Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Belarrifest

2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Hurbil nadin txoko berri honetara galdera batekin: Inoiz izanal duzu tentazio linguistikorik? Paradisuko sagarra beste mingain batean irudikatu al duzu? Ez egin buruarekin ezetz, noizbait begiratu diogu eta kanpokoari begiak goxo jarrita. Lasai, denoi gertatu zaigu. Eta lasai, guztiok itzuli baikara gure hizkuntzaren magalera. Edo ia.

Ingurura begira dezagun orain. Azkenaldian irudi du Euskal Herrian sagar gorri distiratsuak dir-dir egin digula begietan. Udazkeneko perretxikoen modura atera dira gure euskalki berriaren fruituak: euskanglish-a modan dago. Burua apur batean tente jarri eta inguratzen gaituenari begiratzea besterik ez dago adibideak bilatzen hasteko: pentsa ezazu nora joan gaitezken Hertzainaken Bilboko kontzertuak ikustera eta zer dotorezia duen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak Nafarroan jokatzeaz gain, arena hitza atzetik badarama. Lovely. Supermerkatuan ura erostera joan eta Basque Water aurkituko dugu hainbat botilatan mezu erakargarri modura. Ez dakit ur horrek euskaldunduko duen; ezta ere Basque Wine moduan saltzen diguten ardoak. I don't know. Eta horrela, irakurtzen ikasi genuenean bezala ibil gaitezke kaleko kartel eta afixak irakurtzen. Begietatik sartzen zaiguna ingelesez egoteak asalda gaitzake baina zenbaitetan Basque hitza aurretik izateak lasaitzen gaitu. Basque delako, eta Basque denean guztia ona delako. That's it.

Basque edo euskaldun izaeraren neurgailua ez da oraindik asmatu baina ezkutuan daramagu Euskal Herrian jaio ginenok euskaldun izatearen harrotasun edo harrokeria. Very proud garelako, onerako zein txarrerako. Hemen adibidea:

Hilabete falta da gaur Euskaraldiaren hirugarren edizioa martxan jar dadin. Egutegiko hilabete fin bat txapa paparrean jarri eta gure euskalduntasuna neurtzen hasteko. Hasteko diot, egunean bertan ahaztuko baitzaigu soinean daramagula. Bestela gogoan hartu azken bi edizioetan gertatu zaizkigunak: etxera itzultzean tixerta, jertsea edo alkandora batera eranzten hasi eta txapak tarrata ederra egiten digu horrenbeste maite dugun janzkian: euskalduna beti gabezia gorrian.

30 egun besterik ez dira geratzen detektibe lanak egiteko, euskaraz bizi garenok hara eta hona txapa kontari lanetan biltzen baikara. Ezusteko galantak hartzen ditugu ezaguna dugun norbait ahobizi txapa soinean duela ikusten dugunean. Une bertsuan gure buruan neon gorriz argitzen dugu «Nola izan liteke hau ahobizi normalean euskaraz hitzik egiten ez duenean?». Ez ezazu ezetz esan, don't lie, behin baino gehiagotan pasa zaigu eta.

Zoritxarrez, belarriprest rola maiz eta gehienetan euskara ikasten ari diren horiekin lotzen dugu eta baita euskaraz jakin ez baina ulertzen dutenekin ere. Belarriprest, normalean euskaraz hitz egiten ez duen horrekin ere lotzen da baina Basque izatearen harrotasunkeriak King-Kongek bularrean ematen zituen kolpeen adinakoak ematera bultzatzen du bat baino gehiago: «Euskaraldian ezin naiz belarriprest izan, abenduaren 2tik aurrera, bai». Belarriprest izatea ez da gutxiago izatea, euskaraz bizi ahal izateko lehen pausoa baizik. Hizkuntza mina sentitzea da eta ez hizkuntzak min egiten duela sufritzea. Frantsesaren edo gaztelaniaren sagar gorriak dir-dir egin eta noizbait euskararen magalera itzuli nahi dutenentzat aukera polita da. Great deal, esango nuke. Ahobizi izatearen Basque harrokeriak ez itsutzea soilik geratzen zaigu.

Ez dakigu zer egin behar den Euskaraldia Belarrifest itzela izan dadin. Nahikoa lan izango dugu kamisetako tarrata madarikatzearekin. Bitartean, lasai antzean modernizatu gaitezen eta batez ere, be (Basque) water, my friend!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.