Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Fikzioa

2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Istanbuleko aireportuko balixa-kontroleko eskaner-irudietan jasota geratu zen Salah al Tubaigy forentsea Turkiara sartu zeneko unea. Saudi Arabiako armadarentzat lan egiten du medikuak, eta propio joan zen Turkiara goiz hartan, mandatu laburra egitera. Erraz asma dezakegu nola izan zen haren bidaia. Riadetik abiatu zenean, jendez lepo egongo zen hegazkineratzeko gunea, eta zalapartaren erdian, arkuaren azpitik pasatzeko zapatak eransteko esango zioten. Goiz hartan bidaiatzeko gertu zeunden milioika herritarretatik bat gehiago zen forentsea. Irribarre egingo zuen kontroletik igarotzean, ongi baitzekien inolako arazorik gabe pasatuko zirela hegazkinaren bodegan zihoazen bere maletak: hantxe zeuden xiringak eta eskalpeloak. Eskanerra zelatatu zuten langileak harritu egingo ziren; edo batere ez. Kafea emango zioten bidaian? Ez dakigu. Istanbulera iritsi, eta taxi bat hartuko zuen zuzenean Saudi Arabiako Turkiako kontsulatura joateko. Agurtuko zituen sarrerako poliziak, eta bere zain zeudela esango zien, sotoraeramateko zuzenean. Enkargua argia zen, bizkor egitekoa: Jamal Khashoggiren gorpua mahai baten gainean topatuko zuen eta xiringak erabiliz, odolez hustuko zuen azken tanta zukutzeraino. Gero, eskalpeloak eta antzekoak erabiliko zituen gorpua txikitzeko. Handik aurrera beste batzuek hartuko zuten haragi-fardoen kargu eta litekeena da arratsalde horretan bertan etxera itzuli izana forentsea. Seme-alabentzat kutixi batzuk hartuko zituen Istanbuleko aireportuko dutyfreen.

Turkiako Hürriyet egunkariak gertatuaren kontakizuna egin du, eta zertxobait aldatu du bertsioa, esanez forentseak ez zuela kazetaria odolustu, eta horren ordez, odola koagulatzeko substantziaren bat erabili zuela, garbiagoa baita hori, higienikoagoa; eta gorpua zatitan egiteko praktikoagoa, bide nabar batez esanda.

Ez dira bi hilabete ere pasatu hori guztia gertatu zenetik, baina kontakizunaren berri jaso dudanean, aspaldiko kontua iruditu zait, eta kosta izan zait ulertzea hori guztia gordinkeria erabatekoaz gertatuko zela enbaxadako sotoan. Ez dela fikzioa eraikitzeko gidoilari batek asmatu duen hitzen segida hutsa, hala iruditu arren. Norbaitek telefonoa joko zuela munduko beste puntan zegoen forentse militar bati pertsona bat txikitu egin behar zuela agintzeko. Eta forentseak gau horretan bertan erabaki egingo zuela zer zen hobe, odola ateraraztea edo koagulatzea, eta zein neurriko eskalpeloak behar izango ziren garaiera horretako gizaki bat garraiatzeko moduko puskatan egiteko.

Nobela bat irakurtzen ari nintzela pentsatu dut, edo filma bateko eszena bat zela, pantailari begira egon ohi garen aldarte berberaz jaso baitut: interesa oso dosi txikitan eskainiz gertatzen denari, kasurik onenean, tentsioa lehertu arteko tarte labur baten, zeinaren ondoren, beste zerbaitera jauzi egiteko prest egongo naizen.

Hasierako eskandaluak zeresan handia eman zuen, baina gau bateko su-festa izan zen. Gero, oharkabean pasatu da gertakarien kontakizun xehea, hainbat hedabidek (gutxik) egin dutena. Eta erraz ulertzen da zergatik: ihesbideak behar ditugu, agerikoa eta ezkutukoa nahas-mahasean irentsi behar dugu, errealitate gordinak oka eginaraziko liguke-eta.

Apur bat aztoratu egiten nau ikusteak zein bizkor antzaldatzen den errealitatea fikzio, zein erraz jartzen garen begirale hutsaren eserlekuan, geure begien bistan jazotzen ari diren era guztietako basakeriei ia erreparatu egin gabe. Agian, hautua egiten asmatzean datza gakoa: errealitatea edo barne-bakea, biak batera, ezinezkoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.