Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Bihotz arrotza

2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Aurtengo Olinpiada filosofikoaren eztabaidagaia mahai gainean dugu jada: Mugak eta justizia globala. Eta, izenburu horren azpian, immigrazioaren inguruko kezka politiko nagusi bat ageri zaigu: xenofobia. Horri buruz hausnartu, idatzi eta solasaldian aritu beharko dute DBHko eta Batxilergoko ikasleek, urtero egiten den topagune filosofikoan. Gaiari buruz elkarrekin pentsatzeak ezinbestekoa ematen du, Europako gazteen artean arrazakeria gora egiten ari dela ikusita.

Baina zer esan daiteke xenofobiaren kontra, betiko lelo batzuetan erori gabe? Ezkerreko apaizen sermoirik bota gabe? Politikoki zuzenaren kosmetika ideologikoan edo buenismoaren, onberakeriaren erretolikan harrapatuta geratu gabe? Zer esan haiek eta gu sailkapena gehiegi ez sinplifikatzeko eta norberarengan xenofobiak eragindako benetako zauria presente mantentzeko?

Izan ere, arrazakeriaren kontrako diskurtsoen ohiko estrategia bat izaten da haiek (ustezko kanpotarrak) gure moduko gizakiak direla esatea. Politikoki, eskubideen berdintasuna gogora ekarri eta, etikoki, lagun hurkoarekiko errespetua edo maitasuna aldarrikatu. Mandamentu hark zioen moduan: «Maita ezazu bestea zeure burua bezainbeste». Posible ote da? Desiragarria al da? Kontuz! Mandamentu horren paradoxa aspaldi aztertu zuen Sigmund Freudek: ez dago hain argi gizakiok geure burua maite dugunik. Freud ez dator Aristotelesekin bat: gizakiok ez dugu bakarrik gure ongizatea bilatzen, gugan heriotza-pultsioa ere bizi da. Alkohol edo kokaina gaindosiak, jatea edo kirola egitea lehertu arte, mota guztietako sakrifizioak... gure eguneroko ekintza askok pultsio autosuntsitzaile horren berri ematen digute. Geure burua, parte batean behintzat, gorroto dugu, inkontzienteki bada ere. Beraz, hobe da, agian, besteak ez maitatzea zeure burua bezainbeste. Mandamentuarekiko distantzia apur bat hartzea komeni zaigu...

Badira, dena den, heriotza-pultsio hori, gorroto hori, autosuntsipenera bideratu beharrean kanpora zuzentzeko estrategiak. Proiekzio kontua da. Muturreko adibide antropologiko bat irakurri nuen horren harira: beren taldeko umeren bat hildakoan, ondoko tribu baten kontrako guda abiatzen zuen gizatalde batek. Norbaitek begizkoa egin ziela pentsatzen zuten. Sorginkeria baten biktimak izan zirela. Haserrea, egonezina edo ezin ulertua kanpoko etsai zehatz baten kontra zuzentzeko bidea. Eta, seguruenik, adibide pertsonal zein historiko askotan topa genezake joera hori.

Kontuak kontu, xenofobiaren aurka pentsatzean, gehien hunkitu nauen testigantza Jean-Luc Nancy filosofoarena izan da. Harrigarria egin zitzaidan, 1999an xenofobiaren kontrako jardunaldi batzuetan hitz egitera gonbidatu zutenean, berak hartutako bidea. Bihotza aspaldian ez zebilkion ondo, eta, jada, ezin zuen taupadaka jarraitu. Hori dela eta, transplante bat egin zioten: bihotz berriak bizirik jarraitzeko aukera eman zion. «Baina norena ote da bihotz hori?», galdetzen dio bere buruari Arrotza liburuan. Ijito batena? Beltz, judu edo homosexual batena? Transplantea egin ahal izateko, defentsak erabat murriztu behar izan zizkioten, gorputzak bihotz berria onar ziezaion. Defentsak jaitsi eta gorputz-nahasketa onartu: horra hor Nancyk ondorioztatutako bizitzaren aldeko bi baldintza.

Dena den, transplanterik jaso gabe ere, beti da apur bat arrotza daramagun bihotza. Egia esan, arrotzak zaizkigu gorputz barruko organoak, eta, eskerrak, askoz hobeto funtzionatzen dute horrela. Ez gara guztiz haien jabe; haiengan gehiegizko arreta jartzen dugunean, kontrolatu nahian, okerragoa izan ohi da. Arrotza, beraz, gure barruan dago, arrotzari esker bizi gara. Gu gara arrotzak; gure azala, arrotza zaigun bizitzaren estalkia da.

Beraz, arrotz zaigun horren kontra bideratu beharrean gorrotoa, alteritatearekin bizitzen ohitzea hobe. Bizitzaren taupadak ez dauka jaberik: horixe da xenofobiaren kontrako argudio existentziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.