Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Erresaka

2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Batzuetan neure buruari pistak uzten dizkiot, bizitza deitzen dugun anabasa honetan zeharo ez galtzeko edo. Entzundako esaldi gogoangarriren bat izan daiteke, adibidez, edo oharkabean etorri den pentsamendu-kimu bat, oraindik heldu gabea edo pobreki josia eskuarki, baina zer edo zer iradoki egiten duena, auskalo zergatik. Argi egiteko balio ote duten ez dakit, maiz txinparta izatera ez baitira heltzen, baina zeharo gal ez daitezen, idatzi egiten ditut paper-zatietan eta noizbait aurkitzeko moduan uzten ditut, ausaz sakabanatuta etxean zehar: sukaldeko tiraderatan, arropa zuriaren artean edo liburuetan lagatzen ditut.

Irène Némirovsky idazlearen esaldi eder bat topatu dut berriki, baina ez dut gogoratzen noizkoa den, ezta zer eragin zidan zehazki idaztea eta gordetzea erabaki nuen unean. Halaxe dio: «Ez zara erabat zoritxarrekoa izango noizbait itsasoaren usainaz edo kresalaz jabetzen bazara». Zoriona edo atsekabea norberaren baitan bilatu eta helduleku txikietan oratzeko deia da, maiz erabilgarri eta zuzena, jakina, baina aldi berean, arriskutsua: gutxi edo ia batere ez duenak asetasuna bilatzen du gauza txikietan, konformatzeko tentazioa izaten du, eta horrek etsi egitera eramaten du ia beti.

Oharra aurkitu dudanean, deseroso sentiarazi nau, zalantzati, nazioarteak giza-eskubideen aitorpena egin zuen egunaren jira-biran aurkitu dudalako, agian.

70 urte badira oinarrizko eskubideen aitorpen formalera iritsi ginenetik. Bigarren Mundu Gerrak eragin zuen kalapitaren ondoren, oinarrizko adostasuna bilatu zen, zeinaren gainean ordena berri eraikitzen hasi, ezaugarri komun minimoak ezarriz eta aurrerantzean elkar hartzeko bide duinean ibiltzen hasteko. Zabalagoa zatekeen hasierako proposamena, baina negoziatu eta adostasunean lerro komunen inguruan batera etortzearren, eskariak laburtuko ziren, etapuntu zehatz batzuetara lerratuko ziren eztabaidan parte hartu zuten estatu guztiak; edo ia guztiak, zehatzago esatearren.

Esaldi ederrak daude bertan jasota, eta oinarrizko balioak adreiluak bailiran kokatzen ditu bizikidetza unibertsalaren eraikuntza altxatzeko. Emozionatu egiten da bat, aitor dut, berdintasuna, aintzatespena, duintasuna, elkarren babesa edo duintasuna bezalako berbak irakurrita han, eta idatzi zutenek egiazki sinistu egiten zutela pentsatuta. Emozionatu egiten da bat, aitor dut, noizbait hori guztia betetzeko gai izango ginela uste izan zutenen anbizioa irudikatuta.

Itsasoari begiratzea bezalakoa izango zen une hori, giza-balioen handitasunaz jabetzea ekarriko zuen, eta ordura arteko markarik gorena ezarrita elkarri bostekoa eman eta argazki ofiziala egingo zuten munduko mandatariek. Garai hartako kronikek urrezko hizkietan idatzi zuten kontakizuna.

Denborak erakutsi digu ederregiak zirela hitzok egia izateko, edo nahiago bada, goranahiegiak izan ginela aitortza hori paper baten jaso izanagatik egingarri bihurtuko zela uste izateko. Adiskide legelari batek esan ohi duenez, Zuzenbidea ez zen asmatu eskubideen auzia behin eta betiko argitzeko, eskubidedunen auziak etengabe luzatzeko baizik.

Giza-eskubideen itsasoan ere, elkarren kontra borrokan ari dira etengabe indar kontrajarriak. Atzera eta aurrera egiten dugu, ohartu gabe maiz: olatuek kostaldean eztanda egin eta berehala sortzen da atzerako mugimendua, erresaka.

Nahiago nuke metafora soila izatea. Nahiago nuke immigrazioaren kontrako lege gero eta murritzagoak figura erretorikoa izatea, edo emakumeon eskubideak negoziagarri jarri dituzten eskuineko alderdien joera lerro oker soila dela uste izatea.

Denbora behar izan dugu, 70 urte, ulertzeko orduko promesa Némirovskyk bere hitz ederretan erakusten duen etsipenezko konstatazioraino baina ez zela iritsi aldarrikapen eder hura: itsasoa ezin geureganatuta, konforma gaitezen lantzean behin usnatzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.