Demirtasen auzian «marra zeharkatu» duela leporatu dio Turkiak EBri

Estrasburgok lider kurdua aske uzteko eskatu du, eta horrek Ankararen eta Bruselaren arteko hamaikagarren talka diplomatikoa eragin du

Federica Mogherini EBko diplomaziaburua, eta Mevlut Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroa, herenegun, Ankaran. EFE.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak joan den asteartean plazaratutakoa aintzat hartuz, EB Europako Batasunak ere Selahattin Demirtas lider kurdua aske uzteko eskatu dio Turkiako Gobernuari. Ankarak gogo txarrez hartu du Federica Mogherini EBko diplomaziaburuak herenegun Ankaran bertan adierazitakoa, eta Mevlut Cavusoglu Atzerri ministroak ohartarazpen bat egin zion atzo, CNN-Turk telebistan emandako elkarrizketa batean. «Marra zeharkatu du». Demirtasen auziak, horrenbestez, Turkiaren eta Europako Batasunaren arteko hamaikagarren talka diplomatikoa eragin du.

HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko presidentea da Demirtas, eta, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren alde «propaganda terrorista» egitea leporatuta, behin-behineko kartzelaldian dago 2016ko azarotik —PKK erakunde «terrorista» da Turkiarentzat—. Estrasburgok asteon eskatu dio Turkiari «beharrezko neurriak» har ditzala behin-behineko kartzelaldia bukatzeko. Auzitegiaren arabera, espetxealdiaren helburu «ez aitortua» da «pluralismoa itotzea eta eztabaida politikoa mugatzea». Areago joan da, eta uste du Demirtas kartzelatuta edukiz sistema demokratikoa bera dela «arriskuan» dagoena, «eta ez soilik eskubideak eta askatasunak».

Horren berri eduki eta berehala erreakzionatu zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, eta esan zuen EBk PKK babesten duela. Eta, bi egun geroago, herenegun alegia, Mogherini eta Cavusoglu Ankaran batzartu ziren, Estrasburgoren iragarpenaren aurretik hitzartutako bilera batean. Eta, gero, prentsaren aurrean, EBko Atzerri Gaietarako goi mandatariak azpimarratu zuen Estrasburgoren erabaki bat dagoenean Turkiako agintarien «zeregina» dela horren «jarraipen egokia» egitea. Turkia ez da EBko kide, eta EBko liderrak geroz eta argiago erakusten ari dira oraingoz ateak itxi nahi dizkiotela, baina Mogherinik gogorarazi zion Cavusogluri Turkia badela Europako Kontseiluko kide. «Gauza bat argi utzi nahi dut. Europako Kontseiluak ezarritakoa aintzat hartuz, zuzenbide estatuari eta giza eskubideei dagokienez garapen bat ikustea espero dugu», adierazi zuen Bruselako diplomaziaburuak. Turkiako Atzerri ministroak ez zion, ordea, momentuan erantzun, ordu batzuk geroago baizik.

Erdogan presidenteak, berriz, asteon defendatu du Demirtasek 50 pertsonaren odola duela bere eskuetan, eta Brusela jarri du jopuntuan. «Berdin du Europan nora zoazen. Erakunde terroristen aldekoak libre dabiltzan bitartean, gure herrialdea maite duten herritarrak itotzen ari dira».

Epaiketa egin zain dago Demirtas. 2013ko Newrozen, kurduen egun nazionalean egindako adierazpen batzuengatik dago kartzelatuta. Turkian immunitate judiziala dute legebiltzarreko diputatuek, eta atxilotu zuteneanHDPren diputatua zen —eta da—. Baina 2016ko maiatzean diputatu kurduei immunitatea kentzea onartu zuen parlamentuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.