Puigdemontek esan du Urkulluk ez zuela kontakizun osoa azaldu

Eusko Jaurlaritzak erantzun dio Kataluniako prozesu subiranistako elkarrizketak bilduak dituela, eta epaiketa bukatzean argitaratuko ditu
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia eta Ramon Tremosa eurodiputatua, joan den astean, Bruselan.
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia eta Ramon Tremosa eurodiputatua, joan den astean, Bruselan. EFE

Ane Ubegun Goikoetxea -

2019ko martxoak 13
Atzo, Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak adierazi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez zuela kontakizun osoa azaldu Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako prozesu subiranistaren inguruan egindako adierazpenean, otsailaren 28an. Puigdemontek leporatu dio Urkulluri hauteskundeetara deitzeko jarritako baldintzak behar bezala ez azaldu izana; lehendakariak deklaratu zuen Generalitateko presidente ohiak jarri zuen baldintza izan zela 155. artikulua ez aplikatzea, baina ezin izan ziola «bermerik» eman. Urkulluk auzitegian azaldu zuen Puigdemontek «presioak» izan zituela «kalean eta Junts Pel Siko talde parlamentarioan», eta horrek aldarazi ziola hauteskundeetara deitzearen iritzia. Puigdemontek esan du hori ez zela hala izan, eta beste zenbait baldintza jarri zituela Mariano Rajoy Espainiako presidentearen eskaerarekin bat etortzeko.

Otsaileko adierazpenean, Urkullu lehendakariak esan zuen Puigdemonten eta Rajoyren arteko «lotura» lanak egin zituela, eta «distentsio» giroa sortu nahi zuela, galdeketa mahaigaineratu gabe. Biengandik konpromiso bana lortzea zuen helburu lehendakariak: Puigdemontek independentzia deklarazioa baztertzea eta hauteskundeetara deitzea, eta Rajoyk 155. artikulua ez aplikatzea. Adierazi zuen Rajoyrekin izandako bileretan antzeman zuela Espainiako presidentea ez zela 155. artikulua ezartzearen «oso aldekoa», eta «intuizio bat» eskaini ziola Puigdemonti. Bermerik gabe, Puigdemontek iragarri zuen hauteskundeen deialdia baztertzen zuela eta independentzia deklarazioa gauzatzeko asmoa zuela.

Baina Generalitateko presidente ohiak, bi aste geroago, azaldu du beste baldintza batzuk ere jarri zituela mahai gainean Urkullurekin izandako bileretan, eta baldintza horiek bete ez zirelako ez zuela erabaki hauteskundeetara deitzea: «Hauteskundeetara deitzeko jarri nituen baldintzak hauek izan ziren: 155. artikulua aplikatuko ez zen bermea izatea, beldurra emateko Kataluniara bidalitako Polizia Kataluniatik ateratzea, Generalitateko finantzen gaineko kontrola bukatzea eta errepresioa amaitzea; kontakizunaren zati bat falta zaio».

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo erantzun zion Puigdemonti. Azaldu zuen Urkulluk Rajoyrekin eta Puigdemontekin hitz egindako eta adostutako guztia bildua dutela, eta dokumentazio hori hiru instituzioei eman dietela dagoeneko. Gainera, gehitu zuen Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa amaitzean aurkeztuko dutela txostena.

Immunitatearen bermea

Puigdemontek atzo adierazi zuen Kataluniara itzuliko dela eurodiputatu izendatzen badute. Azpimarratu zuen eurodiputatu karguak immunitatea bermatuko liokeela Europako Batasun osoan, «baita Espainiako Estatuan ere». PDeCATek Europako hauteskundeetarako zerrendaburu hautatu zuen igandean Puigdemont. Halere, ez dago argi immunitate bermea jasoko lukeen ala ez. Gainera, orain arte, EAJrekin batera aurkeztu dira Europako bozetara, baina oraingo honetan EAJk ez du zehaztu PDeCATekin aurkeztu den hauteskundeetara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna