Inaki Galdos
ARKUPEAN

Porrotak

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Benetan daude harrotuta hautsak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen inguruan. Apirilean legebiltzarrean akordio politiko zabala irudikatu bazen ere, aurreikus zitekeen urrats jakinak egin ahala iritsiko zirela zailtasunak, sektoreko eragileen presioen kariaz alde batetik eta alderdien arteko xextrengatik bestetik, hauetariko bakoitzak bere etxean egin behar dituen oreka zailak ahaztu gabe, jakina. Izaera publiko eta pribatuaren arteko dialektika da nagusitzen ari den eztabaidetako bat, gaiarekin oso lotura estua duen segregazioarenarekin batera. Ezin alde batera utzi, ordea, euskararen gaia, honek ere piztu baitu kezkarik legeren aurreproiektua ezagutu denetik.

Euskararen eredu inklusibo eta orokorra eskatu du beste gai batzuetan elkarri mokoka dabiltzan hezkuntza komunitateko eragileen arteko gehiengo zabalak. Duela aste batzuk Gasteizen izan zuten agerraldi publikoan aurkeztu zuten landu duten proposamen zehatza, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren ahotik. Behar-beharrezkoa zen egin duten ariketa; eskertzekoa ere bai beraz, askoren egonezinari erantzuten diona. Sakonean ardura bat dago, orain arte egindako ibilbideak gabeziak azaleratu dituelako ikaslegoaren euskalduntzean, indarrean dagoen legeak ezarritako helburuak bete ezinik neurri handi batean. Kontua da, ordea, pitzadura ukaezin horiei aurre egiteko orduan zabaltzen ari dela hainbat sektoretan porrotaren diskurtsoa. Oso modu arriskutsuan gainera, alde batetik ez delako egia eta bestetik bumerana bezala bueltan etor daitekeelako, ondorio kaltegarriak ekarriz.

Duela 50 urteren bueltan hasi ziren Euskal Herrira iristen modu antolatuan Ameriketako Estatu Batuetako lehen gazte euskal-amerikarrak. Haietariko batzuk hemen geratu ziren betirako, beste batzuk sarri etortzen dira, baina gehienek oso aldika egiten digute bisita. Termometro egokia suertatzen zaigu azken hauena gurean ikusten dituzten aldaketen berri eman diezaguten. Bada, guztiek aipatzen dute beti, erabat harrituta, zer-nolako urratsak egin dituen euskarak esparru guztietan. Hogei bat urte hona etorri gabe zegoen adiskide batek bitxikeria bota zidan berriki: gaur egun Realaren iganderoko hamaikakoan euskaldun (euskaradun) gehiago dago, nahiz etaerdiak atzerritarrak izan, beralehenekoz etorri zenean soilik hemengo jendez osatuta zeuden hamaikakoetan baino. Horrekin batera, beste bi ere baziren hartu zituen pozak: zenbat alkate gazte ikusi zuen hedabideetan euskaraz hitz egiten, berak inoiz pentsatuko ez zuen herrietakoak gainera; eta zenbat gazte unibertsitateetan, ikasketak euskaraz egiten.

Ez dira anekdota hutsak. Horiek guztiak gure hezkuntza sistemaren arrakastaren ispilu ere badira, uler bedi sistema erakundeen, eragileen eta gizartearen multzo gisa. Egin dezagun indarra zuzendu beharreko gabezia, hutsune eta arrakalak zuzen daitezen, asko dira eta. Horregatik dira txalogarriak gorago aipatutakoak bezalako ekimenak. Baina izan dezagun kontu pixka bat porrotaren kontakizunarekin, hasiak direlako galdetzen euskara hilda nahiko luketen asko, guk geuk ere porrota onartzen badugu merezi ote duen ahalegin honekin jarraitzea.

Porrotaren diskurtsoa, gobernuan dagoen alderdia higatu beharraren beharrez haizeratzen da ia beti, baina gai honetan —gai honetan— hala jokatzen duenak jakin beharko luke agintarien autokonplazentziari kalte egin beharrean askoren autoestimua higatzen duela, eta beste askorengan zalantzak sortu. Ezinbestekoa dugu fokua urrutitxoago jarri eta guztion artean lortutakoarekiko harrotasun pixka bat gehiago erakustea. Bestela ere arantzaz betea dagoen bidea guk geuk arantzatsuago ez bihurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.