Albistea entzun

ARKUPEAN

Ar mailetako kontuak

Mikel Elorza -

2018ko abenduak 5

Sare sozialetan eta hedabidetan oihartzuna izan du, noski: futbol alorreko sari batzuk banatu ziren astelehenean, glamour-ez betetako ekitaldi horietako batean Ez nuen ikusi baina hala izango zen, ekitaldi = glamour gure kode genetikoan iltzatzen doan kontua baita. Urrezko Baloia izeneko saria banatu behar zen, munduko futbolari onena saritzen duena (munduko esaten da, baina esango nuke Europan jokatzen duten futbolariak direla, baina hori gutxienekoa da). Festa, beraz, parpaila eta distira nahikoaz, futbolariak ere galaz jantzita ageri baitira, eta Ada Hegerbergi eman zioten futbolari onenaren saria, 2018ko Urrezko Baloia. Saria jaso eta, ohi denez, animatzaile-aurkezleak bizpahiru galdera egin zizkion, eta halako batean zer galdetuko: ea twerking egiten badakien? Horrelaxe, zuzenean, publikoaren barrea bilatuz, eta lortuz. Beste generoko irabazleari ez zion halakorik galdetu, bistan da.

Suak hartu zituen sare sozialak hori erraz gertatzen da, dena den; itzali ere aise egiten dira su horiek, arrazoi eta indignazio osoz. Hain zuzen ere festa baino lehenago elkarrizketa pixka bat luzeagoan futbola gizonezkoen mundua dela eta berak, eta bere kideek, mundu horretan zenbat langa estra dauzkaten esan eta kritikatu zuen futbolariak galdera hori jaso zuen.

Ez da futbolaren munduari bakarrik dagokion kontua, jakina: kantariek eta aktoreek eta beste hainbatek kamioizale eta torlojugileei ez diete elkarrizketarik egiten, baina bestela igual-igual galdetuko liekete jasan eta salatu izan dute. Munduarena baita arazoa, ez espresuki futbolarena. Baldin eta bat baldin bagatoz arazoa dela esaten, sare sozialetako suak asko baitira, eta denak ez kolore berekoak.

Futbolak, dena den, aparteko dosia du gizonkeriari dagokionez. Uda honetan ezagututako pasadizo batekin akordatu nintzen. Munduko Futbol Kopa bete-betean zela, alegia abdukzio maila handia jendartean, 15 urteko gazte batek kontatu zidan, kontatzean artean begiak gorritzen zitzaizkiola, zein gaizki pasatu zuen udako futbol torneo batean. Euskal Herriko herri ez oso handi bateko taldea zen, Kataluniara joana futbolean egitera, mutiko euskaldun jatorrak denak, ezin ahobizi eta belarriprestagoak, gure herriak betetzen dituzten familia estandar horietakoetan haziak, eskola eta ikastoletako programa parekide eta antidiskriminatzaile etab. guztietan heziak.

Eta hara non, partidan zehar, kontrako taldean zegoen jokalari bati, azalaren kolorea beltza, kasualidadea, denetarik esaten zioten gure mutilek, ahoa bizi-bizi suzko galdara zirudiela. Puto negro eta antzeko kalifikatiboak, hain beltz izan gabe baina oso beltzaranak zirenei ere zuzenduak, eta noski azalaren kolorea edozein dela, marikoi eta abarrei ere hedatu zitzaiena. Futbol zelai, aldagela eta harmailetan bereziki landua baitago asunto hau, futbola eta marikoia bat ezin etortze kontu hori, obsesioa dirudiena (hamar gol huts egin ditzakezu, eta kaguenla, baina marikoia izatea...). Okerrena, dena den, ez zen futbolaren munduan arrunta eta ia arau den afera hau bizitzea, okerrena da mutikoak kontatzen zuela berak kargu hartu zienean taldekideei hauek kontra egin ziotela, arrazoiz ari zirela alegia, gure herrietara lana kentzera datozen etorkin horietaz, eta zer esanik ez beste eremuaz, edo partiduak amaituta herrian libre zituzten orduetan neskekiko komentario eta jarrerak...

Gizonkeria, homofobia eta sexismoaren tenpluak dira futbolaren eremuak, beti gizonezkoak protagonista dituzten indarkeria debaldeko basatiak barne, indarkeria basatia izan gabe bortxakeria leunez beteriko gazte eta haurren arteko lehietan egoten den irain eta zarata neurrigabea barne.

Hori bai, hauek twerking egiten ote dakiten ez du axola.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...