Onintza Enbeita.
BIRA

Xamanak

2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ez dizuet gezurrik esango: Hego Amerikan egon naizen hiru aldietan xamanekin egon naiz. Txakrak askatu dizkidate, nire animalia espirituala zein den esan didate, nirekin bizi diren hildakoak aurkeztu dizkidate, nire beldurrak sutan erretzen ahalegindu dira… Bizi esperientzia ederrak izan dira denak, eta antza denez, zortea izan dut: ez didate ezer kobratu euren denbora nirekin xahutzearen truke.

Mexikon ezagutu nuen xamanak ez zuen hala ematen zuri europarron begietara. Bazuen lan bat, eta galtza bakeroak jantzita ibiltzen zen gizon gazte bat zen. Nirekin emandako arratsaldearen truke zerbait ordaindu nahi izan nion, eta esan zidan bazeukala lan bat bizitzeko adina diru ematen ziona. Berak jakinduria bat jaso zuela aurrekoengandik eta hori erabiltzen duela jendeari laguntzeko; eta kito.

Esan nion desagertzear dagoen espezie batekoa dela, europar eta iparramerikar zuri burgesek dirutza ordainduko luketela inguratzendituen aurak ze kolore duen jakiteagatik. «Güerita», esan zidan barreka, «badakizu zer egin: zuk asmatuko zenuke bakoitzari entzun nahi duena esan eta kobratzen». Lantzean behin idatzi egiten dit, eta, azkenaldian sare sozialak, liburu dendak eta bihotzeko aldizkariak ikusita, gogoa daukat galdetzeko ea zenbat gehiagori esan dien hori bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.