Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

'Catalunya'

2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Duela hilabete Egunak aurrera doaz idazten nuen eta, egia esan, ez nuen uste horren zaila izango zitzaienik alderdi independentista katalanei gobernatzen jartzea, hauteskunde kanpainan publikoki agertu eta sinatu baitzuten Generalitatea elkarrekin osatzeko konpromisoa, herritarren konfiantza jasotzen zuten neurrian.

Azken elkarrizketek eta hainbat ahots kualifikaturen presioak ekarri duten aurre-akordioak aditzera ematen du ERC, JxCat eta CUP alderdiek konponketaren bat lortuko dutela euren buruak hauteskunde berrietarabehartu ordez. Egun batzuk—gutxi— geratzen dira hilaren 26ra arte eta premiazkoa eta prisazkoa da Generalitateko presidentearen inbestidura lortzea eta gobernua abian jartzea. Halere, Kataluniako egoera politikoak dituen ertzez jabetzea ezinbestekoa deritzot, legealdi berrian sortu daitezkeenak ulertzeko, gertatzen dena gertatzen dela negoziazio politiko hauetan. Kataluniako panorama politikoan eragiten duten geruza edo plano desberdinen artean ez dago marra garbirik; alderantziz, batzuetan gainjarri egiten dira eta besteetan ostera elkarren aurka eragiten dute. Horrexegatik da hain konplexua errealitatea.

Alde batetik, 2017ko urriaren 1ak ezarritako logika dago. Ezin uler daiteke Kataluniak bizi duen egoera politikoa egun hura gailur izan zuen mugimendua aztertu barik. Uholde gizatiarra ikusi genuen bake giroan erreferendumean parte hartzen, era guztietako mehatxuei aurre eginez. Urteetan garatutako lan askoren osteko jarduna izan zen. Kataluniaren independentziaren aldeko aldarri zabala ezagutu genuen. Harrigarria izan zen zirkunstantzia zail haietan gizarteak erakutsitako tinkotasuna eta gizatasuna. Hurrengo egunak latzak izan ziren, bakean gauzatutako herri kontsultari Estatuak eman zion erantzuna legerik gogorrenak aplikatzea izan baitzen, bide politikoen zantzu minimoak ere ukatuz. Gertakizun horietan du sustraia, neurri handi batean, gaur egun Europan egoitza duen Kataluniako Errepublikarako Kontseiluak, Carles Puigdemont buru duena; erakunde horren helburuak, egitekoak eta Generalitatearekin izango ditzakeen harremanak dira hiru alderdi independentistek egun duten eztabaida politiko estrategikoaren muina.

Bigarren geruza erakundeak osatzen du; egunero gobernatu behar da, gizartearen ongizatea sustatzeko jardun politikoaren kudeaketa demokratikoa egiteko Generalitate sendoa behar da, agian inoiz baino sendoagoa. Garrantzitsua eta urgentea da gobernua osatzea, sinesgarritasunari eusteko ere, aurreko hilabeteetan erakutsi duen irudi kaxkarrak ez baitio lagunduko konfiantza hedatzen. Baina ez da lan erraza sendotasuna, konfiantza, heldutasun politikoa,... osagai horiek guztiak erakustea, egoera objektiboki zaila denean, gizarte katalanaren gehiengoak aitortzen dituen buruzagi esperimentatu guztiak hainbeste hilabetetan espetxean edota erbestean daudenean.

Hirugarren plano bat aurtengo otsailaren 14ko hauteskundeetan ERCk egindako sorpassoak markatu du, alderdi honek bere helburua, katalanisten artean lehena izatea, lortu baitu. CDC desagertzeaz batera ez da etorri ez lehendik zeuden alderdien birkokatze berritzailerik ezta taldekatzerik ere, horrela lortu zitekeen arren multzo politiko zeharkatzaile bat, elkarbiltze-eremuak sendotzeko eta guztien berezitasunekin zoru komuna zabaltzeko.

ERCk agintearen beharra du, baina ez zaio ikusten beste garai batzuetan izan duen buruzagitza sendorik; Puigdemontek bizirik iraun beharra du, erbesteko erakunde bati lotuta bada ere, baina iraunkortasun hori moztu daiteke une batetik bestera. Horregatik ere JxCat-ek ez dizkio gauzak erraz jarriko ERCri. Amaitzeko, ongi etorria izan begi Generalitate berria, garairik zailenetan ere egunak beti egiten baitu argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.