garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Oporretan hemen

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Urteko gaurik motzenetan gara, eta jendeak, kalapitez ase, ihes egiten die eguneroko matrakei. Ez du elektriken irabazietan pentsatu nahi, jada ez du grina txarretarako barrenik, eta Ukrainako gerra, agintarien azalkeria, afrikar zorigaiztokoen etorkizuna, klima aldaketa, energia krisia edota mundua infernu bilakatzen ari dela dioten gainerako ebidentziak ez ditu ahotan behar.

Jendeak nahi lituzke horiek denak albistegietatik desagerrarazi, pentsamenduetatik atera, betiko ahantzi edo behingoagatik atzean utzi bederen, COVID birusarekin eta itxialdiekin egin bezala, baina batez ere festak ospatu, uda beteko oporren erritmora egokitu, ardura astunak, minak eta kezkak utikan bidali, eguteran jarri, larrua zentzu guztietan goxatu, belztu, arnasa hartu, turista bilakatu, norbera baino esplotatuago direnen planto eta greben ondorioz aireporturen batean blokeatuta bukatuko badu ere. Hainbeste eskatzea ote?

Eten terapeutikoetarako sasoirik sekula aurkitzen ez duen honek ere jendeak bezala egiten du amets, eta nahi luke ospa egin, bereak ez diren bazterretara joan, baina ez du halakorik egingo, neurri handienean ezin duelako eta txikiago batean nagiagatik, eta horrenbestez Txingudi badian jarraituko du, erran nahi baita, ez han eta ez hor, baina beti egoskor eta ezinean gogor, Bidasoak sinbolizatzen duen zauri zorneari begira.

Hemen aldiriotan ez dago urte osoan aurkitzen ez denik. Baina, hemen, zaharrak berri izanagatik ere, beti dira txundigarri, beti dira normaltasun anormalez gaindiko. Herenegun, 50 urtetik gorako frantses multzo batek inbaditu egin ninduen trenean, Hendaiatik Lasarte-Oriarako linean, Donostiarako asmoan nintzela. Abiapuntuan berean setiatu ninduten, Euskotren trena martxa hartzen ari zela, triki-traka triki-traka, azken muturretik tropelean dinbili-danbala etorri, eta bertan ez banengo bezala, nire inguru-minguruan jarri zirenean. Ez dakit zenbat izango ziren guztira, hamar bat bikote gutxi gorabehera, edo hamabi beharbada, denak batera hizketan eta bakar bat ere ez isilik, denak mihiluze eta gor, bagoia bere eginez. Flipatzen naute halako artaldeek. Zerk bultzatzen ote ditu berriketa kakofoniko horretara?

Donostiarainoko tregoa txiki bakarra Gaintxurizketa Lezoko geltokian eman ziguten haien kide ez ginen bidaiari apurroi. Nola eta zergatik ez dakigula, burrunba apaldu, berriketa antzu gehienak xuxurla bihurtu eta taldekide guztien artetik emakume ahots bat nagusitu zen, trena gelditu zenean. «Mon dieu, mon dieu», jo zuen lantua lehenik, despistatuenaren arreta ere bereganatzeko. Sudurra leihoan itsatsita eta geltokiaren izenari arranpalo begira, unibertsoan zulo beltz bat deskubritu berri zuela zirudien. «Horiek bai hitz bitxiak!», egin zuen intziri halako batean, «Oh la-la, baina benetan dira harrigarriak!», Gaintxurizketa Lezo zioen panela seinalatuz.

«Ça, c'est le basque-espagnol»egin zion arrapostu bere pareko gizonezko wikipedikoak, xuxurla guztiak berriro ere ozendu eta berriketa kakofonikoa nagusitu arteko bi segundoetan. Belarrondoko batek ere ez zidakeen emango izenondoko horrek emandako minik.

Matraila bere tokira itzuli eta nire pentsamenduetan baitaratu ahal izan nintzenerako, helmugara iritsiak ginen. «Oporretan kanpora zertarako?», galdegin nion erretorikoki neure buruari, geltokitik ateratzen ari nintzela. Non sentituko naiz arrotzago eta nire senetik urrunago, etxean berean baino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.