Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Bizi Berri planak, datu eta neurrietatik haratago

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Erabateko itxialdia amaitu berri zela prestatu zuen Eusko Jaurlaritzak iazko maiatzean Bizi Berri plan irekia, deseskalada aldirako lehen neurriak azaltzen zituena. Helburu orokorra, COVID-19aren izurriteari aurre egitea, lau ataletan banatzen zen: erabateko etxeratzea ekiditea, osasun zerbitzuen kolapsoa urruntzea, hezkuntza presentzialari eustea eta koma ekonomikoari ihes egitea. Horretan gabiltza oraindikere.

Esan dezadan Europako herrialdeen estrategiekin lerratuta dagoela Bizi Berri. Hainbat dira antzeko erreferentziak eta neurriak dituzten herrialdeak, Alemania, Austria, Frantzia edo Danimarka, kasurako. Denok datoz bat Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) bigarren ardatzean dioenarekin, hain zuzen (www.ecdc.europa.eu).

Bizi Berri plan irekia da, pandemiak ekarritako osasun arazo eta kalte ekonomiko larriek halaxe eskatzen baitute. Bizi Berri II iazko urrian argitaratu zen, epealdi baten beharren araberako helburuak eta jardunak egokitzeko, eta lau hilabetera, agindu bezala, Bizi Berri III aurkeztu da. Patxadaz irakurtzea merezi dute biek.

Bizi Berri II-k erreferentziazko eszenatokiak garatzen ditu. Berdetik gorrira arteko 5 maila eta egoera 3 parametroren bidez zehazten dira: intzidentzia metatua (14 egunetan bildutako positiboak 100.000 biztanleko), birsortze tasa (transmisioaren indizea) eta ospitaletako ZIU zainketa intentsiboen unitateetako okupazio maila.

Hilabete hauetan datuak interpretatzen ikasi dugu, badakigu oinarrizko neurriez gain zeintzuk beste gorde behar ditugun, noiz goazen okerrera edo hobera, zeintzuk diren espaziorik eta jardunik arriskugarrienak, zeintzuk pertsonarik zaurgarrienak… Zerbait baino gehiago ikasi dugu. Hauxe da Bizi Berri II-ren ekarpenetako bat. Bestea, egoeraren ahuleziak eta indarguneak azaleratzea edo zer den kalte eta zer mesede adieraztea, batzuk ekiditeko eta besteak indartzeko.

Azkenik, moralina-lezioak bailiran kritikatu dutenen ondoan, nire ustez, elkarbizitza oinarriak dira Bizi Berri II-k gogoratzen dizkigunak, ezinbestekoak egoera izugarrihonetan. Hirugarren bertsioak ere hasiera-hasieratik gogoratzen dizkigu euskal kulturaren osagarri eta erronka diren elkartasuna, apaltasuna edo erantzunkidetasuna.

Bizi Berri III ekainera arteko jardunak zein ohitura-moldeak pandemiaren bilakaerari egokitzera dator, oinarri etikoak lehenetsiz eta aurreko bi bertsioak barnean hartuz. Astia dugu datozen lau hilabeteetan plana aztertu eta bere bi hipotesietatik bat —lehena— gerta dadin geure ahalegin solidarioa egiteko. Hala izan bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.