Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Loreen mina

2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Borroka sinbolikoan ibili ginen bart: aurre egin nahi izan genien plastikozko Halloween-ari eta gezurrezko odolari. Zapiz edo maindirez estali genituen buruak, kapelak jantzi eta arimen gaua aldarrikatu; eta hala, surf edo pilota selekzioa bezala sentitu ginen: gure lekuan gu izaten, arrotzak esandakoari mihia atera eta gureari eusten.

Beste borroka sinbolikoa da atzoko festa giroak eta gaurko egun zeremoniatsuak duten talka: oraindik orain, azaroaren lehenak seriotasunaren eta doluaren ispilu izaten jarraitzen du: loreek min ematen dute oraindik eta telebistako irudietan ez dago bromazaleentzat lekurik.

Min ematen dute loreek, usain gozoak ziztada bizia sortzen baitu barrenean. Hilabete berriaren lehen egun honek doluaren itsasoa astintzen du eta noiz edo noiz olatu handiren bat ere sorrarazten du. Doluaren minaren usaina sentitzen duen orok badaki pasa beharreko zerbait dela eta inguruan topa ditzaken laguntzek arintze lanak egingo dituztela; baina pasa, pasa behar da. Jasotzen den laguntza aire girotua bezalakoa baita: bero sapa arinduko digu baina beroak inguruan jarraituko du noizbait arintzen den arte.

Edonork sentitu du noizbait dolua; edo mina; edo tristura. Eta edonork daki zer den pozik egotea; edo barrua lasai sentitzea; edo kilima formako itxaropena bizitzea. Alabaina, betiereko poza bilatzen duenik ere bada: etengabe zoriontsu sentitzeko beharra dutenak gero eta gehiago dira. Adibiderik garbiena sare sozialek eskaintzen digute: amaraun erraldoian positibotasuna da nagusi. Instagramen, esaterako, ale bakan batzuk dira tristura eta dolua erakusten dutenak. Perfekzioaren erreinuan ez dago lekurik malkoentzat edo esnatu berria den aurpegiarentzat; bestela, galdetu Amaia Monterori.

Goragalea sorrarazten duten azukrezko mezuz inguratuta bizi gara. Batzuek ez diete jaramonik egiten, beste zenbaitzuk etekinen bat aterako diote irakurritakoari, eta hamaika dira mezu horiek egunero behar dituztenak. Euren buruei egunero zoriontsu bizitzeko erronka jarri diotenek bidean jarraitzeko ezinbestekoak dira.

Tamalez, halako altxor preziatua aurkitzeko bidelagunak behar dira eta hor sortzen da azukrez betetako mezuen mina: sabeletik poltsikora doana. Egunero zoriona gal ez dadin eta Sisiforen harria berriz aldapan behera ez erortzeko emozioen guruak agertu dira.

Emozioen guruak, beste zenbaitzutan maisu moduan ere ezagutzen direnak, gure zorionari eusten lagunduko diguten entrenatzaileak dira: hitz gozo eta abegikorrak eskaintzen dizkigute, irribarrerik samurrena oparitzen digute eta behin baino gehiagotan errepikatzen dute zenbat balio dugun. Balio duguna, ordea, diru kontuekin neurtzen dute beraiek. Normalean enpresen munduan murgilduta dauden pertsonak dira pozaren giltza eskaini nahi diguten horiek; hainbat lagunek osatutako talde bati esker ederki dakite nolakoa den gure izaera eta nolako formula erabili bere zoriontasun zerbitzuen beharra izan dezagun. Kioskoan atalka sartzen diren bildumak bezalakoak baitira: zoriontasun gehiago nahi baduzu, ordain ezazu eskatzen dizudana. Maltzurtasunez betetako negozio honek piramide itxura ere hartzen du: hainbat hilabetez luzatzen den ikastaroa errepikatu nahi izanez gero, ordaindu beharra dago; ikasle berri bat ekartzen bada, aldiz, ez.

Barrutik hutsak dauden hitzezko loreek min egiten dute azkenean; azukreak bezala, halakoek ere dependentzia sortzen baitute norbanakoan. Zoriontasunari eusteko borrokan ari diren horiek kapitainaren beharra dute gudua irabazi ahal izateko. Bien bitartean, beste batzuei sabeleko kilimak dantzan jartzen zaizkie artaldetik lortu duten diruaren zoriontasuna sentitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.