mikel elorza
ARKUPEAN

Uniformeak

2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak PAI programa lege bihurtu nahi du. Programa de Aprendizaje en Inglés duela urte batzuk abiatu zuen, hainbat ikasgai ikasleek ingelesez jaso ditzaten. EAEn ere badago praktika hori, ikasgai batzuk ingelesez ematekoa, lortuz gehienetan, ene uste oso harroan diot, ez ikasgaia ez ingelesa ikas ditzaten ikasleek. Nafarroan hezkuntza programaren ikur bihurtu zuen UPNk, «ingelesez irakatsi euskaraz irakatsi beharrean» borrokagune hori ere indartuz, eta orain PSNk bere egin du. Modernotasunaren dibisa jarriz zezenari. Eta, jakinagatik estatuko legeria kontra dutela, finkatu egin nahi dituzte ingelesez irakasten dihardutenak. Gobernuko sozioak eta UPN ez den oposizioa kontra dituzte, sindikatuak ere aurka, baina horrek igual dio. Eusko Jaurlaritzak ere urtea eman du hainbat eragile eta hezkuntza alorreko agente entzuten eta gero entzundako asko onartutako planean topatzea ezinezkoa da.

Espantuak egiten ditugu hainbatek, nola litekeen, eta euskara zentroetatik baztertzeko ahalegina salatzen jarraitu behar dugu, baina onartu beharko dugu —eskola ispilua baino ez da—, geu ere modernidade anglosaxoniarraren sareak harrapatuak gauzkala eta etorkizun laboralaren larriak —nork arraio zamatu ote digu bizkarra Sisiforen harritzar berri horrekin— bultzatzen gaitu ume eta nerabeak barku-gerra itzelean sartzera (nik C1; zuk B2; hark C2), akademia partikularren eta Oxford eta Cambridge bezalako erakundeen patrika lehen ere gizenak areago gizentzen. Hizkuntzak komunikatzeko tresnak direla? Hori lehen izango zen. Hizkuntza bat ikasi hizketan egin ahal izateko?, literatura edo zinema bat zubirik gabe barneratu ahal izateko? Hori freaky batzuek bai, gainerakoan, hizkuntzak dira... titulua edukitzeko!! Eta gu bezalakoak, ez A1 ez D4: hondoratuta.

Ingelesa buruan, eta ibili munduan.

Nahiz eta munduan ibiltzea erretorika alorreko figura bilakatu den, mundua bera baitabil gugan. Algoritmo izeneko batzuk hartu ditu itzain, eta mundura joan beharrik ez dago: Googlek erakusten dizu, Amazonek ekartzen, Netflixek jartzen dio irudia, Facebook edo Instagramek saretzen. Hau esatea bera makillaje hutsa da, halako kritika ustezalter, orokor eta erraz samarra, baina errealitatea egoskorra da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Googlerekin egin berri du hitzarmena, Euskal Erdiko ikasleek tresna digital puntakoenak izan ditzaten. Gure formazioa abandonatu eta informazioa Googleren eskuetan utzi du, guk geuk pagatuta, gainera. Plataforma digital alternatiboak, eduki eta software libreak, teknologia guregainak garatzen ahalegindu beharrean, eta gu guztiok (ikasle, irakasle, guraso...) horretan formatu beharrean, emailari gmail deitzen dion eta edozer partekatzeko bide zuzenena drive dela uste duen deformatu digital piloa bihurtzen ari gara.

Eta amorrua ez da espiatuko gaituztelako (zerri goseak ezkurra bezala, nik sekretuak edukitzea amets!). Izan ere, konpainiek, haiek, interesa ez dute gure sekretuetan, gure ohitura, gustu eta zeregin arruntenetan baizik. Eta guk dohainik ematen dizkiegu, eta ordainduta askotan! Etxeko ate eta leiho eta ekran guztiak zabalduak dizkiegu, eta orain eskolan ere hitzarmena. Harrera, gainera, ingelesez egingo diegu: gora PAI! Eta, batez ere, pay!

Amorrua da azkenerako zer egin nahi dugun, guk erabaki dugulakoan, bestek erabakitzen duela. Ez da intimitatea galtzen duguna, erabakimena baizik. Estilo asko dauzkagu, tendentziak, markak, modeloak; nork bere zapatilak daramatza, bere arropa, mugikorra, autoa, nork bere filmak, liburuak, kantuak... askotarikoak garela uste dugu, aberats, baina funtsean uniformea daramagu. Gero eta igualagoa, eta gero eta estuagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.