Marcelino: «Athleticen betiko balioekin bat dator nire estiloa

Athleticeko entrenatzaile berriak esan du zertara datorren: «Irabazteko asmoz». Elizegi presidenteak esan du horretarako ekarri dutela

Rafa Alkorta, Marcelino Garcia Toral eta Aitor Elizegi San Mames barruan atzo, entrenatzailearen aurkezpenean. A.L./ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Marcelino Garcia Toral «irabazteko asmoz» etorri da Athleticera. «Ahalik eta gehien irabazi nahi dugu», esan zuen atzo, aurkezpeneko agerraldian. Aitor Elizegi presidenteak ere erantzun behar izan zituen kazetarien galderak, eta irabaztearen jiran justifikatu nahi izan zuen Espainiako entrenatzailea fitxatzea, eta aurretik Gaizka Garitano botatzea: «2021ean erronka historikoa daukagu, eta pauso hau ematea beharrezkoa izango da». Kopako finalaz ari zen presidentea, aipatu ez bazuen ere. «Hazten segitu nahi dugu», esan zuen, eta erantzun bera eman zuen Rafa Alkorta kirol zuzendariak ere.

Entrenatzaile berriak eskaintza zergatik onartu zuen azaldu zuen: «Ez dugu beste aukerarik izango talde handi eta historiko hau entrenatzeko. Oso egitasmo polita da, esperientzia ederra».

Taldearen inguruan, hitz onak baino ez zituen izan, errespetuzkoak: «Itxura ona hartzen diot». Orain, haiekin egin beharko du lan, eta zer estilo eta bidetatik joko duen galdetuta, hauxe erantzuna: «Athleticek badu betiko estilo bat. Intentsitatea, azkar jokatzea, dinamismoa, irabazteko grina... Nire balioak ere horiexek dira». Estiloa hizpide hartuta, haren defentsa egin zuen: «Sistema baino estiloa da funtsezkoa». Gehiago ere sakondu zuen: «Lau atzelarirekin eta bi euskarrirekin jokatzea asko gustatzen zait. Beste lau jokalariekin oreka eta sakontasuna lortu nahi izaten dut aldi berean». Baina jokalarien ezaugarriak funtsezkoak direla gehitu zuen: «Haiek zehazten dute azkenean sistema 4-4-2 den(bere gustukoena), edo 4-2-3-1 edo 4-4-1-1. Azkenean, jokalariak eroso badaude, ondo jokatuko dute». Hori bai, garbi utzi zuen bere ñabardurak sartuko dituela jokatzeko moduan, eta entrenatzeko denbora gehiago ez edukitzea kalterako dela hori lortzeko: «Baina badakigu zein den egoera, eta eskaintza onartzerako bagenekien partida asko ditugula oso denbora gutxian. Horren berri bagenuen».

Harrobia erabiliko du

Buruan duen hori eta beste taldeetan ezarri duena Athleticen erabili ahalko ote duen... Balizko fitxaketekin lotu zuen: «Gaurkoa da garrantzitsua. Biharkoak ez du balio. Taldea ezagutu nahi dut». Horrekin lotu zuen klubaren filosofian euskarri den harrobiko lana, eta garbi esan zuen gazteen aldeko hautua egingo duela, baina neurrian: «Oso emankorra da hemengo harrobia, eta baliatu nahi dugu. Baina ez gazte guztiak batera eta kolpetik sartuz, pauso sendoak emanez baizik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.