Inaki Galdos
ARKUPEAN

Autodeterminazioa Oregonen

2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ez dago Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) historia ezagutu beharrik Oregon izeneko eremu zabalak izan zuen garrantziaren berri izateko. Nahikoa da western pelikulen zalea izatea horrekin jabetzeko. The Oregon Trail filmaren bertsioak gogoratu besterik ez daukagu; edota Kirk Douglas eta Robert Mitchum protagonista izan zituen The Way West. Hasieran Country deitura izan zuen Oregon izugarri handi hark, orain Kanadan dauden hainbat lurralde bere baitan zituela. Ondoren Territory izan zen eta AEBak antolatzen joan ziren heinean estatu izatera pasatu zen, egungo Washington eta Idaho osoak eta Montana eta Wyomingo hainbat lurralde galdu eta gero.

Ordutik ia bi mende pasatu direnean, ekialdeko hamabost konderritako (ba al dago county hitza horrela itzultzerik?) biztanleek Oregonetik alde egin eta mugakide duten Idahorekin elkartu nahi dute. Horretarako The Greater Idaho izeneko mugimendua sortu dute, greater hitzaren adiera bikoitzarekin: handiagoa eta sendoagoa. Dagoeneko hamabost barruti horietako 11tan eginak dituzte galdeketak, baiezko zabalak erdietsiz. Estatuko lurraldearen %63 (!) osatzen dute, baina biztanleriaren %9.

Askotarikoa da erabiltzen duten argumentazioa, baina ororen gainetik inolako lotsarik gabe diote kontserbadoreak direla eta estatu errepublikano batean bizi nahi dutela. Arrazoi historiko edota linguistikorik ez beraz. Arraza eta erlijioa, aldiz, badaude sakonean, baina ezin publikoki ozenegi esan. Portland hiriaren nagusikeria salatzen dute, estatuan gero eta nagusiagoak diren demokrata sasi-komunisten (sic) maltzurkeriaz gain. Sarri erabiltzen dute beste lelo hau ere: buka dezagun zorigaiztoko harreman hau, gu gabe zuek ere zoriontsuagoak izango zarete. Hori bai, eztabaidak kutsu politiko serioagoa hartzen duenean autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dute mugimenduko ordezkariek, Mike McCarter eta Matt McCaw kasu.

Ez dute ibilbide erraza, askoren ustez ezinezkoa. Estatu bietako ganberen oniritzia beharko lukete hasteko, eta Washingtonena ondoren (hiriburua, ez aldemeneko estatua). Ez dirudi, beraz, ametsa gauzatzea lortuko dutenik, Idahoko gobernadore Brat Littlek gaztigatu duenez. Estatu honetan, dena den, bada eztabaidarik. Ideologikoki bertsuak direnez besoak zabalik hartuko lituzketenak alde batetik, eta batez ere Boise eta Idaho urbanoan bizi den jende asko erabat uzkur edo kontra. Hauen artean, gainera, galdera ironiko bat sortu da Oregoneko ekialdera bideratua: konturatu al zarete marihuana landatzen sekulako dirutzak egiten ari zaretenok, hori hemen ilegala dela?

Eta euskaldunek, zer diote hango euskaldunek? Oregoneko lurralde horietan badago euskaldunik, agian Jordan Valley herria izango da diasporazaleon artean ezagunena, 1915eko pilotaleku ederra duena eta Joe Eiguren Kashpar zenaren lurraldea. Jakina, mugimenduaren aldekoak dira hango euskal jatorriko amerikar gehienak, ez zaio hau irakurleari harrigarri suertatuko. Idahon berriz denerako iritziak daude, estatuko gainerako biztanleen artean dagoen banaketa soziologiko sakona iritsi delako euskal komunitatera, modu desorekatuan kasu honetan ere. Baina bada kontu bat ahaztu ezin duguna: 2002an Idahoko Senatuak Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko memoriala onartu zuen David Bieter eta Pete Cenarrusaren ekimenari esker. Eskubide bera aldarrikatzen iritsiko dira Oregoneko ekialdetik Boise hiriburuko kapitoliora. Eta bai, badakigu ez direla alderagarriak bata eta bestea, baina benetan interesgarria izango da han sortuko den eztabaida politikoa.

Historiak historia, ukaezina da gertatzen ari dena ez dela bitxikeria hutsa, arazo sakon baten ispilua dela, errealitate gordinaren isla. Nazio osoan elkarrengandik gero eta urrunago dauden bi munduren arteko talka izugarria. Gerra zibila ere aipatzen hasiak dira hango hainbat intelektual, baina hori gehiegitxo esatea iruditzen zait. Momentuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.