Inaki Galdos
ARKUPEAN

Gurean

2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Kontu honetan ez dago segurutzat ezer ematerik, baina badirudi ondo bidean bihar bukatuko dela Donald Trumpen agintaldia Ameriketako Estatu Batuetan. Politikarako jauzia ematea erabaki zuen unetik berari buruz esan eta idatzi dena izugarria izan da, bai kopuruari eta bai edukiari dagokienez. Eta hori gutxi balitz, urtarrilaren 6an Washingtoneko Kapitolioan gertatuak biderkatu egin du bestela ere bizi-bizia behar zuen azken txanparen zalaparta.

Sakonean bi izan dira han-hemenkako aditu, kazetari eta enparauak erantzuten saiatu diren galderak: zergatik lortu zuen New Yorkekoak Etxe Zurira iristea, eta nola biderkatu duen modu beldurgarrian ordurako gizartean zegoen arrakala. Askotarikoak izan dira erantzunak, batzuk beste batzuk baino interesgarriagoak, betiere hainbat elementu komunekin. Ez naiz arkupe honetara etorri Trumpen ibilbideari buruzko gogoeta egiteko, baina bai duela urte batzuk gurean izan genuen fenomeno bat gogora ekartzeko, ez baitira gutxi izan hangoa ikusi eta 2007-2008 urteko Gipuzkoara itzularazi nauten gertakizunak.

Besteak beste ustelkeria kasu larriak zirela medio gipuzkoarren haserrea sekulakoa zenean eta gizarte-kohesioan pitzadurak etengabe handitzen ari zirenean, Realak egundoko krisia jasan zuen: berrogei urteren bueltan bigarren mailara jaitsi zen eta, batez ere, bere etorkizuna zalantzan jarri zuen, desagertzeko zorian. Sekulako koktela. Norbaiti sinesgaitza irudi dakioke futbol talde baten gorabeherak izatea horrelako egoera sortu izanaren arrazoi nagusienetakoa, baina garai haietan Gipuzkoan sortu zen giroa ezagutu zuenak badaki zertaz ari garen.

Testuinguru horretan agertu zen mesias berri bat, gezur pila baten inguruan eraikitako proiektu bat predikatzera. Eta lortu zuen bere ejertzitoa eraikitzea, prest egon zena berak agindutako oro betetzeko, orduko protagonista batzuek gero aitortu duten bezala: hedatzen zituzten foroetan kaudilloari traba egiten ziotenen inguruko amen-omenak, kikiltzen zuten jendea… Eta lortu zuen kazetari batzuk bere zerbitzura jartzea, botatzen zituen astakeria handienak ere egiatzat saltzen zituztenak. Eta lortu zuen ustez politikara eman behar zuen jauziaren (alkaterako edo lehendakarirako omen zen zalantza) inguruko giroa sortzea, nahiz eta kazetari batek ikerketa baten bidez agerian utzi zuen mesias hori bera zela identitate faltsuen bidez gaia hauspotzen ari zena. Eta lortu zuen bere jarraitzaileek kapitolioa ez, baina Donostiako belodromoa asaltatzea, hauteskundeak irabazi zizkiotenak Ertzaintzaren babespean jarri behar izateraino. Eta lortu zuen demokratikoki bera boteretik kendu zutenak golpistak izatea hainbat jenderen ustez, prozesuen garbitasuna zalantzan jartzea, teoria konspiratzaileak hedatzea. Eta lortu zuen batez ere jende askok itsu-itsuan berari jarraitzea, Estatu Batuetako errepublikano askok bezala, orain euren bizitzako pasarte hura ahaztu nahi duten mordo batek tarteko.

Horiek eta beste gauza asko lortu zituen, bai, batzuk patetikoak, beste batzuk oso larriak, asko oraindik ezezagunak, baina guztiak egunen batean jaso eta idatzi beharko direnak, historia ilun hura ez dadin bitxikeria huts gisa geratu.

Ez, hura ez zen izan futbol talde baten baitako sestra hutsa. Hura Euskal Herriko lurralde oso bat zipriztindu eta zatitu zuen krisi itzela izan zen, erpin askoduna, kirola, politika, hedabideak, enpresak eta epaitegiak nahastu zituena, eta oraindik ere ajeak utzi dituena. Baina batez ere agerian utzi zuena gu ere ez gaudela libre horrelako arrisku populistetatik, mundu zabalean harriduraz ikusten ditugun jarreretatik. Sarritxoago begiratu beharko genieke geure buruari eta geure historiari, ditugun gabezia eta arrakalez jabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.