Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Desilusioa

2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Inesen burasoek ikasketetan sinetsi zuten. Biek sakrifizio handiak egin zituzten alabak unibertsitatean klaseak segitu ahal izateko. Nahiz eta bai amak, bai aitak lan finko bat ukan, garaian hainbeste ere ez zuten irabazten. 1.200 euroko saria baino pixka bat gehiago hilabetero jasotzen zuten. Oporretara joaten ziren bi astez udan eta Eguberriko bakantzak familia guziarekin pasatzen zituzten. Burasoak ez ziren sekulan etxe baten jabe bilakatuko. Ordea, bizi osoan alokairu bat pagatuko zuten. Euskal Herri barnealdean bizi zirelarik pentsatu zuten erosteari. Baina nola amak nahiago zuen kostaldetik eta «hiritik» hurbildu zahartzean, alokatzeko hautua egin zuten mugitu zirelarik. Jabetzari uko egin eta haurren ikasketetan inbertsio gisako bat egin zuten.

Burasoek ez, baina Inesek eta bere anaia Julenek egingo zituzten ikasketak. Hasteko, mugarik ez zieten jarriko ikasteko bidea aukeratzen bazuten. Eskola ikuspegi askatzaile batetik ikusten zuten. Alde batetik, nerabeen garapenerako bidea izan zitekeen eremu publiko hori. Edozein arlotan loriatzeko eta lan egiteko parada eman zezakeena. Bestalde, haien klasetik libratzeko aukera eskaintzen zuen sistema horrek. Frantses estatuan existitzen den berdintasun politikari esker, hein batean, babes ekonomikoa jasotzen zuten ikasketen aukera egiten zituzten gazteek. Ikaragarrikoa ez bazen ere, aukeren panorama zabaltzen zuen.

Nerabeak handituta, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Inesek ikasketen gogoa zuen, eta apustua bururaino eramanen zuen, doktoregoraino. Aldiz, semea laster soldatapeko langile bilakatuko zen. Momentu berean burasoen bereizketaren ondorioz gauzak zaildu ziren. Bikote ohikoek bakoitzak bere etxebizitza bere soldatarekin pagatzeari buru egin beharko zioten. Apartamendu soziala galdetu zuten, bakoitzak bere aldetik, baina aitak soilik eskuratu zuen. Ondasun komunik ez zuten arren, zailtasunak horretan gelditu ziren, bi norbanakoak norbere arazoei erantzuten saiatuko ziren. Bederen, bereizketaren partekatze materialaren etapa ez zuten pairatuko.

Ondotik bi helduen aita-amak ohartuko ziren seme-alabek sekulan ez zutela haiek baino diru gehiago irabaziko. Ikasketen parioak ez zituela maila ekonomiko hobe batera ekarriko. Bizi maila apalago batean ere atzemanen zuten alaba handia. Hala ere, umeek egindakoaz harro ziren lagunen ondoan. Kapital ekonomikoarena kausitu ez bazuten ere, kapital kulturala edota soziala eskuratu ahal izan zuten Ines eta Julenen bitartez. Alderantziz, burasoen herentzia hori ez zuten batere berdin barneratzen heldu berriek. Lana lana zen momentutik prestigiorik ez zuela uste zuten biek. Pasioz egindako lanean ez zuten sinesten, ez eta ere honek askapena ekarriko ziela. Ez zen hortik pasatzen.

Igogailu sozialaren mitoa burasoen belaunaldian hazi eta hurrengo belaunaldian berean porroskatu zen. Hala ere, 2022ko maiatzean Frantziar estatuko estudio ekonomikoen eta estatistiken institutu nazionalak (INSEE) argitaratzen zuen soldaten goranzko mobilitatea bazela buraso eta seme-alaben artean. Baina mugimendu hori egiaztatzen eta emendatzen zen burasoak geroz eta aberatsagoak baziren. Momentu berean, beheranzko joera nagusiki ondorioztatzen zuten kasu horietan: emaztea bazinen, buraso bakar batekin handitu bazinen edota haurraren aita-amak langileak baziren.

Orain Inesek berak erraten du haur galduen belaunaldiaren parte dela. Hots, ez duela gehiago ezertan sinesten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.