk iritsiko dira guganaino. Asko ez. Gutxi batzuena albistea bakarrik. Gehienena hori ere ez. Izan ere, hildako haur horien jatorria da gure bihotzen balbula; batzuek irekitzen dituzte, besteek ez. Eta ez dago hori konponduko duen kateterismorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.