Sri Lanka «osasun larrialdian» dago krisi ekonomikoak eraginda

Medikuen Gobernu Elkarteak salatu du sendagaiak falta direla. Rajapaksa presidentearen dimisioa eskatu dute protestetan

Kolonbon herenegun egin ziren protestak, Gotabaya Rajapaksa presidentearen dimisioa eskatzeko. C.KARUNARATHNE / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Sri Lanka 1948an independentzia lortu zuenetik izan duen krisi ekonomikorik okerrenean dago. Asiako hegoaldeko herrialde horretan, inflazioa inoiz baino handiagoa da, eta, krisi ekonomiko horren ondorioz, sendagaien, erregaien eta oinarrizko baliabideen eskasia dago. Sri Lankako Medikuen Gobernu Elkarteak, herrialdeko sindikatu indartsuenak, ohartarazi du osasun larrialdi nazionalean dagoela. Egoera larri horretan, herritarren protestak areagotu egin dira azken bi asteetan, eta Gotabaya Rajapaksa presidentearen dimisioa eskatu dute. Gobernuak atzo parlamentuari adierazi zion presidenteak ez duela dimisioa emateko asmorik.

Azken bi asteetan areagotu egin dira protestak, baina herritarrek urtarriletik daramate manifestazio baketsuak egiten krisiak eragiten dien frustrazioa erakusteko. Joan den ostiralean, Rajapaksak larrialdi egoera ezarri zuen Sri Lankan —herenegun indargabetu zuen—, presidentearen etxearen aurrean zenbait manifestari bildu ondotik. Neurri horrek modua ematen du susmagarritzat jotakoak atxilotzeko baimen judizialik gabe.

Horren harira, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak herenegun kezka adierazi zuen «protesta publikoen bidez jendeak atsekabea legitimoki adieraztea eragoztea helburu» duten murrizketa horiengatik.

Ostera, iragan astelehenean, presidentearen kabinete osoak dimisioa eman zuen, eta oposizioko alderdiek uko egin zioten Rajapaksak gobernu bateratu bat osatzeko eginiko proposamenari. Herenegun, SLFP Sri Lanka Askatasunaren alderdiak jakinarazi zuen utzi egingo zuela Rjapaksarekin osatzen zuen koalizio gobernua: «Gure alderdia herritarren alde dago», adierazi zuen Maithripala Sirisena SLFPko liderrak. Beste hamasei parlamentarik ere jakinarazi zuten ez dutela gobernua gehiago babestuko.

Rajapaksa sostengurik gabe geratzen ari da, eta horren adierazle da atzo izendatu berri zuen Finantza ministroak dimisioa eman izana, postua hartu eta 24 ordura. Egoera politikoa larria den arren, eta gobernuak parlamentuan gehiengoa gal dezakeen arren, atzo Johnston Fernando presidentearen alderdikideak ohartarazi zion parlamentuari presidenteak ez duela «inola ere» dimisioa emango.

Medikuen Gobernu Elkarteak gogor kritikatu zuen gobernua, «arriskuan» jarri duelako osasun sistema unibertsala. Gotabhaya Ranasinghe Kolonboko ospitaleko kardiologoak esan zuen ospitaleak botikarik gabe zeudela, eta bizitza asko zeudela jokoan. «Jendeak nabarmen ikusten du elikagaien eta erregaien krisiaren eragina, baina osasun krisia hasi besterik ez da egin. Mediku naizen aldetik, gogorra da jakitea ezin ditudala botikak errezetatu. Ez dut uste politikariek ondo ulertzen dutenik eragina», adierazi zuen kardiologoak.

Zor publikoa, goraka

Sri Lankak ez du jada dolar erreserbarik oinarrizko elikagaiak erosteko, ezta elektrizitatea sortzeko adina diru ere. Herritarrek, hamahiru ordutik gorako itzalaldiak sufritzeaz gain, inflazio handia, eta janari eta oinarrizko ondasunen eskasia ere pairatzen dute. Nazioarteko Diru Funtsaren datuen arabera, zor publikoa barne produktu gordinaren %119ra igo zen iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.