Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Liburuak ordainetan

2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gaztetan egin nuen lehen lana liburutan ordaindu zidaten; ez naiz sekula horren aberats eta zorteko sentitu. Hamahiru edo hamalau urte nituela, arratsaldeetan sos batzuk ateratzeko asmoz, nire burua eskaini nuen haurrak, adinekoak edo gazteren baten laguntza behar zezakeen edonor artatzeko. Gure amona zenaren laguna Julia ezagutu nuen orduan.

Juliak liburuak maite zituen, eta Fernando bere senarra zenak gauero ahoz gora irakurtzen zizkion istorio liluragarriei esker beste bizitza bat, edo hamaika bizitza, bizi izateko aukera izan zuela kontatu zidan. Senarra hil zenez geroztik, ordea, liburutegia mutu geratu zen. Ahoz gora irakurtzea izan zen nire lehen lana, ordainetan etxeko liburutegitik nahi beste liburu hartzeko tratuarekin. Liburuzale amorratua izanik ere, Juliak ez baitzekien irakurtzen. Bere eskutik lan informalaren mundura jauzi egin nuen etxe hartako epeltasunean, leiho baten ondoan eserita, irakurtzen.

Neskei irakurtzen, idazten eta pentsatzen irakastea alferrik zela, edo are gehiago, arriskutsua zela uste zen garaiko umea izan zen Julia. Bizitza osoan gurutze baten moduan eraman zuen txikitako gabezia hura. Bere garaian alfabetatua ez izatea erabat arrunta zela esaten zuen Juliak, burua desenkusatzeko agian, baina bereziki neskak ezjakintasunera eta mendetasunera kondenatzen zituzten garai horiek madarikatzeko. Beti norbaiten beharra izatera zigortuta zeudela esaten zuen, irribarre txikia eginez. Egundo ez dut lortu ulertzea nola egin zezakeen irribarre.

Talibanek Afganistan berriro gobernatuko dutela zabaldu denez geroztik goitik behera beltzez edo urdinez jantzitako emakume eta nesken irudiak zabaldu dira, barra-barra. Gure diru eta oniritziarekin Mendebaldeko indarrak bertan jaun eta jabe izan diren urteetan ere halaxe zebiltzan, baina orain arte ez omen genuen kezkatzeko motiborik. Herrialde hura segurua zela argudiatuta, nazioarteko potentziek (geure Europak barne) emakume errefuxiatuen aterpe-eskaerei uko egiten zieten orain baino lehen, ikasturtearen hasieran suizidio kasuak hirukoiztu egiten zirela aintzat hartu gabe: urte sasoi honetan familiek eskolatik aterarazten dituzte nesketako asko, adostutako ezkontzetako zulo beltzera kondenatuta. Unibertsitate-segregazioaren irudiek asaldatu gaituzte —kortina beltz bat gizon eta emakumeak bereizteko, sarrera-irteerarako ordutegi desberdinak elkar ikus ez dezaten— baina eskolara iristen ez diren neskak ikusezin zaizkigu. Bata eta bestearen arteko lotura ez ikusteko hain itsuak al gara?

Desberdintasunen hotzepelak zuzentzeko eskola ezinbesteko tresna dela argi dugu. Ez zait horren argi geratzen, ordea, egiazki jabetzen ote garen zer esan nahi duen horrek. Munduaren aurrean biluzik agertzea bezalakoxea dela, alegia, patuari aurre egiteko garaian esku-hutsik borrokatu behar izatearen pareko. Ez dakigu, ez dugulako pairatu, eta sekula guri gertatuko zaigunik ez zaigulako okurritu ere egiten. Beste garai bateko kontuak direla uste dugu, edo beste lekuren batekoak, non gu babestuta gauden, munduko tokirik onenean eta garairik egokienean jaiotzea suertatu zaigulako. Ahaztea aukeratu dugu, edo soilik gure zilborrera begiratzea: gurean atzo goizeko kontuak dira, eta munduko toki askotan, eguneroko miseria.

Oso urruti dago Kabul, baina oso gertukoak zaizkit burkaren azpian eta burkaren beharrik gabe irakurle trakets edo pertsona erdi izatera kondenatuta dauden emakume horiek guztiak. Hangoak eta hemengoak. Irakurtzen ez zekien arren, sekula ezagutu dudan Juliairakurlerik porrokatuena,adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.