Zazpi auzipetu kondenatu dituzte Berta Caceres ekintzailea hiltzeagatik

Zigorrak urtarrilean jakinaraziko dituzte. Alaba «pozik» agertu da epaiarekin, baina salatu du «egile intelektualak» ez dituztela ikertu
Caceres ekintzaile hondurastarraren ama, Austra Flores Lopez, atzo, epaitegira iritsi berritan.
Caceres ekintzaile hondurastarraren ama, Austra Flores Lopez, atzo, epaitegira iritsi berritan. GUSTAVO AMADOR / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko abenduak 1
Berta Caceres giza eskubideen eta indigenen eskubideen aldeko ekintzailea hiltzeagatik auzipetuetako zortzietatik zazpi kondenatu dituzte, eta zortzigarrena absolbitu dute. Hondurasko Auzitegi Gorenak erruduntzat jo zituen atzo hiru sikario, bi militar ohi eta DESA Desarrollos Energeticos enpresako bi langile —komunikazio kudeatzailea eta segurtasun arduradun ohia—, baina ez zuen zigorren berri eman: datorren urtarrilaren 10ean emango du.

Caceres 2016ko martxoaren 3an hil zuten. Haren eta senideen kexak eta eskariak alferrikakoak izan ziren, ekintzaileak hainbatetan salatu arren «bere atzetik» zebiltzala. Zazpi urte lehenago, CIDH Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordeak Hondurasko Estatuari exijitu zion babes zezala ekintzailea, baina horrek ez zuen gertaturikoa eragotzi: goizeko ordu txikietan La Esperanza hiriko haren etxean sartu, eta tiroz hil zuten Caceres.

DESAk Agua Zarca urtegia eraikitzeko proiektua sustatu zuen, Gualcarque ibaiaren bidea aldatu eta zentral hidroelektriko bat martxan jartzeko. Caceresek proiektuaren kontrako mugimendua gidatu zuen, eta oposizio horrengatik hil zuten.

Auzitegiak epaiketan ondorioztatu duenez, DESAko komunikazio kudeatzaileak Caceres hiltzeko laguntza eskatu zion enpresako segurtasun arduradun ohiari, ekintzaileak gidatzen zuen mugimenduaren protestekin amaitzeko. Douglas Bustillo teniente erretiratuak kudeatzailearen eskaria onartu zuen, eta Mariano Diaz Polizia Militarreko instruktoreari eskatu zion sikarioak kontratatzeko laguntza. Sikarioetako batek 1.935 euro eskuratu zituen Caceresi tiro egiteagatik. Hilketaren plana koordinatu zuelakoan atxilotu zuten David Castillo DESA enpresako presidentea, martxoan; epaiketa paralelo batean dago auzipetuta.

Caceres hil baino hilabete lehenago, haren kontrako hilketa saiakera bat egin zuten zigortuek, epaiaren arabera. Horrez gain, frogatutzat jo du enpresako komunikazio arduradunak ordainketak egin zituela ekintzailea une oro non zebilen jakiteko, eta Caceresi buruzko eta hark gidatzen zuen mugimenduaren gaineko informazioa jasotzen zutela DESAko zuzendariek, Whatsapp talde baten bidez.

Bi aldeak epaiaren aurka

Senideek erreakzio gazi-gozoa izan zuten. «Ezin dut esan poza sentitzen dudanik, baina gutxienez justizia egin da», adierazi zuen atzo Austra Flores Lopez ekintzailearen amak. Haren ostean mintzatu zen Olivia Zuñiga ekintzailearen alaba: «Pozik gaude nire ama hil zutenak espetxeratuko dituztelako. Ez gara hiltzaileak, baina justiziaren aurrean nahi ditugu egile intelektualak».

Beste aldeak, DESAk, ukatu egin zuen Caceres hiltzeko agindua bere zuzendaritzako kideek eman zutenik, eta epaiketan halakorik ez dutela frogatu nabarmendu zuen. «Borondate oneko keinu gisa», enpresak jakinarazi zuen uko egingo diola Agua Zarca eraikitzeko proiektuari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna