«Ezohiko» gertaera klimatologikoak izan dira Siberian eta Mexikon

Artikoko herri batean, 38 graduko tenperatura neurtu dute. Mexikon, harea ekaitz batek %800 handitu du aireko partikulen kopurua

Martxoaren 19tik ekainaren 20ra bitartean izan diren ezohiko tenperaturak islatzen dituen mapa. NASA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Lurraren berotzeak muturreko gertakari klimatologikoak ugarituko dituela ohartarazi dute zientzialariek behin eta berriz azken hamarkadetan, eta, berotegi gasen isuriak markak hautsi ahala, agertzen ari diren ezohiko gertakari klimatologikoen arriskuak agerian gelditzen ari dira. Azken egunetan, ohiz kanpoko bi gertakari klimatologiko neurtu dituzte. Batetik, Errusiako Verkhoiansk herri artikoan 38 graduko tenperatura izan zen ekainaren 20an. Munduko tokirik hotzenetako bat izan ohi den inguru horretan inoiz erregistratu den tenperaturarik beroena izan zen. Bestetik, Mexikon, Saharan sortutako harea ekaitz batek Yucatan penintsula jo du. Urteroko fenomenoa izan ohi da, baina, oraingoan, askoz ere aire partikula gehiago garraiatu ditu Afrikako desertutik Amerikako kontinenteraino.

MME Munduko Meteorologia Elkarteak klima larrialdiarekin lotu du Verkhoiansk herri artikoko tenperatura marka. Elkarteko Klima kontalari berezi Randall Cervenyren esanetan, «ezohiko udaberri beroa» izan da Siberian, eta bero oldeak bat egin du «eskualdeko elurra gutxitzearekin eta berotze globalarekin».

Siberian muturreko tenperaturak izan ohi dira neguan eta udan. Garairik beroenetan 30 graduko tenperaturak gainditu ohi ditu, eta neguan zero azpitik 67 gradura iritsi daiteke.

Lurraren berotzea gehien eragiten ari den eskualdeetako bat da Artikoa, MMEren esanetan. Inguru horretako tenperaturen hazkundea munduko batezbestekoa halako bi, eta azken berrogei urteetan erdira murriztu da itsasoko izotzaren bolumena.

Iparraldean bakarrik ez, hegoaldean ere markak hautsi ditu beroak. MMEk gogorarazi duenez, joan den otsailaren 6an, 18,4 graduko tenperatura neurtu zuten Antartikako penintsularen iparraldean dagoen Esperanzan, Argentinaren basean.

Osasun arazoak

Sahara desertuan sortu zen harea ekaitz batek Ozeano Atlantikoa zeharkatu du berriki, eta Mexikora heldu zen herenegun, Yucatan penintsulara.

Adituek ohartarazi dutenez, ekaitzak kaskartu egin du airearen kalitatea. Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikerlari Luis Antonio Ladinok azaldu du Saharako hautsak Afrikaren mendebaldetik eramandako material biologiko eta kimikoak garraiatu dituela, eta horiek kaltegarriak izan daitezkeela osasunerako. Bereziki, aurretik arnas aparatuko gaixotasunen bat dutenentzako.

Saharan sortu eta Amerikara iristen diren harea ekaitzak urtero izan ohi dira, baina aurtengoa «ezohikoa» dela nabarmendu du Ladinok. 2017an ekaitzen hautseko gaiak neurtzen hasi zirenez geroztik, airean aurkitutako partikulak gehienez ere %300 handitu dira. Aurten, berriz, %800ekoa izan da igoera.

Gainera, ekaitzak bat egin du aurretik koronabirusak eragindako osasun krisiarekin. Ekaitzetik babesteko, COVID-19arengandik babesteko gomendatzen diren neurri berak hartzeko eskatu diete adituek herritarrei: etxean gelditzea, eta kalera irten behar izanez gero maskara jartzea.

Ekaitzak mineralak ere eraman ditu kontinente batetik bestera, eta mineral horiek lagungarri dira ozeanoaren eta lur sailen ongarritze naturalarentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.