Libanoko Gobernuaren osaketa azkartzeko eskatu die Hezbollahk bi aldeei

Talde xiitak «kontzesioak» egitera premiatu ditu lehen ministroa eta presidentea. Libanok bederatzi hilabete daramatza gobernurik gabe

Krisi politikoak eta ekonomikoak eragindako ziurgabetasuna salatzeko protesta bat, herenegun, Beiruten. NABIL MONZEUR / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Astetik astera gehiago ari da hondoratzen Libano urteetan izan duen krisi ekonomiko handienean, eta horri buelta eman diezaiokeenik ez da ageri. Jarduneko gobernu batek kudeatzen du herrialdea, iazko urritik, eta Saad Hariri lehen ministroaren eta Michel Aoun presidentearen ezin ulertuek luzatu egin dute behin-behineko egoera behar zuena.

Bitarteko egoera hori amaiarazteko exijitu zuen atzo Naim Qassem Hezbollah mugimendu xiitako bigarrenak. Haririri eta Aouni eskatu zien elkarri «kontzesioak» egiteko, gobernu bat lehenbailehen eratze aldera. Irtenbide bat lortzeko «malgutasuna» eta «sakrifizioak» beharrezkoak direla nabarmendu zuen, eta alde guztiei dei egin zien Haririk urrian gobernua eratzeko hasitako ahaleginak burura eramateko. Hezbollah hurbilago dago Aounengandik, eta akordio estrategiko bat ere egina du haren alderdiarekin. Hala ere, Qassemek azaldu zuen bere taldeak «presio egin» eta «akordio bat lortzera animatu» besterik ezin duela egin, «botere konstituzionalik» ez duelako. Edonola ere, «bi buruzagien arteko kontaktuak eta bilerak» ahalbidetzen eta sustatzen jarraituko dutela azpimarratu zuen, hori baita, haren esanetan, «irtenbide erreala» lortzeko modua.

Hasan Diab lehen ministro izandakoak dimisioa eman eta gero jarri zen lehen ministro Hariri —aurrez ere izan zen, baina protestek kargua uztera behartu zuten, 2019an—, eta herrialdea krisitik aterako zuen gobernu teknokrata bat eratuko zuela hitzeman zuen. Horretarako babesa eskaini zion Frantziako Gobernuak, baina ez debaldekoa. Trukean, sistema politikoa eraberritzea eta erreformak aplikatzea eskatzen du Parisek. Horiek onartzeko zailtasunak eta agintarien arteko tirabirek luzatu eta blokeatu egin dituzte elkarrizketak.

Azken egunetan, baina, berriz azaleratu da krisi politikoa, Nabih Berri parlamentuko presidentea negoziazioak desblokeatzen saiatu eta gero. Berrik Aouni egotzi zion gobernua osatzeko ahaleginetan esku hartu nahi izana, eta oroitarazi zion hori ez dela bere eginbeharra. «Lehen ministro bat izendatzeko erabakia ez du presidenteak hartzen, parlamentariek baizik», adierazi zuen. Gobernu osaketari buruzko proposamen bat egin zion Berrik Haririri, eta hori trabatzen ahalegindu izana leporatu zion presidenteari. Desadostasunen oinarrian arrazoi politikoak eta erlijiosoak korapilatzen dira. Izan ere, Libanon gehiengoa diren hiru komunitate erlijiosoei dagozkie aginte postu gorenak: musulman sunitei dagokie lehen ministroaren kargua; musulman xiitei, parlamentuko presidentetza; eta kristau maronitei, herrialdeko presidentetza.

Ia bi milioi kaltetu

Bitartean, krisi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari dira milaka eta milaka lagun. NBE Nazio Batuen Erakundeak iragan astelehenean emandako datuen arabera, 1,9 milioi lagun inguru laguntza beharrean dira herrialdean, krisiaren ondorioei aurre egiteko. Laguntza humanitarioa emateko programetara 247 milioi euro bideratzea beharrezko ikusten du erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.