Astebete igarota, gutxienez 631 lagun desagertu dira Kaliforniako suteetan

Bikoiztu egin da kopurua herenegun goizetik, ikerketek aurrera egin duten heinean. Estatuko suterik latzenean gutxienez 63 lagun hil dira

Karmele Uribesalgo Alzola -

2018ko azaroak 17
Astebete pasatxo igaro da Kalifornia estatuan (AEB) suteak piztu zirenetik. Iparraldeko zein hegoaldeko suak itzali gabe daude oraindik. Gutxienez 631 pertsona desagertu dira suteen ondorioz. Hildakoen kopuruak ere gora egin du azken egunetan; gutxienez 66 pertsona hil dira. 12.000 eraikin ere suntsitu ditu. Kalifornian inoiz sute batek utzi dituen datu altuenak dira.

Atzoko datuen arabera, desagertu kopurua 300dik 631ra igo da. Desagertutako gehienak Paradise herrikoak dira. 26.000 biztanle ditu, eta bete-betean harrapatu zuen suak. 60 urtetik gorakoak dira asko. Lanean dabiltzan funtzionarioek adierazi dutenez, «erabat berreraiki» behar da eremu hori.

Hainbat su daude piztuta, eta ondoriorik larrienak Kalifornia iparraldeko Butte konderrikoak eragin ditu. Camp Fire izena jarri diote suari, eta gutxienez 63 lagun hil ditu. Horietako zazpi gorpu atzo aurkitu zituzten. Kory Honea Butteko sheriff-ak azaldu du tentu handiz ari direla ikertzen, eta horregatik igo dela bat-batean desagertuen kopurua. «Datuek gorabeherak izan ditzakete, azken egunotan dugun kaosa ezohikoa baita», adierazi du Honeak. Estatuaren hegoaldean hil dira beste hiru pertsonak, Ventura konderrian, Los Angelestik gertu. Agintariek ez dute jakinarazi desagerpenik eremu horretan. Funtzionarioek esan dute operazioa luzea izango dela, eta aste ugari igaro beharko dituztela lanean.

9.400 suhiltzaile inguru ari dira lanean. Atzo, kontrolatua zuten garren %40. Azken egunak zailak izan dira sua itzaltzeko, baldintza meteorologikoek ez baitiete lagundu. Hala ere, eremu handia dago erreta: 56.600 hektarea, hain zuzen ere.

Ez dago argi zein izan den suteen arrazoia. Hainbat herritarrek salaketa jarri dute elektrizitate enpresa baten kontra. Horien ustez, tentsio handiko transmisio linea baten akatsaren ondorioz sortu ziren garrak. Enpresak berak jakinarazi du «arazo» hori izan zutela sua hasi baino minutu batzuk lehenago.

Kalifornian nahiko ohikoak dira suteak; udatik udazken hasierara arte, kontrolik gabeko suteen garaia izaten da. Hala ere, adituek abisatu dute jada urte osoan dagoela horrelako ezbeharrak izateko arriskua. Hezetasun txikia, haize beroa eta lur lehorra dute Kalifornian, eta, horren ondorioz, asko hedatzen dira garrak.

Trump, kaltetuekin

Donald Trump AEBetako presidentea gaur joango da Kaliforniara, kaltetuekin batzeko. Joan den asteburuan, Trumpek salatu zuen agintarien «gestio txarra» zela sutearen arrazoia. Hori dela eta, laguntza federalak bertan behera uzteko mehatxua egin zuen. Hala ere, «larrialdi egoera» aitortu zuen Trumpek, eta laguntza eskaini zion Kalifornia estatuari. Dena den, adierazi zuen ez zuela berriz halakorik egingo.

«Larritasun bereziko ezbehar» izendatu ditu suteak. Diru laguntzak eta tratamendu psikologikoa eskainiko ditu administrazioak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna