Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Hitz neurtuak

2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hitzak neurtuz idazten dugu, jasoko duenak behin eta berriro irakurriko duelakoan, berba bakoitzak bere tokia irabazi egin behar duelako. Testuaren erritmoa zainduta, ahapaldi bakoitzak aurrekoarekin eta ondokoaren parean jarrita zer iradokiko duen ongi aztertuta. Bete-lanik gabeak dira, muinera jo behar dutelako. Urriko testuak halakoxeak dira gurean.

Atzo bete ziren hamar urte ETAren izenean berba egin zuten hiru kidek tankera horretako idatzi bat irakurri zutenetik; bide luze eta lazgarria ixteko hitz gutxiko testua izan zen. Bi egun lehenago, nazioarteko bakegile edo bitartekariek beste horrenbeste egina zuten Aieteko jauregiaren eskaileretan, puntuz puntu bake-bidea egiteko urratsak proposatuz, hitz neurtuetan. Aste honetan bertan EH Bildu koalizioak eta barne duen Sortu alderdiak Urriaren 18ko adierazpena izenaz bataiatu duten testua leku berean plazaratu dute, hura ere laburra eta mamitsua. Eta hitzez hitz neurtua.

Alde handia dago duela hamar urtetik hona. Gatazka luze honetan parte izan diren —izan garen— guztiok beste leku baten gaude, leku beretik mintzo garen arren. ETAren iragarpeneko arratsaldean, etxeko jantokiko mahaian eserita nengoen ni, auskalo zer idazten. Telefono-deiak eta mezuak iristen hasi ziren, eta ziztu bizian piztu nituen telebista eta irratia. Artean 9 urte zeuzkaten alabetako bat inguratu zitzaidan, ezohiko albiste-grinarekin harrituta, eta zer gertatzen ari zen galdetu zidan. Ez zuen, antza, ongi ulertzen notizia batekin horrenbeste hunkitu izana. «Bukatu da», esan nion, besterik esaten ez nuelako asmatu. «Zer da bukatu dena?» galdetu zidan, eta ez nuen erantzunik aurkitu. Arratsalde horretan ez ginen parkera jaitsi, zer ikusten ari ziren ongi ulertu gabe ere, telebistaren aurrean geratu baikinen hirurak.

Hamar urteren ondoren, gaur toki berean, baina beste leku baten gaude alabak, ni neu eta baita euskal gizarte osoa ere. Galdera berberaren aurrean, beste erantzun bat emango nukeela uste dut, ordukoak zantzuak baitziren, desioak edo susmoak, zehazki zer zetorren asmatzea ez baitzen erraza. Gainera, kosta egiten zen erabakitzea mesfidantzatik edo itxaropenetik erantzungo ote genion aukera berriari. Erantzun bat eman ordez, galdera-sorta berria plazaratu zitzaigun arratsalde horretan.

Hitz neurtuetako denbora agortzen ari dela irudi du. Beste leku baten gaude, leku berean jarraitzen dugun arren. Beste gizarte bat gara, lehengo berberak izanik. Dena aldatu da, salbu eta biolentzien mina sekula osatu ezingo dutenen zulo beltza, zulo amaigabea. Lehendik behar zuen, oso aspaldi, baina oraingoan argi geratu da ez dagoela aitzakiarik amildegi horretara hurbildu eta zuzen-zuzenean begiratzeko. Hamar urteren ondoren, aspaldiko zorrak kitatzeko unea iritsi dela ematen du, eta ikuskizun da oraindik nola, zein hitz eta ekintzekin, egiten jarraituko dugun. Hamar urte denbora luzeegia da hitzak aukeratzen ibiltzeko.

Ez da erraza hitz gutxirekin esan behar den guztia esaten asmatzea. Are gehiago: ezinezkoa dela esango nuke. Beti geratuko da zerbait esan gabe edo erdizka esanda; beti egongo da zerbait sobran. Esaten dena bezain garrantzitsua baita esan gabe gelditzen dena. Urriko testuak gisa horietakoak izan dira gurean aspaldiko partez.

Gurea hitz gutxiko Historia da, zenbait pasartetan, apokrifoa. Isilik gorde ditugu hainbeste, iraganekoak edota duela oso gutxikoak, elkarrenganako mesfidantzarengatik, agian, edota ez dugulako beti bereizi gertatutakoetatik zer pasatuko zen hizki larriz idazten den Historiara eta zer izango den, kasurik onenean, istorio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.