garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

'Mendian lar artean'

2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Mendi itzuliak erosoagoak izaten ziren lehen. Urrutiko gailurretara joanda nahiz etxetik hurre ibilita, bidean topatzen zen pertsona oro agurtzen zen, begietara so beti, ohitura zabalduak hala agintzen zuelako, eta itsuski ematen zuen inoren aldamenetik txintik atera gabe igarotzeak, hura, etsai zaharra ez ezik, denik eta babalastorik handiena izango bazen ere.

Gaur egun ezin jakin zer egokituko den enkontru bakoitzean, nondik norako haizeak emango ote dion aurrez aurre datorkizunari, inguruotako larre eta mendietan batik bat. Gerta liteke hark zuri aurpegira begiratu ere ez egitea, eta gurutzatzerakoan marmar zaputz bat eskaintzea, baina oinpean dituen harriei, ez zuri. Gerta liteke, zu ikusi, eta besteak, bakardade argigarri bila joan delako edo batek daki zergatik, bidezidorren batetik jotzea, elkarrekin topo egin behar ez izatearren. Gerta liteke, gerta litekeenez, iratze okre geldi bat bazina bezala hartzea hark zu, hain integratua udazkeneko paisaian, hain kamuflatua bidexkaren bazterrean, whatsappeko mikroari eman eta berriketan jarraituko duela tar-tar-tar, zuri agur-hitza ahoan utzita. Bada, bestalde, zure diosalaren aurrean harrituko denik, edota bere buruari galdetuko dionik «zer dela eta agurtu ote nau, nahastu egin ote da, zerbait saldu nahi ote zidan...».

Gerta liteke, jakina, irribarre zabal zintzo batez erantzutea, hainbeste huts eta gero, mesfidantzaz eskaini diozun agurrari. Eta gerta liteke oso gutxitan, baina gerta liteke, parez pare helduko zaizun horrek, ezagutuko ez bazaitu ere, «arratsalde on» esatea, zure belarrien gozamenerako. Bitxia baita zein automatikoki aldatzen duen erregistroa jendeak, zein erraz ahanzten dituen «kaixo», «iepa» edo bere egunerokoan arrunt esango lituzkeenak «bonjour»-en alde egiteko, Hendaia-Urruñako gainetan dabilenean. Zer diren estatu-mugak eta zer den norbere buruari ezarritako zentsura. Ohiturak aldatzeko ariketa soziala baldin bada Euskaraldia, badute zeri heldu inguru-minguruotako interesatuek.

Interesa aipatzen hasita, oso kontuan hartzekoa aspaldion bizpahirutan gertatutakoa: agurra bota bakarren bati —kasu guztietan emakumea, adinean gora doana eta bakarrik dabilena—, eta hark berriketa luze baterako aitzakia dela uste izatea. Eta nor ote naiz ni, nire kolkorako, inori azaleko berriketa ukatzeko...

Azkenak itzuliaren amaieran harrapatu ninduen, autoa uzten dudan tokitik hamar-hamabost metrora, bidegurutze baten aldamenean. Bere agurrari erantzun nion orduko heldu ninduen amuan, goranzkoa Urruñarako eta beheranzkoa Hendaiarako bideak ote ziren galdetuz, abiapuntu gisa, eta konfiantza handiagoa dagoenean esaten diren beste zenbait kontu aipatuz, jarraian. Nire frantses mailak ez dit ironia lehen kolpetik ulertzeko bitartekorik ematen, eta ohartu nintzenerako, dilema harrigarri baten aurrean nengoen. «Hau Frantzia da edo non demontre gaude?» bota zidan ziplo, bertako jaki biologikoen kooperatiba bat aipatzen ari zela.

Motz esanda, bizpahiru porru, dozena bat sagar eta beste gairen bat hartu omen zituen alabak delako kooperatiban, eta kaxara jo zuenean, euskotan ordaintzeko gonbita luzatu omen zioten. «Baina zer eusko eta zer eusko-ondo!», egin zuen espantu berehala, isilik eta mutu jarraitzen nuela aprobetxatuz, eta «noiztik aldatu behar dugu guk moneta gure herrian!? Joan daitezela etorri diren bidetik!».

Arraioa. Autoan arin baino arinago sartu eta etorri nintzen bidetik egin nuen ospa neuk ere, agur esan gabe, atzera begiratu gabe, artaburu ahoberoak mendira itzultzeko gogoa behin betiko zapuztuko zidan beldurrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.