Inaki Galdos
ARKUPEAN

Arantza artean, arantza gabe

2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun

Euskal politikaren azken urteotako bilakaeraren erakusgarri aparta izan zen pasa den ostiralean Arantzazun bizi genuena. Ez dira aspaldikoak Irailaren 9a iristen zenean EAJ eta EAko agintarien (eta hauek txalotzera joaten zirenen) eta euskal presoen senide zein ezker abertzaleko kideen arteko tentsio giroak, Ertzaintzaren presentzia nabarmena tarteko. Ezta Gipuzkoako gotzainen sermoiak ere (bereziki Jose Maria Setien eta Juan Mari Uriarteri buruz ari gara), sekulako oihartzuna izaten zutenak beti, basilikako aldare barreneko kazetari, argazkilari, irrati teknikari eta telebista kamerari kopuru handia lekuko.

 

Aurten, ordea, agintari batzuk bai baina lehendakaririk ez; aldarrikapenik ere ez. Gotzaina ere falta, bide batez esana. Eta hau ordezkatu zuen bikarioaren predikua, Asturiasen, Bordelen edota Milanen batere aldatu gabe botatzeko modukoa. Nobedaderen bat izatekotan —hau ere denbora berrien seinale— PPko ordezkaritza zabala Arantzazun gora eta behera: «Murielek [Larrea] deitu digu» entzun genion beste zeregin batzuetan gusturago egongo zen horietako bati. Laburbilduz, egunaren argazki garbia —agian argazki falta esatea hobe— hurrengo eguneko egunkariek eman ziguten: aipamen bakar bat ere ez azaletan. Tokitan geratu dira garai bateko lerroburu polemiko eta irudi indartsuak!

Askoz gehiagorako ere ematen du ostiralean ikusiak, hari-mutur asko eskaintzen dituelako beti Oñatiko toki eder honek. Baina politikari dagokionez, Arantzazuko Amaren ereserki (niretzat) hunkigarriak dioena pixka bat moldatuz, arantza arteko egoera minkorretik arantza gabeko egoera lasaira egin dugu jauzia. Poztekoa beraz, zalantzarik gabe. Ez ordea ñabardurarik merezi ez duen parada, amestutako normaltasunak hain gustuko ez dugun lozorroa ekarri duelako berekin. Agian guztiok ez dugulako normaltasuntzat gauza bera ulertzen edota hamarkada gatazkatsuen ondoren jende askorentzat barealdia beharrezkoa ere badelako, onartzen dut nire inguruan bakarretakoa naizela egoerarekin kezka handia erakusten duena, lagun askoren asperrerako, baina onartu behar dut halaber Arantzazun bertan Bitoriano Gandiagak Idatzitako Hiru gizon bakarka poesia liburuan azaltzen den larridura dudala neuk ere bueltaka aspaldion nire baitan: «Pentsatzen hasteko garaia, erabakiak hartzeko garaia, ibiltzen hasteko garaia» zioen Mendatakoak Txakolinaren ospakuntza atalean.

Ez du honek guztiak esan nahi, ordea, ez direla gauza interesgarriak gertatzen ari euskal politikagintzan, hurrengo hilabeteetan arkupe honetan sarri hizpide izango ditugunak. Hegoaldean gainera hauteskundeak ditugu laster eta orduan argituko dira hainbat zalantza, etorkizunera begira garrantzi handia izan dezaketenak. Baina lehia horietatik kanpo dagoen herritar askok faltan botatzen du begirada luzeagoko akordiorik, gizartea aktibatzen lagunduko duen proposamenik.

Garaiz jabetu ziren Arantzazun zer nolako aldaketa zetorkien gainera urte gutxiren bueltan. Horregatik hasi ziren etorkizuna prestatzen, ateak ireki, laguntza eskatu eta euren esperientzia eta jakinduria mahai gainean jarrita. Itxaropena inoiz galdu gabe, duela hogei urte inguru Iñaki Beristainek idatzita utzi zuen bezala: «Arantzazun dena da gora / etorkizun berri baten asmora. / Kultura, otoitza, natura... / guztia berri berpiztu baten / indar berrizko kantu da».

Euskal Herrian etorkizun berria lantzeko orduan ere badauka zer erakutsi Arantzazuk, beste gauza askotan erakutsi digun bezala. Onar dezagun egun badagoela Euskal Herrian zehar martxan hainbat ekimen erakunde, alderdi, fundazio eta laborategiren eskutik. Ongi etorriak izan bitez guztiak, baina hausnartu beharko genuke zergatik ez diren iristen gizartera iritsi beharko liratekeen neurrian. Oraingoz nahiago horri ez erantzun, inor haserretu ez dakidan, baina sarri ahaztu egiten zaigu oinarrizkoena konpondu behar dugula ur handiagotan sartu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.