Inaki Galdos
ARKUPEAN

Dikotomia eta drama

2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Zalaparta handia dabil aspaldion esku pilota profesionalaren munduan, Baiko enpresaren erabaki ulertezinak eta pilotarien agerraldi publikoak tarteko. Barka biezadate muturra sartzea egunkari honetako kirol kazetariek, baina duela bi urte pasatxo hemen bertan Galarreta hizpide hartuta —erremontea— egin nuen gogoetaren jarraipen antzerakoa egin nahi nuke, pilotarekin gertatzen ari dena Euskal Herrian beste gauza askorekin gertatzen ari denaren ispilu egokia delakoan.

Argi dezadan ez dudala gauza askorik gehitzeko Baikoren baitan sortu den egoerari buruz. Bidezkoak iruditzen zaizkit pilotarien eskaerak eta gehiegikeriak enpresaren erabaki gehientsuenak. Bide batez, ederra orrialde hauetan Imanol Magro Eizmendi kazetariak berriki egindako analisia, primeran arrazoitutako argitasun eskaera, enpresa zein erakundeei zuzendua. Norbaitek pentsatzen bazuen esku profesionala oasia zela askoz ere egoera larriagoan dauden modalitateen alboan, horra hor errealitate gordina aldaba jotzen udazken hasiberrian.

Gehiago gaiztotu baino lehen konpondu beharreko arazoa da, beraz, Baikon gertatzen ari dena. Baina aldi berean iruditzen zait behingoz jabetu beharko dugula pilotaren benetako egoeraren larritasunaz. Onartu beharko dugula gurean (ere) gertatzen ari den sakoneko eraldaketak berarekin eraman dezakeela pilota (ere). Konturatu beharko dugula guztia ez dela enpresari maltzur batzuen edota agintari axolagabe batzuen errua. Guk geuk ere geure buruekin askoz ere zorrotz eta zintzoago jokatu behar dugula egoera honi buelta eman nahi badiogu.

Urtarrilaren 1ean Eibarko Astelena frontoia beteta ikusi zutenei Iñaki Elorza Txapas kazetariak argitu zien duela urte batzuk bost zirela Urteberri egunean irekitzen ziren pilotalekuak, tartean oso kilometro gutxira dagoen Bergarakoa. Bergaran bertan entzuna dugu garai batean jende gehiago joaten zela esku profesionala ikustera lanegun iluntze batean gaur egun urte osoan baino. Iazko ekainean Iñigo Bikuña donostiarrak debutatu zuenean, enpresak erabaki zuen partida Atano III.a pilotalekuan jokatzea Antiguako pilota eskolak 500 sarrera saltzeko konpromisoa hartu zuelako, ez hirian sekulako eskaera zegoelako. Zerrenda amaigabea osa dezakegu gainbeheraren adibideekin. Edo urtean zehar Eibarren, Bilbon, Gasteizen, Donostian… atera daitezkeen argazki tristeekin. Ez gaitzatela itsutu parrandak eta despedidak larunbatetan Labriten ospatzearen modak eta hainbat herritako jaietan kuadrillaren blusa soinean, gintonika eskuan eta ikusi mendizaleak eztarrian frontoira joatearen erritualak. Irudi politak oso, baina errealitatea desitxuratzen dutenak.

Liburu-denda betirako itxi berritan dendariak irratian esandakoarekin akordatzen naiz sarri: orain atsekabe eta amorrua adierazi digutenetako laurdenak etorri izan balira noizean behin libururen bat erostera, ez genukeen itxi beharrik izango. Gure teklatu eta butaketatik protesta egin dugunen artean zenbat joan gara pilotalekuetara Josu Eskiroz edota Unai Laso ikustera, etxetik oso hurbil izan ditugunean ere? Izan ditzakegu inoizko enpresari onenak eta agintari inplikatuenak baina pilotak pilotazaleak behar ditu batez ere, pilotalekuak beteko dituenak.

Antonio Peña y Goñi izan zen 1887an Donostiako Ategorrietako pilotaleku berria nork (Serafin Barojak) eta nola (Jai Alai) bataiatu zuen azaldu ziguna. Hamarkada batzuk beranduago, Miguel Pelay Orozcok bere liburu ederrean onartu zuen arrakasta handia izan zuela izenak, ordurako mundu osoan zabaldua, baina aldi berean ez zuen oso egokitzat jotzen: pilota jokoa dikotomikoa eta dramatikoa da izaeraz. Bada, honaino iritsita, onartu beharrean gaude jokoaren ezaugarriak ez ezik, etorkizuna bera ere baduela pilotak dikotomikoa —hil ala bizikoa—eta dramatikoa. Konpon bitez lehenbailehen Baiko enpresan sortutako arazoak, baina ez dezagun ahaztu arbola horren atzean basoa dagoela, desagertzeko arriskuan. Erraza bezain garrantzitsua da pilotazale bakoitzak hondamendia eragozteko egin dezakeena beste inori kontuak eskatu gabe… edo kontuak eskatzen dizkion bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.