Inaki Galdos
ARKUPEAN

Besteen Maltzagak

2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Telesforo Monzonek lehenengo aldiz erabili zuenetik sekulako indarra izan du abertzalegoan Maltzagako metaforak. Ez dakigu ziur-ziur horrela den, baina askok Xibertako bileren atarian bergararrak Enbata aldizkariari eskainitako elkarrizketa bat jotzen dute formulazio horren abiapuntu, gero urte luzez askoren ahotan egon dena. Adibidez, Maltzagako Aldarria eta Mahaia ezagutu genituen duela hamarkada bat inguru eta denbora askoan Maltzagatik izan zuen izena Argia aldizkariko zuzendari Xabier Letonak astero idatzitako artikulu interesgarri haien sailak.

Urrutiagoko intxaurretara begira, Brexitaren inguruan ikusten ari garenak Maltzagako ereduaren ahuldade eta gabeziak agerian uzten dituela aipatu zidan berriki euskal politikan urte asko emanak dituen buruzagi ohi batek. Erromantiko bezain inozoa dela gerorako gauza gehiegi lotu gabe uzten duen formulazio hori eta horregatik dagoela Erresuma Batuan asteotan dagoen anabasa. Ñabardurak ñabardura, antzeko bekatua ikusten dio Kataluniako independentismoaren baitan sortu den zatiketari ere. Gure artean egunen batean prozesu bat martxan jartzen bada oso kontuan hartzeko hutsuneak, adiskide zahar honen aburuz.

Testuinguru historiko eta politiko ezberdina lagun, baina bestelakoa izan zen Eskoziakoa. Han ere egon ziren sektore independentistak hainbat gai garrantzitsu beste fase baterako utzi nahi zituztenak, baina SNPk gidatutako prozesuaren baitan osatutako Liburu Zuriak zehaztasun maila handia eskaintzen zuen eta, errealismoz, oso gustukoak ez zituzten aferak onartu zituzten, monarkiarena kasurako. Pentsatzekoa da, beraz, galdeketa hartan baiezkoak irabazi izan balu, oztopoak oztopo, errazagoa izango zela independentziarako bidea gauzatzea.

Baina, zertarako galdu denbora kanpoko ereduak Maltzagarenarekin alderatu edota uztartzen, hemen dagoeneko Maltzaga hiltzat ematen bada?, galdetuko du norbaitek, hori baita gure artean azken urteotan dugun nobedade garrantzitsuenetako bat. Eta 1997an ELA izan bazen Gernikako Estatutua hiltzat eman zuena, sindikatu bera da hamarkada batzuk beranduago Monzonen ametsa bukatua dela gehien azpimarratzen duena, EAJri errua botatzen, noski, baina ezker abertzaleari ere errieta eginez jelkideekin akordioen bila tematzen delako. Ez da hor aldaketarik gauzatu Elorrietak esan (gogoratu bere liburua), Muñozek azpimarratu eta Lakuntzak iritsi berritan berretsi duenera.

Eta egia da, agian Xibertan bertan hil zen Maltzaga hura, jaio berritan. Edo Lizarra-Garazi hitzarmenaren hondarretan. Baina Maltzaga hor dago eta hortik pasatu beharko da. Kontua da hemen prozesu bat martxan jartzen bada, historikoki elkarrekin iriste hutsari eman zaion garrantzi sinbolikoari baino garrantzi handiagoa eman beharko zaizkiela eduki jakinei, geure Liburu Zuria idazteari, errealismoz proiektu eta proposamen bat lantzeari.

Baina egoera bitxi baten aurrean gaude. Batzuen ustez ez da unea prozesu independentista esplizitu bati ekiteko, ez dira baldintzak ematen, beste bide batzuk jorratu behar dira. Beste batzuek, ordea, ekin nahi diote ibilbide horri baina arazo bat dutelakoan nago, barka biezadate atrebentzia: gaur egun hainbat esparrutan mahai gainean dituzten proposamenekin ez dute inoiz hemen nahiko indar lortuko Europako txoko (nahiko) oparo honetan. Beste era batera esanda, gero eta gehiago entzuten dugun bezala, EAJrik gabe prozesuren bat martxan jarri nahi dutenek arrakasta izan nahi badute, gaur egun EAJk ordezkatzen duenarekiko oso gertu kokatu beharko dira euren proposamenekin. Paradoxa dramatikoa? Agian bai. Badakit euskal independentismoaren inguruan gaur egun teorizatzen ari direnak justu kontrakoa esaten ari direla, baina ez da hori nik ikusten dudana. Barka biezadate atrebentzia, diot bigarren aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.