Inaki Galdos
ARKUPEAN

Pinuak

2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Zezenak toreroa harrapatzen duenean pertsona asko sentitzen den bezain pozik nabaritu ditut aspaldion gure arteko herritar ez gutxi pinudien gaitza eragiten ari dena ikusten dutenean. Gero eta laikoagoa den gizarte honetan Jainkoaren zigorra aipatzea arraro xamar geratzen denez, justizia poetikoa edota natura hutsezinezko eta jakintsuaren mendekua aipatzen dute azalpen gisa, ezkuta ezinezko irribarrea ahotan.

Hasiera-hasieratik izan zen eztabaida iturri pinua. Bitoriano Gandiagak idatzi zuen bezala, pinu «aberatsak»tokia kendu zion berak hainbeste maite zuen elorriari, eta lizar, pago eta pinuak «maite eta eder-esten» bazituen ere, ez zien errukirik, bazituztelako, elorriek ez bezala, «beren abogauak». Ez zioen gezurrik mendatarrak, egun hauetan ikusten ari garen bezala baduelako pinuak nork defendatu... baina baita nork salatu ere, batez ere nork salatu.

Interes handiz jarraitzen ari naiz pinuaren inguruko eztabaida. Aitor dezadan ur handiegiak direla niretzat batzuk zein besteak ematen ari diren hainbat arrazoi zientifiko edota basoen ustiaketa politikari dagozkionak. Baina historikoki jarraitu dugun polemikaz gain, aurrera begira hartu beharreko erabakien inguruko eztabaida berria da gailentzen ari dena, denek onartzen baitute aho batez, hau bai, ziklo historiko berrian murgiltzear dagoela gure basoa, edo gure basoaren eremu jakin bat, askotarikoa baita Euskal Herriko basoen errealitatea.

Aitortzen hasita, aitor dezadan azken aste hauetan areagotu egin dela nigan pinuen kontrakoek erabili izan dituzten eta indarberrituta erabiltzen ari diren arrazoien inguruko harridura. Alde batetik, zaila egiten zait lobi forestalista maltzurrarena irenstea, askori irakurrita ematen baitu Amazonaseko txikitzaileen parekoak ditugula hemen. Baina fakturazioak, aldundietako espediente kopuruak, diru laguntzen banaketak, jabegoaren zatiketa eta beste hainbat datu aztertzen baditugu, ez dirudi hori denik errealitatea. Gauza bat da bere interesak defendatzen dituen sektore ekonomikoa egon badagoela aitortzea, eta beste bat eman nahi zaion dimentsioa eta izaera ematea. Are harrigarriagoa da haien garrantzia hauspotzeaz gain gure baserritarren edota lur-jabe txikiagoen garrantzia gutxiesteko ahalegina, berebizikoa izan baita gure historia hurbilean.

Arrasateko mugimendu kooperatiboaren fundatzaile bati sarri entzuten nion ez zela txikia izan pinuaren garrantzia lehen urte haietan enpresa haiek hazi eta gihartzeko orduan. Ez ziren gutxi izan euren ekarpenak pinuei esker egin ahal zituzten kooperatibista gazteak. Ezta pinuei esker bermatutako operazio ekonomikoak ere. Gai honen inguruan zerbait idatzia ikusi dudan arren, ez zait gai txikia iruditzen ikerketa sakona egiteko. Halaber, gustura jakingo nuke zenbat diren gure artean pinuari esker zutik dirauten baserriak. Ehunka direla esango nuke nik.

Adibide batzuk dira, gure inguruetan urte luzez batzuok behintzat ugari ikusi ditugunak. Ez dago pinuzale amorratua izan beharrik errealitate honetaz jabetzeko; ez dago pinudien jabea izan beharrik pinuak ekarri dizkigun onurak onartzeko; ez dago basoen ustiaketa eredu berri baten kontra egon beharrik iraganaren irakurketa objektiboagoa egiteko. Etorkizunera begira hartu behar diren erabakien aurrean beharrezkoa da orain arte egindakoaren balantze patxadatsuagoa egitea. Kontrakoa diotenekiko errespetu osoarekin, baina uste dut pinuaren demonizazioa gehiegizkoa izan dela gurean azken hamarkadetan eta gehiegizkoa izaten ari dela gaixotasun gorri bat dela medio berpiztu den eztabaidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.