Portugalen eutanasia despenalizatzeko legea bidea egiten hasi da berriro

Asanbleak oniritzia eman die lau proposameni. Herrialdeko presidenteari dagokio arauak gainbegiratzea; azkeneko bi saiakerei betoa jarri zien iaz

Eutanasia legeatzearen aurkako protesta bat, iaz, Lisboan. TIAGO PETINGA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Portugalen eutanasia despenalizatzeko bidea ireki du Asanbleak, berriro. Hori indarrean sartzeko lau lege proposamen onartu zituzten atzo, ondoko kasuetarako: «muturreko larritasuneko behin betiko lesioak» daudenerako, eta gaixotasuna «larria eta sendaezina» denerako. PS Alderdi Sozialistako —gehiengoa du ganberan- diputatu gehienek, PSD Alderdi Sozial Demokrata eskuineko indarreko bakan batzuek eta Iniciativa Liberaleko, Ezkerreko Blokeko, Livreko, eta PANeko (Animalistak) guztiek lau proposamenak babestu zituzten. Horien tramitazio parlamentarioa hasiko dute, batzordeetan aztertuko dituzte, eta berriro ganberara itzuliko dira, irailean ziurrenik, behin betiko bozketa egin dadin.

Hori bai, denak estatuburuari, Marcelo Rebelo de Sousa presidenteari begira daude orain. Izan ere, Asanblean, iaz, bi aldiz onartu zuten eutanasia despenalizatzea, baina bi proposamenei betoa jarri zien presidenteak, eta azkenean ez zuten biderik egin. Arautegia gainbegiratzea dagokio presidenteari. Katoliko praktikatzailea da.

«Hau jada ez da duela urte batzuetako eztabaida», nabarmendu zuen PSko Isabel Moreirak atzo. 2018an hasi ziren legebiltzarrean eutanasia despenalizatzeaz hitz egiten. Orduan ganberak berak bota zituen atzera proposamenak. «Herrialdeak badaki bizitzarako eskubidea ezin dela bihurtu edozein baldintzatan bizitzeko obligazio bat», azaldu zuen PSkoak.

Ezkerreko Blokeko lider Catarina Martinsen esanetan, «herritarren gehiengoaren borondatea» islatzen dute lege proposamenek, eta Iniciativa Liberaleko presidente Joao Cotrim de Figueiredok nabarmendu zuen herritar guztiak «askeak» direla erabaki bat hartzeko orduan.

Aurreko legegintzaldian (2019-2022) bi aldiz onartu zituzten lege proposamenak, Rebelo de Sousak betoa jarri aurretik. Aurrenekoan, iazko urtarrilean, adostutakoaren arabera, eutanasia legezkoa izango zen adinez nagusientzako, baldin eta eskatzaileek buruko gaixotasunik ez bazuten, sufrikarioa «jasanezina» bazen, eta gaixotasuna «sendaezina eta hilgarria» bazen. Presidenteak, baina, Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen araua, gainbegiratu zezan, eta auzitegiak atzera bota zuen legea, argudiatuta kontzeptu «zehaztugabeak» zituela.

Ezezkoa ultrei

Atzera ganberara eraman zuten legea, eta berriro onartu zuten, zuzenketa batzuk eginda. Esaterako, artikulu bat gehitu zioten arauari, zehazteko, adibidez, zer den medikuak lagundutako suizidioa, gaixotasun larri sendaezina, muturreko larritasuneko behin betiko lesioa, eta, besteak beste, sufrikarioa. Baina presidenteak berriro jarri zion betoa, egoera posibleen artean «kontraesanak» zeudela argudiatuta.

Bestalde, Chega eskuin muturreko alderdiak despenalizazioa erreferendum bidez erabakitzeko egindako proposamenaren kontra bozkatu zuen Asanbleak atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.