Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Gure bazterrak

2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Inoiz herrigintzan aritu den edonork daki zenbat lan, denbora eta energia behar den egitarau bati forma eman eta berau aurrera eramateko. Edo zenbat jenderen izerdia eta igurtzia behar den eztabaidak bideratu, adostasunak mamitu eta horiei kolektiboki erantzuteko. Herri mugimenduetan aritu garenok eta ibili gabiltzanok ondo asko dakigu kalean eta taldean antolatzen egin garela, ikasten dugula eta gure ametsei forma ematen diegula, inoren zain egon barik.

Duela zortzi hilabete arteko ohikotasunean herri mugimenduetako dinamikaren transmisioarekin kezkatuta bageunden,ezohikotasun aro honetan zailtasun eta oztopoak ugaritu egindira. Kalea eta elkarrekin ekitea herrigintzaren oinarriak badira, COVID-19ak eragindako sindemia sozial honek aritzeko orain arte izan ditugun espazioak eta dinamika sozialak kimatu dizkigu.

Gizarte zibil antolatuak ezaugarririk badu, ordea, aldaketa ororen aurrean egokitzeko duen prestutasuna da. Are gehiago,bakartze aro ero honetan modu komunitarioan alternatibak sortu eta sustatzea inoiz baino beharrezkoagoa denean. Ezjakintasuna eta ezegonkortasuna nagusi diren udazken honetan, azken egunean bertan behera gelditu daitezkeen hamaika ekitaldi antolatzeko saiakeran murgilduta gabiltza, gaur bai, bihar beharbada eta etzi ezezkoak kudeatzea egokituko zaigula jakin badakigun arren.

Tartean dira Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatu ohi dituen Emakume* Abertzaleon Topaketa Feministak. Abenduaren 12rako deituta daude Oreretan. Ez da ez lan makala bidelagun feministek ia hogei urteko ibilbidean egin dutena, aurtengoa topaketen zortzigarren aldia izango da eta.

Zortzi aldietan ez, baina topaketa horietako askoren antolakuntzan zeharka edo zuzenean parte hartzeko zortea izan dut. Bilgune Feministako kidea eta bidelaguna izateak horrelako aukera ederrak ematen ditu. Topaketen izenburuek eurek oroitzapen ederrak ekartzen dizkidate: Biluztuz Jantzi, Hamaika egiteko ari gara, Indar bat gara gu… Eta horiek antolatzen aritutako ehunka emakumeren aurpegiak etortzen zaizkit gogora, eta eurekin batera landutako gaiak: euskal gatazkaren konponbidean emakumeen parte hartzea, identitate eta subjektu feministak, burujabetza eta boteretze feminista… Atzera begira jarri eta elkarrekin zenbat ikasi dugun ikusi dezaket, baina are garrantzitsuagoa dena, zelan ikasi dugun, elkarrekin eta elkarreraginean egin baitugu.

Sorreratik sexu-genero, klase eta nazio zapalkuntzek eragindako errealitateak eta bizipenak mahaigaineratu ditu Bilgune Feministak. Zapalkuntza hirukoitzean sakonduz, baina batez ere praktikan arreta jarriz, azken urteotan, askotariko menderakuntzak elkar-eraginean aztertzen dihardugu. Izan ere, mugimendu feministan topatutako hainbat militante kideek mugiarazi gaituzte, hala nola arrazaren zapalkuntza, heteroarauaren derrigortasuna edo harreman dekolonialen ajeak bistara ekarriz.

Azken hari honetatik tiraka antolatu dira aurtengo topaketak, Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean izenburupean. Hilabete luzeetan zehar egindako prozesuari mugarri bat jarriko zaio horrela, topaketetan mahaigaineratuko diren eztabaidak lan, denbora eta energia askoren emaitza dira eta. Planteatzen diren galderak ez dira nolanahikoak: Nola dekolonizatzen da Europa? Zer-nolako berba erabili Europaren baitako herriek bizi izan duten asimilazio prozesuak izendatzeko? Nola eragiten dugu historikoki eta gaur egun beste herri batzuetako kolonizazioan? Zelako proposamenak garatu feminismotik euskara erdigunean kokatzeko? Burujabetzak feminismotik eta Euskal Herritik eraikitzeko, zelako ibilbide eta aliantza behar dugu?

Lanbro artetik eta gure bazterretatik egindako galderek eta hauei erantzuteko saiakerek aukera ematen digute zapalkuntza anitzek zeharkatzen duten errealitatean etengabe kokatu eta birkokatzeko. Errealitateak zer ezkutatzen duen ez digunean ikusten uzten, orduan hasten baikara ezkutukoa… gure barruan pizten diren bazter miresgarriak (eta ez hain miresgarriak) ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.