Knesseteko presidentea aldatu nahi dute, koalizioari eusteko

Presio egitea galarazi nahi diote Netanyahuri. Baliteke Israelgo Yaminako hainbat diputatuk bizkarra ematea Bennetti

Gobernu akordio berria babesteko mobilizazioa, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Israelen gobernu berri bat osatzear den koalizioak Knesseteko presidente Yariv Levin kargugabetzeko asmoa adierazi du, gobernu berri baten eraketa zapuzten saia daitekeela argudiatuta. Koalizioko buruek, Yesh Atid alderdiko Yair Lapidek eta Yaminako Naftali Bennettek, arduratuta daudela adierazi dute, Levin inbestidura saioa atzeratzen saiatu daitekeelakoan, jarduneko lehen ministro Benjamin Netanyahuri eskuineko diputatuen iritzia aldarazteko aukera emateko.

Lapidek Israelgo presidente Reuven Rivlini herenegun jakinarazi zionez, parlamentuko 120 diputatuetatik 61en babesa luke gobernu berri bat osatzeko; hau da, boto bakar batek egoera irauli dezake. Horiek hala, Yesh Atideko buruak lehenbailehen egin nahi du bozketa. Eguna zehaztea, ordea, Levinen esku dago. Legearen arabera, bozketa ekainaren 9an egin daiteke, koalizioaren osaera presidenteari adierazi eta astebetera. Hura bost egun atzeratzeko aukera du, ordea, parlamentuko presidenteak, ekainaren 14ra arte; Knessetek akordio horren berri ematen duenetik astebete igarotzean —astelehenean egingo dute saioa—.

Israelgo hainbat hedabideren arabera, Levinek, Netanyahuren Likud alderdiko kideak, azken eguneraino luzatu nahi du epea, hark bazkide ohiak konbentzitzeko aukera izan dezan. Izan ere, jarduneko lehen ministroak, besteak beste, Yamina eta Itxaropen Berria alderdietako diputatuei—Netanyahuren gobernuen parte izan dira— eskatu die koalizio berriaren aurka bozkatzeko: «Eskuineko kide guztiek ezkerreko gobernu arriskutsu honen aurka egin behar dute».

Yesha batzordeko kideekin ere bildu da jarduneko lehen ministroa, gobernu berriaren eraketa galarazteko babesa lortzeko asmoz. Erakunde horrek Zisjordaniako lurralde okupatuetako kolonien buruak biltzen ditu. Hori soilik ez. Netanyahuk bere jarraitzaileak mobilizatzea ere lortu du, eta oposizioko hainbat politikarik mehatxuak salatu dituzte, tartean Yaminako bigarrena, Ayalet Shaked.

Yesh Atidek eta Yaminak parlamentuko presidentetzara euren aldeko kideren bat jartzen badute, ordea, bozketa aurreratzeko aukera izango dute. Kargurako hautagaitza bat ere aurkeztu dute: Mickey Levy, Jerusalemgo Poliziako buru ohi eta Lapiden alderdiko kidea. Aliantza ahula da, ordea, eta garaipena ez daukate bermatuta.

Horren lekuko da Yaminako diputatu Nir Orbachen jarrera. Levin kargugabetzearen aurka agertu da, eta ikusteko dago koalizioaren alde egingo duen edo, haren alderdikide Amichai Chiklik bezala, Bennetti bizkarra emango dion. Times of Israel egunkariaren arabera, gainera, ez litzateke Orbach zalantzak dituen Yaminako parlamentari bakarra; Idit Silman ere ezbaian legoke. Lehen emaitzaren berri izateko, baina, astelehenera arte itxaron beharko da. Knesset asteko lehen hiru egunetan biltzen da, eta presidentearen balizko aldaketa orduan bozkatuko dute.

Muturretik muturrera

Lapidek azken unean lortu zuen Rivlini gobernua osatzeko proposamen bat aurkeztea eta, hala, Netanyahu berriz ere jokoan sartzea galaraztea: «Zure aurrean, presidente jauna, konpromisoa hartzen dut gobernu honek Israelgo herritar guztientzat lan egingo duela».

Koalizio berriak zortzi alderdi biltzen ditu, eskuin muturretik hasi eta ezkerreraino: Yesh Atid (hamazazpi diputatu), Urdina eta Zuria (zortzi diputatu), Yamina (zazpi), Alderdi Laborista (zazpi), Yisrael Beiteinu (zazpi), Meretz (sei), Itxaropen Berria (sei) eta Zerrenda Arabiar Batua (lau). Azken hori Israelen gobernua osatzeko koalizio baten parte den lehen alderdi arabiarra da; besteak, Zerrenda Batuak, uko egin zion eskuinarekin bat egiteari. Denak batzen dituen arrazoia bat eta bakarra da: Netanyahuren hamabi urteko agintaldia —aurrez beste hiru ere egin zituen— amaiaraztea.

Akordioaren arabera, agintaldiaren lehen bi urteetan Bennett izango litzateke lehen ministroa, eta ondorengo bietan, Lapid. Besteak Atzerri ministroaren kargua izango luke. Bennett Defentsa ministro izan zen Netanyahurekin, eta Zisjordaniako lurralde okupatuak Israelera anexionatzearen aldekoa da. «Ez dugu lurralderik emango», adierazi zuen akordioa sinatu aurretik, eta gehitu ez duela «beldurrik» izango Palestinan operazio militarrak egiteko.

Lapid, berriz, azken urteetan Netanyahuren gobernuen aurkako oposizioa gidatu duen diputatu zentrista da. Aurrez, 2013an, Finantza ministroaren kargua hartu zuen jarduneko lehen ministroaren gobernuan, baina urtebete inguru iraun zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.