Ekuadorko Gobernua salatu dute «gizateriaren aurkako krimenengatik»

Zenbait erakunde indigenak Ekuadorko hainbat agintari salatu dituzte 2019ko mobilizazioetako «gizateriaren kontrako krimenengatik»

Jaime Vargas eta Leonidas Iza buruzagi indigenak. JOSÉ JACOMÉ / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ekuadorko hainbat agintari salatu dituzte Conaie Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioak eta Inocencio Tucumbi Biktimen Elkarteak, 2019ko urrian gobernuaren aurkako protestetan «gizateriaren aurkako krimenak» egiteagatik. Mobilizazio horietan zortzi pertsona hil zituzten, eta 1.500 lagun baino gehiago zauritu. Guztira, 1.300 pertsona hartu zituzten atxilo, eta 108 lagunen desagerpena salatu zuen Conaiek.

«Amaierara arte joango gara. Jazarri egingo digute, atxilotu. Baina borrokaren bidetik jarraituko dugu; hau ezin da horrela gelditu. Ez ahaztu, ez barkatu. Erantzun egin behar dute, eta, gobernu honek eta erantzuleek kartzelara joan behar badute, doazela kartzelara», adierazi zuen Jaime Vargas Conaieko presidenteak, astelehenean, salaketa aurkezteko agerraldian. Hain zuzen ere, Lenin Moreno Ekuadorko presidentea, Maria Paula Romo Gobernuko ministroa, Pablo Celi fiskalitatearen kontrolaren arduraduna eta Patricio Carrillo Polizia Nazionalaren komandantea salatu dituzte Ekuadorko Fiskaltzan. Vargasek adierazi zuen erantzukizunak eskatzeko «argudio guztiak» dituztela, eta nazioarteko instantzietara joko dutela fiskaltzak egiten ez badu.

Segurtasun indarren «gehiegizko indar erakustaldia» ere salatu dute. Gehitu dute ustezko sabotaje, bahiketa eta «terrorismo» delituak leporatzen badizkiete ere manifestazioetan parte hartutako hainbat buruzagi indigenari, ikerketarik ez dela zabaldu hildako, zauritutako eta lesionatutako manifestariengatik.

Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak [IACHR] ere zenbait kasutan poliziaren erakustaldia «gehiegizkoa»izan zela salatu du. Batzordeak gehitu du Polizia bereziki «bortitza» izan zela manifestazioetara bertaratutako indigenekin.

Erresistentziaren hilabetea

Hamar egun eskas iraun zuten 2019an Ekuadorren izandako protestek, urriaren 2tik 13ra, baina zeresan handia eman zuten bertan zein nazioartean.

Mugimendu indigenaren gidaritzapean, Lenin Moreno presidentearen eta haren gobernuaren aurka altxatu ziren gizarteko hainbat sektore, Nazioarteko Diru Funtsarekin sinatutako akordio baten ondorioz murrizketak ezarri baitzituen gobernuak. Protestak estatuko hiri garrantzitsuenetara zabaldu ziren, eta gobernuaren egoitza Quitotik Guayaquilera aldatzea behartu zuten.Gobernuak eskolakitxi zituen, eta poliziak eta militarrak kalera atera.

«Ekuadorko Gobernua prest zegoen herria tirokatzeko, egunero-egunero ditugun arazoak konpondu beharrean», adierazi zuen Leonidas Isa Salazar Cotopaxiko (Ekuador) mugimendu indigenako lehendakariak.

Protestak gertatu eta urtebetera, Conaiek jakinarazi du mobilizazio nazionalera deituko duela, eta aurreko «urri errebeldea» baino indartsuago helduko dela. Urria, erresistentzia indigenaren eta gizarte borrokaren hilabetea lelopean, gogoan izan dituzte mobilizazioetako Poliziaren biktimak, baita Ekuadorko herri indigenek jasan dituzten «arpilatze eta basakeriazko 528 urteak» eta «espainiar inbasioarekiko erresistentzia» ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.