Elizegi: «Sasoia gazi-gozoa izan da; ez ditugu aurreikuspenak bete»

Athleticeko presidenteak adierazi du datorren denboraldian Europa izan behar dela helburua. Fitxaketen inguruan ez du argibiderik eman

Aitor Elizegi Athleticeko presidentea, atzo egindako agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak amaitu berri den denboraldiaren balorazio «gazi-gozoa» egin zuen atzo. Ez zuen porrot hitza erabili nahi izan, «gogorregia» delako: «Une politak bizi izan ditugu, sekula ahaztuko ez ditugunak [Espainiako Superkopa irabaztea]. Baina argi dago ez ditugula aurreikuspenak bete. Uste genuen lortuko genituela, baina ez dugu Europarako sailkatzea lortu. Helburu garrantzitsua zen erakundearentzat».

Lau denboraldi dira Athletic Europan jokatzeko sailkatu ez dela. «Horrek kezka eragiten digu. Gure egunerokoa zuzendu behar dugu, salto bat eman. Ez da nahikoa Sevillaren, Atletico Madrilen edo Real Madrilen kontra maila ona dugula erakustea. Jarraitutasun handiagoa izan behar dugu, helburuak lortzeko. Horretarako zumeak ditugu». Hala, berretsi zuen datorren denboraldian helburua Europarako sailkatzea izan behar dela. Taldearen inguruan, presidenteak nabarmendu zuen Marcelino Garciateknikariak bi jokalari nahi dituela postuko, baina ez zuen izenik aipatu, ezta Alex Petxarromanena ere, denboraldiko lehen fitxaketa izan daitekeena. Realak atzo jakinarazi zuen ez duela bigarren taldean segituko, eta, ezusterik ezean, zuri-gorri ariko da hurrengo denboraldian.

Taldea indartzeko ahoz aho dabiltzan beste izen batzuk Jon Moncayolarena eta Javi Martinezena dira. Horien inguruan hau adierazi zuen: «Athleticen filosofiarekin bat datozen jokalariak dira, baina ikusi beharko da kirol zuzendariak eta entrenatzaileak buruan duten proiektuarekin bat datozen edo ez. Haien egitekoa da talde lehiakor bat osatzea, klubak duen aurrekontua kontuan hartuta. Marcelinori ez diot fitxaketen inguruan ezer entzun. Pozik dago multzoarekin. Lehiakortasun eta ahalegin handiagoa baino ez du eskatzen egunerokoan». Azken egunetan zabaldu denaren arabera, baliteke Peru Nolaskoian, Unai Lopez, Iñigo Vicente, Iñigo Cordoba eta Kenan Kodro jokalariek taldea uztea. Gainera, berretsi zuen klubaren nahia dela Yuri Berchichek kontratua berritzea. 2022an amaitzen zaio.

Zaleen faltaren eragina

Elizegik onartu zuen asko antzeman dutela zaleen babesa, bai kirol ikuspegitik, bai ekonomikotik. Azken arlo horri erreparatuta, gogorarazi zuen 50 milioi euroko galera izan dutela koronabirusarengatik, eta zaleen itzuleran jarri zuen arreta: «Espainiako Futbol Liga Profesionalak esan digu aurrekontuak egiteko orduan zelaiaren edukieraren erdia betetzeko aukerarekin lan egiteko». Hizpide izaten ari da Athleticen estatutuen erreforma ere. Elizegik aurreratu zuen udan aurkeztuko dietela bazkideei horretarako proposamena jasotzen duen testua, eta, besteak beste, litekeena dela hori aztertzeko Ezohiko Batzarra deitzea. Gogorarazi zuen zaleen harmailaren proiektuari eusten diotela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.