AEBak NBEren Giza Eskubideen Kontseilutik atera ditu Trumpek

Washingtonek salatu du eskubideak urratzen diren herriak «babesten» dituztela eta eskubideak errespetatzen dituztenei «eraso» egiten diela
Nikki Haley AEBen NBErako enbaxadorea, artxiboko irudi batean.
Nikki Haley AEBen NBErako enbaxadorea, artxiboko irudi batean. EVAN SCHNEIDER / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko ekainak 21
Unescotik ateratzeko baliatu zuten argudio bera erabiliz, AEB Ameriketako Estatu Batuek NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseilua utzi dute. Hala jakinarazi zuen atzo Nikki Haley AEBen NBErako enbaxadoreak, baina erabakia ez zen albiste izan, hilabeteak baitziren Donald Trump AEBetako presidentea asmo horren berri ematen ari zela. Israeli erreferentzia eginez, Haleyk argudiatu zuen kontseiluak eskubideak urratzen dituzten herriak «babestu», eta eskubideak errespetatzen dituztenei «eraso» egiten diela, eta horregatik hartu dutela erabaki hori. Beraz, AEBak dira erakunde horretatik atera den lehen estatua.

Klima Aldaketaren Parisko Akordioa, lehenik, Irango akordio nuklearra, gero, eta oraingoan NBEren kontseilu hori utzi dute AEBek urte eta erdiko epean. «Aurten, aurreko urteetan bezala, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Israelen aurkako bost ebazpen onartu ditu, Ipar Korearen, Siriaren eta Iranen aurka onartuakoak baino gehiago», deitoratu zuen Haleyk. Horregatik, eskubideekiko «arbuioz» jokatzea egotzi zien AEBen enbaxadoreak kontseiluko kideei.

NBEren Giza Eskubideetarako goi mandatari Zeid Ra'ad al-Husseinek harridurarik gabe hartu zuen Trumpen azken erabakia, «etsigarria» dela aitortu arren. «Giza eskubideen egungo egoera kontuan izanik, AEBek aurrera egin beharko lituzkete urratsak, eta ez atzera». AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeoren iritziz, ordea, NBE bera da «gehiegikeriak» onartzen dituena, «erantzuleak errugabetuz». Bide horretatik ere, AEBen NBErako enbaxadoreak ohartarazi zuen «aldaketarako deiak» egin zituztela, baina «inork ez zuela entzun».

Egunotan zeresan handia ematen ari da Mexikoren eta AEBen arteko mugan migratzaileen familiak banantzeko Trumpen politikak, eta, hain justu, Al-Husseinek neurri hori kritikatu eta hurrengo egunean eman zuen Haleyk Trumpen erabakiaren berri; goi mandatariaren iritziz, «onartezina» da bereizketa hori egitea, baina AEBen enbaxadoreak ohartarazia zuen Washingtonek ez zuela inoren leziorik onartuko mugak «babesteko» zereginean.

Netanyahu, pozik

Espero bezala, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk pozez hartu du Trumpen erabakia: «Israelek eskerrak ematen dizkie Trumpi, Pompeori eta Haleyri hartutako erabaki horrengatik; kontseiluaren hipokresiaren eta gezurren aurkako erabakia da».

NBEk 2006an sortu zuen kontseilua, eta izendaturiko 47 herrialdek osatzen dute. Urtean hiru aldiz batzartzen dira, eta NBEko estatuetako giza eskubideen egoera aztertzen dute. AEBak atera ostean, Israelek kontseiluko bere aliatu nagusiena galdu du, eta ikusteko dago luzera begira estrategia lagungarria izango den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna